Albistea entzun

Euskal Sagardoa jatorri izena sortu dute, eta Gorenak publiko bihurtu

Sektoreak eta instituzioek elkarlana hasi dute, hamabost urte barru sagardo guztia oso-osorik bertakoa izateko asmoarekin. Guztira, 1,3 milioi litro bideratu dituzte jatorri izen berrira: ekoizpen osoaren %12
Eusko Jaurlaritzako, foru aldundietako eta sagardoaren sektoreko ordezkariak, atzo, Donostian.
Eusko Jaurlaritzako, foru aldundietako eta sagardoaren sektoreko ordezkariak, atzo, Donostian. JON URBE / ARGAZKI PRESS

Jon Fernandez -

2017ko urtarrilak 10 - Donostia

Epe luzerako helburua argi daukate Araba, Bizkai eta Gipuzkoako sagardogileek eta instituzioek: 2032rako ziurtagiria daukaten sagardo botila guztiak oso-osorik euskal sagarrarekin eginak izatea. Norabide hori jorratzen hasteko, erabaki dute Euskal Sagardoa jatorri izena sortzea —%100 bertako sagarrekin—, eta Gorenak marka publiko eta ofizial bihurtzea —han-hemengo sagarrekin—; lehen aukera indartu nahi dute epe luzera. Hartara, adiskidetu egin dira urteetan zatituta egon diren sagardogileen bi joerak.

Eusko Label sagardoaren bideari lekukoa hartuko dio sor-marka berriak, eta bi ezaugarri nagusi izango ditu: osorik bertako sagarrez egina izango da, eta kalitate bermea izango du. Lehen botila zigiludunak udaberrian merkaturatuko dira, baina txotx sasoian dagoeneko zigiluaren marka izango dute jatorri izenera bideratutako sagardo upelek ere. Sagar gorri bat da logo berria, eta kirikoketa ere irudikatuta dago; hala, gogorarazi dute txalapartaren jatorria sagarra jotzean dagoela.

Guztira, Euskal Sagardora bideratutako 1,3 milioi litro egin dira, hiru lurraldeetako produkzioaren %12 inguru. 400 hektarea sagasti daude izena emanda, eta 35 sagardotegik egin dute bat zigilu berriarekin: Eusko Label sagardoak zituenak baino 11 kide gehiago dira; sagardogile berri gehienak Gorenak markan ere ekoizten dutenak dira. Kontseilu Arautzaileak kudeatuko du marka, eta hor sagargile eta sagardogileen sektoreak eta administrazioek izango dute ordezkaritza. 115 sagar mota onartu ditu izendapenak.

Bestalde, Gorenak marka pribatua publiko bihurtuko da; lehen, hamahiru sagardogilek erabiltzen zuten, eta, orain, baldintzak betetzen dituen edonork erabili ahal izango du. Orain arte bezala, markaren pean han-hemengo sagarrak erabiliz egingo dituzte sagardoak. Bi marken kalitatea bermatzeko, Hazi fundazioak ziurtatuko du prozesua, eta botila sorta guzti-guztiek pasatu beharko dituzte kalitate kontrolak, Fraisoro laborategian.

Bi arlotan izandako elkarlanaren garrantzia nabarmendu zuten jatorri izenaren atzoko aurkezpenean: batetik, sektoreko sagar eta sagardogileen artean; eta, bestetik, sektorearen eta instituzioen artean. «Ez dut esango arraroa denik elkarlana, baina oraingoan mugarri bat izan da», azpimarratu zuen Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuordeak.

Sagarrondo falta

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundietako ordezkariak ere izan ziren ekitaldian. Hirurek agertu zuten sektorea laguntzeko konpromisoa. Lucia Isla Bizkaiko Diputazioko Nekazaritza zuzendariak azaldu zuen helburua euskal sagardoa nazioarteko merkatuan kokatzea dela, «txakolinarekin gertatu den bezala». Era berean, adierazi zuen xedea dela bertoko produkzioa sustatzea eta, pixkanaka-pixkanaka, sagarraren prezioa igotzea lortzea, negozioa bideragarri izan dadin nekazarientzat.

Unai Agirre Euskal Sagardoa jatorri izenaren arduradunaren esanetan, datozen hamabost urteetan 250-300 hektarea handitu beharko litzateke sagasti kopurua, sagardo ziurtatu guztiak osorik bertako sagarrarekin egin ahal izateko. Asmo egingarria dela uste du Agirrek.

Erronka nagusia Gipuzkoan dago: Euskal Herriko sagardo produkzioaren %94 egiten da han. 1.100 hektarea sagasti ditu, baina gutxiegi dira; beste 310 beharko lituzke buruaskia izateko. Gipuzkoak 7,5 milioi kiloko hutsunea du sagardotarako sagarretan. Diputazioak eta sagardogile elkarteek iaz adostu zuten sagastiak handitzeko plana.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Nafarroako UGTren 12. kongresua, 2021ean. ©Jesus Diges / EFE

UGTk irabazi ditu Nafarroako 2022ko hauteskunde sindikalak, ia %25eko ordezkaritza lortuta

Iñaut Matauko Rada

CCOO eta UGT dira hurrenak, %24 eta %23ko ordezka eskuratuta, hurrenez hurren. LAB %17tik gora geratu da.

Mondragon korporazioaren egoitza nagusia, Arrasaten. ©Mondragon Taldea

Mondragonen industria arloa %15 handitu zen iaz, Ulma eta Orona kontuan hartu gabe

Imanol Magro Eizmendi

Taldearen industria arloak 4.800 milioi euroko fakturazioa izan zuen, ekipamenduei eta makina-erremintari esker batez ere. «Egoera onean gaude», laburbildu du Uzinek.

LABen elkarretaratzea Donostian, lan ikuskaritzak salatutako tabernaren aurrean ©Gotzon Aranburu (Foku)

Ostalaritzako «lan esplotazioa» salatu du LABek

Berria

Sindikatuak elkarretaratze bat egingo du Donostian atxilotutako enpresaburuen jatetxe baten aurrean.

 ©Joxean Apeztegia

Nafarroako ekonomia %4,3 hazi zen 2022. urtean

Iker Aranburu

Kontsumoak bultzatuta, barne produktu gordinak gora egin du berriro urteko azken hiruhilekoan, %0,8 hain zuzen ere. Elma Saiz Ekonomia kontseilariak baztertu egin du atzeraldia, baina 2023 hasiera motela espero du.

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...