Fronte berria indartzeko ahala

Dupont-Aignan eskuindarra Le Penen alde jarri ostean, «abertzaleei» dei egin die indarrak batu ditzaten, igandeko bozei begira. Europaz mintzatu dira Macron eta Le Pen azken mitin handietan

Nicolas Dupont-Aignan Marine Le Penen ondoan, atzo, Parisen, azken mitin handian. ETIENNE LAURENT / EFE.
Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2017ko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Parisko kaleetan atzo Marine Le Penen kontra oihukatzen ari ziren leloetatik urrun, hiri berean baina beste mundu batean zegoen Fronte Nazionaleko burua, igandeko presidentetzarako bigarren itzuliko kanpainaren azken txanpan sartuta. Pozik, bere kontrako fronteak behingoagatik ez duelako bat egin, eta bere aldera indarrak erakartzen ari delako, Emmanuel Macron arerioarekin duen aldea murriztuz. Azken mitin handiak eman zituzten Macronek eta Le Penek, eta, beste behin, eskuin muturraren mamua eta frexit-arena haizatu zituen faboritoak, eta bigarrenak, itsu-itsuan Berlinen eta Bruselaren esanetara diharduen bankarioligarka eta kastarena.

Bidelagun berriarekin azaldu zen atzo Le Pen, Nicolas Dupont-Aignan DLF Frantzia Altxatuta alderdiko buruarekin, Fronte Nazionala alboratzeko frontea hautsi duen eskuindarrarekin, orain arte Le Penen aurka egitea izan baitute gainerakoek premisatzat. Dupont-Aignanen arabera, «Le Penek nazioen arteko lankidetza bultzatuko du Europan, aldiz Emmanuel Macronek Europako Batasunaren espetxean mantendu nahi du Frantzia».

Le Penek Dupont-Aignanen babesa lortuta, François Fillon lehen itzulian babestu zuten boto emaileak erakarri nahi izan ditu, baina baita Jean-Luc Melenchon ezkertiarraren alde jarritakoak ere: «Abertzaleei eskatu nahi diet, nazioan sinesten dutenei, guregana etor daitezela. Eskuina eta ezkerra, azken batean, ez dira existitzen. Benetako haustura Emmanuel Macronen munduzaleen eta abertzaleon artean dago». Fillonek Macronen aldeko botoa eskatu du, ez ordea Melenchonek, nahiz eta argi utzi duen ez diola botoa Le Peni emango. Bi buruzagiak honela deskribatu ditu: «Le Pen eskuin muturraren ordezkaria da, eta Macron muturreko finantzarena».

Ikusi beharko da Dupont-Aignanekin egindako aliantzak zerematen duen. Joan den larunbatean iragarri zuen Le Penek lehen ministro izendatuko duela hauteskundeak irabazten baditu —1,7 milioi boto eskuratu zituen eskuindarrak lehen itzulian—. Fronte Nazionaleko buruak, trukean, Europaren kontrako mezuak leundu ditu, besteak beste, esan du eurogunetik irteteko prozesua atzeratuko duela, edota immigranteen umeak eskolatzeko debekua arinduko. Nicolas Sarkozy eta Fillonen ondoan aritua da Dupont-Aignan, eta orain aldarrikatu du eskuinak bete ez dituen horiek guztiak egitera datorrela: emigrazioa kontrolatu, Europarekin beste harreman bat negoziatu, eta zergak gutxitu.

Macronek, berriz, Le Penen «miseriak» izendatzeaz gain,Europaren izaera aldatu beharra aldarrikatu du, horrela ez bada frexit-aren arriskuan daudelako. «Aldaketa sakonak egingo ditut Europan, herritarrak gustura sentitzeko modukoak». Kutsu soziala eman nahian dabil azken egunotan, gainetik kendu ezin duen itxura elitista uxatzeko, baina ez du lortzen, eta dagoeneko ez da eskuin muturraren alternatiba boto emaile askorentzat. Azken inkesten arabera, Macronek %60ko babesa du, eta Le Penek %40koa, baina abstentzioa da Macronek duen arerio nagusia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.