Hiriburuaren azken hondarrak

Irakeko armadak «hurrengo egunetan» espero du Mosulen Estatu Islamikoari «behin betiko» irabaztea. EIko ehunka kide daude 300 metro luze eta 500 zabal den eremu batean gotortuta

Al-Nuriko meskitaren hondakinak, joan den ostiralean, Irakeko armadak eremua berreskuratu ondoren. EIk han aldarrikatu zuen kalifa herria, 2014an. STR / EFE.
mikel rodriguez
2017ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Irakeko estatu nagusiko buruzagia, Othman al-Ghanmi, Mosulgo alde zaharrean izan zen atzo. Ghanmi eta armadako bertze buruzagiak karrika txikituen artetik sartu ziren ibilgailu blindatuek osatu zuten konboi batean, Defentsa Ministerioak argitaratutako irudietan. 2014ko ekainetik duela egun batzuk arte, EI Estatu Islamikoak aldarrikatutako kalifa herriaren bihotza izan da Irakeko militar gorenek atzo bisitatu zuten eremua. Abu Bakr al-Baghdadi EIko buruzagiak kalifa herriaren aldarrikapena egin zueneko meskita ere joan den astean berreskuratu zuen armadak; edo muturreko talde islamista sunitak utzitako hondarrak, bederen. Hala ere, EIk ez du amore eman, eta 300 metro luze eta 500 zabal den eremu batean borrokan segitzen du, Irakeko armadak argitaratutako mapa baten arabera. «Hurrengo egunetan gertatuko da behin betiko garaipena», iragarri zuen atzo Al-Ghanmik.

Militarren arabera, «ehunka batzuk» dira Tigris ibaiaren ertzeko eremu txiki batean borrokari eutsi diotenak. «Garaipena hurbil dago. 300 metrok bakarrik bereizten dituzte segurtasun indarrak Tigrisetik», adierazi zuen Yahya Rasul armadako bozeramaileak atzo telebista publikoan. Haider al-Abadi lehen ministroak joan den urriaren 16an adierazi zuen ofizialki Mosul berreskuratzeko erasoaldiaren hasiera. Reuters agentziaren arabera, Al-Abadik espero du aste honetan bisitatu ahal izatea hiria, borroka bukatutzat emateko. Ia bederatzi hilabete igaro dira, hortaz, erasoaldia hasi zenetik. Maiatzean, armadak adierazi zuen ramadana hasi baino lehen berreskuratuko zuela Mosul, baina musulmanen hilabete santua pasatu zen, eta borrokan jarraitu zuten.

Irakeko bigarren hiria da Mosul, eta, urrian erasoaldia hasi zutenean, kalkulatu zuten artean ere 1,5 milioi biztanle inguru zeudela han. UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren arabera, horietako 820.000k alde egin dute hilabete hauetan; joan den ortzegunetik larunbatera, 2.400 inguruk. UNHCRk dioenez, egun horietan armadak mendebaldeko hainbat eremu jarraian askatu zituen, eta «korridoreak» sortu zituen zibilak ateratzeko—EIren menpeko azken auzoak izan dira mendebaldekoak—.

Astebetean 204 zibil hilik

Hilabete hauetako borroketan zenbat zibil hil diren ez dago argi, baina milaka dira, hainbat iturrik adierazi dutenez. AEBek EIren aurka zuzentzen duten koalizioaren aire erasoen, EIren zigor erasoen eta lurreko borrokaldien biktima izan dira. Osasun Ministerioaren arabera, joan den astean bakarrik 204 hil ziren alde zaharreko borroketan harrapatuta.

EIk inoiz menpean izandako hiririk handiena izan da Mosul, alde handiz. Iragan ortzegunean, armadak Al-Nuri meskitaren gunea berreskuratu ondoren, Al-Abadik bukatutzat eman zuen kalifa herria. Baina EIren aurkako gerrak jarraituko du Iraken, eremu gehiagori eusten baitie.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.