Erasoak Katalunian

Atentatuen ikerketa «intoxikatu» nahi izatea salatu du Generalitateak

Kataluniako Gobernuak ukatu egin du Belgikako Poliziak Mossos d'Esquadra imanaz ohartarazi zuela: «Komunikazioa informala izan zen». «FBI europar bat» sortzea proposatu du Bruselak

Mossos d'Esquadrako bi agente furgoneta bat miatzen, joan den astelehenean, Ripollen. ROBIN TOWNSEND / EFE.
Igor Susaeta.
2017ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun

Espainiako eta Kataluniako segurtasun indarren arteko lankidetza «bikaina» izan da, lehengo astean Katalunian gertatutako erasoen ondotik. Hori dio Iñigo Mendez de Vigo Espainiako Gobernuko bozeramaileak. Guardia Zibilaren eta Espainiako Poliziaren sindikatu nagusiek, AUGCk eta SUPek, ez dute iritzi bera, eta Mossos d'Esquadrak «baztertuta» sentitzen dira. Madrilgo gobernuak, jendaurrean, behintzat, ez du gisa horretako ezer esan, baina Madrilgo zenbait egunkarik auzitan jarri dute mossoen lana. Bik, esaterako, beren azaletara eraman zuten atzo Belgikako Polizia iazko martxoan mossoei zuzendu zitzaiela Abdelbaki Es Satty Ripolleko imamaz, erasoen ustezko antolatzaileaz, ohartarazteko. Kataluniako Gobernuak ukatu egin du ohartarazi zituztela, nahiz eta esan «komunikazio informala» egon zela bi poliziaren artean. Antonio Tajani Europako Parlamentuko presidenteak, bestalde, «FBI europar» bat sortzea proposatu du Bruselatik.

«Olatu mediatiko batek» ikerketa «intoxikatu» nahi duela adierazi zion Jordi Turull Generalitateko bozeramaileak atzo Catalunya Radiori. «[Erasoen] Ondorengo mossoen jardun distiratsua gutxiesteko ahaleginean ari dira, erabat gezurrezkoak diren gauzak iradokiz. Halakoak dauzka inbidiak». Turulli «miserablea»iruditzen zaio «zenbait sektorek» nola nahasi nahi dituzten lehengo asteko erasoak eta prozesu subiranista. Horren harira, eta Bartzelonako eta Cambrilseko atentatuen ondorengo kudeaketa aintzat hartuta, nazioarteko hainbat hedabidek nabarmendu dute Kataluniak estatu batek bezalatsu jokatu duela.

Baina Espainiako zenbait komunikabidek mossoen irudia «zikindu» nahi dutela adierazi zuen atzo Joaquin Fornek, Cambrilsen emandako prentsaurreko batean. Kataluniako Gobernuko Barne kontseilaria «arduratuta» dago, Espainiako zenbait hedabide Kataluniako Poliziaren egitekoa «desakreditatzeko» asmotan dabiltzalako.

Horiek Belgikako Poliziaren eta mossoen arteko harremanean jarri dute fokua. Belgikan, Vilvoorde herrian, bizi izan zen imama 2016 hasieran —Alcanarreko leherketan hil zen, erasoak baino egun bat lehenago, eta 2010 eta 2014 artean Castelloko kartzelan egon zen droga trafikoagatik—. Hans Bonte Vilvoordeko alkatea elkarrizketatu zuen herenegun Belgikako egunkari batean, eta jakinarazi imamak «errezeloak piztu» zituela herrian.

Espainiako polizia iturriak aipatuta, Madrilgo zenbait komunikabidek kaleratu zuten atzo Vilvoordeko polizia batek mossoen buruzagi bati mezu elektroniko bat bidali ziola Es Sattyz ohartaraziz. Efe berri agentziaren arabera, ondokoa adierazi zion Belgikako poliziak mossoari: «Zenbat eta informazio gehiago eman gizaseme horri buruz, orduan eta hobeto!». Espainiako polizia iturriek kontatu diete zenbait hedabideri mossoak erantzun ziola ez zutela haren berririk; bai, ordea, Mustaffa Es Sattyrena, imamaren ahaide batena. 2015ean Al Qaedarekin lotura zuelakoan atxilotu zuen Espainiako Poliziak. Audientzia Nazionalak aske utzi zuen geroxeago.

SUP datuak ezkutatzen

Horren harira, SUP Polizia Nazionalaren sindikatu nagusiko bozeramaileak ondokoa adierazi zuen herenegun, bezperan esandakoa ezeztatuz: «Eskatu izan baziguten, mossoei imamaren fitxa bidaliko genien, soilik botoi bat sakatuz». Hau da, hari buruzko informazio bazutela baina ez zietela mossoei eman.

Belgikako poliziarekin izandako hartu-emanari dagokionez, mossoen jarrera defendatu zuen Generalitateko Barne kontseilariak: «Komunikazioa formala izan balitz, komunikatzeko bidea ezin izango zen zuzena izan». Eta eskumenak aipatu zituen: «Izan ere, guk ezin dugu harreman zuzenik eduki [Espainia] kanpoko Poliziekin; ministerioaren bidez egin beharko zen».

Eskatu zuen mossoek Europolen (Europako Polizia) presentzia zuzena edukitzea, «tresna gehiago edukitzeko». Europolek jakinarazi du jada mossoen parte hartzea «Espainia barruan» konpondu beharreko kontua dela. Fernando Andreu Auzitegi Nazionaleko epailea ari da atentatuen ikerketa zuzentzen, eta horren bigarren fasea CITCO Krimen Antolatua Borrokatzeko Inteligentzia Zentroaren esku uztea erabaki du —Guardia Zibila, Mossos d'Esquadra eta Espainiako Polizia, besteak bestea, horretako kide dira—. Andreuk, hain zuzen, aske utzi du erasoengatik atxilotuta jarraitzen zuena: Salah el-Karib.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.