Katalunia

Gehiengo soila bermatzeko

Antoni Comin ERCko diputatu erbesteratuak botoa delegatu ahal izateko eskaera egin dio Mahaiari. JxCk «presa» du Puigdemont inbestitzeko. Errepublikanoek presidentegai «eraginkorra» nahi dute

Roger Torrent arrosa hori bat ipintzen, Omnium Culturalek Sant Jordi eguna zela-eta Bartzelonan jarritako panelean, atzo. ALBERTO ESTEVEZ / EFE.
Igor Susaeta.
2018ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Ikusteko dago Espainiako Estatuak erabakia judizializatzen duen ala ez, baina, orain arte ez bezala, Kataluniako subiranistekbotoetan gehiengo soila edukiko dute aurrerantzean, Generalitaterako presidentegai baten balizko inbestidura saio batean. Izan ere, Antoni Comin (ERC) parlamentari erbesteratuak botoa delegatu ahal izateko eskaera egin dio Kataluniako Parlamentuko Mahaiari. Legebiltzarraren jarduna arautzen duen organoa gaur da biltzekoa (10:00), eta, okerrik ezean, ontzat emango du eskaera, subiranistek gehiengoa baitute bertan. CUPek esan izan du ez dizkiola bere lau botoak emango Carles Puigdemont (JxC) ez den beste presidentegai bati, baina, horiek gabe ere, inbestidurako bigarren bozketan —aurreneko bozketan gehiengo osoa behar da, 68 boto— gehiengo soila lortuko lukete bi indar subiranista nagusiek, JxC Junts Per Catalunyak eta ERC Esquerra Republicanak: 66 boto. Unionistek, berriz, 65 batuko lituzkete gehienez.

Puigdemontek deklaratu zuen epaile baten aurrean —hori zen Madrilek jartzen zuen baldintza botoa delegatu ahal izateko—, eta, beraz, joan den hilaren 3tik du botoa delegatzeko aukera, JxCk Mahaiari hala eskatuta. Elsa Artadik (JxC) bi osoko bilkuratan bozkatu du jada haren ordez. Ciutadansek eta PPCk helegitea jarri zioten erabakiari, baina Mahaiak atzera bota zuen. Espainiako Gobernuak, bestalde, ez du inpugnatu, baina guztia aldatuko da Cominen eskaerak aurrera egiten badu, subiranistek gehiengoa edukiko bailukete balizko inbestidura saio baten bigarren bozketan.

Orain, JxCk Generalitaterako presidentegai bat aurkeztu beharra dauka. Maiatzaren 22a baino lehenago inbestitu beharko dute; bestela, Mariano Rajoy Espainiako presidenteak legebiltzarra desegin eta hauteskundeetara deituko du. Atzo Katalunian nabaritu zuten, bai, ezohiko egoeran daudela; izan ere, Espainiako Konstituzioaren 155. artikulua oraindik indarrean dagoenez, Generalitateak ez zuen ekitaldirik antolatu Sant Jordi egunean, 1434tik aurrenekoz. Hori bai, eguna ospatzeko ohikoak diren arrosa gorrien ordez, arrosa horiak nagusitu ziren, prozesu subiranistaren ondorioz kartzelatuta edo erbestean dauden politikariak gogoratzeko.

Testuinguru horretan Artadi JxCren bozeramaileak adierazi zuenez, Puigdemont «beti» izan da haien hautagaia, eta «presa» dute hura inbestitzeko. Telematikoki izendatu beharko lukete presidente, eta horretarako Presidentetza Legea aldatu. Mahaiak onartu du erreforma, eta Estatutu Bermeen Kontseiluak aldaketari buruzko txostena osatu zain dago, osoko bilkura batera eraman eta erreforma gauzatzeko. Presidente ohiaren zerrendakoek datorren astean egin nahiko lukete.

JxCkoek badakite, ordea, aukera horrek nekez egingo duela biderik. Batetik, joan den urtarril bukaeran Puigdemont inbestitzeko egindako lehen saiakeran gertatu bezala, Auzitegi Konstituzionalak debekatu egingo duelako, okerrik ezean. Bestetik, hala izanik, Roger Torrent (ERC) estu egongo litzatekeelako. Aurrekoan Konstituzionalari men ez egiteak eragin zitzakeen zigorrak gogoan, parlamentuko presidenteak inbestidura saioa bertan behera uztea erabaki zuen.

Puigdemonten inbestidura telematikoa behartuta, JxC Espainiako Estatuaren jarrera berriro agerian uztearen aldekoa da. ERC errespetatzen ari da presidente kargugabetuaren zerrendaren denborak, baina gauza bat du buruan, JxCko zenbaitek eta PDeCATek bezala: inbestidura eraginkorra izatea. Berez, bi indar subiranista nagusiek adostuta zeukaten Sant Jordi egunerako presidentegai bat edukitzea, baina, egoera politikoa dela medio, ez da hala gertatu.

ERCk azken hilabeteotan errepikatutakoari heldu zion atzo. Pere Aragones alderdiaren presidentetzarako ondokoaren arabera, inbestidura saioa «lehenbailehen» egin beharra dago, eta «eraginkorra» izan beharra dauka. Lau aste dituzte horretarako, eta Marta Pascal PDeCATeko idazkari nagusiak atzo nabarmendu zuen hauteskundeak errepikatzea eragotzi beharra dagoela. «Estatuak zail jartzen digu, baina gure esku ere badago». Pablo Casado PPren Komunikazio zuzendariordearenesanetan, hauteskundeak errepikatuz «indartuta» aterako litzateke «konstituzionalismoa».

Pesarrodonaren kasua

Joan den irailaren 20an polizia baten ondoan pailazo sudurra jantzita protesta egiteagatik, Jordi Pesarrodona —Sant Joan de Vilatorradako kultura zinegotzia— atzo zen Manresako epaile baten aurrean deklaratzekoa. Gorroto delitua egozten zioten, baina, guardia zibil baten lekukotza aditu ondoren, epailea kausa artxibatzear da.

Bestetik, Bartzelonako Fiskaltzak Sant Andreu de la Barca herriko ikastetxe bateko bederatzi irakasle salatu ditu, argudiatuta «umiliatu» egin zituztela guardia zibilen seme-alabak, ikasgelan, joan den urriaren 1eko erreferendumaren biharamunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.