Iruzurraren aurkako batzordeak funtzio gehiago hartuko ditu

EAJk, PSE-EEk eta PPk adostu duten erreforma defendatzeko baliatu dute zerga politikari buruzko osoko bilkura monografikoa. Ez da onartu EH Bilduren eta Elkarrekin Podemosen ebazpenik

Leire Pinedo EH Bilduko legebiltzarkidea, atzo, Eusko Legebiltzarrean fiskalitateari buruz egindako osoko bilkura monografikoan. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Ivan Santamaria.
Gasteiz
2018ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Zintzotasun osoz laburbildu zuen Josune Gorospe EAJko legebiltzarkideak, saioa ia amaitzear zegoela: «Lortutako itunari estaldura politikoa emateko etorri gara». EAJk, PSE-EEk eta PPk adostutako zerga erreformari buruz ari zen. Izan ere, erreforma horren edukia izan zen atzo Eusko Legebiltzarrean fiskalitateari buruz egindako osoko bilkuraren ardatz nagusia, eta, defentsa horretan pitzadurarik egon ez zedin, gobernua sostengatzen duten alderdiek batzarra eskatu zuten, eta erabaki zuten ez zutela taldeen —EH Bilduren eta Elkarrekin Podemosen— ebazpen proposamen bat bera ere onartuko.

Bilkura monografikoen elementu bereizgarria da hori. Bukaeran, taldeek egindako ebazpen proposamenak bozkatzen dira. Ez dute balio juridikorik, baina, gomendio hutsa izatetik aparte, saioan eztabaidatu den gaian etorkizunean egon daitezkeen asmoak aurreratzeko balio dute. Alor horretan ere jeltzaleek eta sozialistek erreformaren filosofia aldarrikatzeko abagunea baliatu zuten, popularren laguntzarekin.

Ebazpen horietako berrikuntzarik aipagarrienak zerga iruzurraren aurkako batzordearen lanarekin du zerikusia. Ganberan behin baino gehiagotan eztabaidatu da iruzurrari buruzko behatoki bat eratzeko aukera, orain dela pare bat urte EHUko hiru katedradunek ekonomia ezkutuaren inguruko azterketa bat argitaratu zutenetik. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek eskatu izan dute organo independente bat eratzea lan horri jarraipena emateko, baina ez dute gainerako alderdien babesik lortu.

Atzoko eztabaidan, EAJk eta PSE-EEk aurkeztutako ebazpen batean, erabaki zuten iruzurraren aurkako batzordeari ematea iruzurraren tamaina eta ekonomia ezkutua aldizka aztertzeko funtzioa. Eskatu izan zaizkie horrelakoak, baina hori ez zegoen sortzez batzordeak zituen eginbeharren artean. Ebazpenak PPren aldeko botoa lortu zuen, eta espero liteke aurrera begira batzordeak funtzio aztertzaile hori bere gain hartuko duela.

Gobernua sostengatzen duten alderdiek hamalau proposamen aurkeztu zituzten, eta denak onartu zituzten. Horietatik bi PPrekin erdibideko zuzenketa baten bidez hitzartuta —Kontzertu Ekonomikoaren aldeko bat eta beste bat familiei krisian egin duten ahalegina eskertzeko—, eta gainerakoak ere popularren oniritzia eskuratuta. Bilkura osoan ebazpen bakar batek lortu zuen aho bateko adostasuna: irakaskuntzan zerga heziketa eskaintzeko lanarekin aurrera segitzeko eskaera.

EH Bilduk 26 proposamen eraman zituen eztabaidara, eta Elkarrekin Podemosek 55. Denen aurkako botoa eman zuten EAJk, PSE-EEk eta PPk. Haserrea eragin zuen horrek ezkerreko bi taldeetan. «Ez dituzue irakurri ere egin», aurpegiratu zien jeltzaleei eta sozialistei Leire Pinedo EH Bilduko legebiltzarkideak. Elkarrekin Podemoseko ordezkariak, Julen Bollainek, jakinarazi zuen haien ebazpenen erdia aurreko eztabaida monografikoetan aurrera atera zirenen berdinak zirela, eta sozialistei kritika egin zien «gobernuan egotea» zelakoan orain alde ez bozkatzeko arrazoi bakarra.

Goizeko eztabaidan ere ugariak izan ziren EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek PSErekin trukatu zituzten akusazioak. Pinedok leporatu zien «aulki bero batzuen truke» onartzea enpresei zergak murriztea. Sozialisten izenean, Alexia Castelo eledunak bi alderdiei ohartarazi zien Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan indarrean dauden neurrien «%95» martxan daudela Nafarroan, haien babesarekin.

Soziatate zergaren tasa nominala %28tik %24ra jaisteko erabakiak soka luzea ekarri zuen. Erreformaren aldekoek ziurtatu zuten horrek ez duela bilketa murriztuko, kenkariak mugatzeko erabakiei esker. «Kontrakoa: handitu egingo da», agindu zuen Pedro Azpiazu sailburuak, gobernuak hitza hartzeko zuen txandan.

Bilketa hazkundearen ideia zalantzan jarri zuen EH Bilduk, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak Madrilen 40 enpresa eta inbertsio funtsekin gaur egingo duen batzarra baliatuta: «Inork uste al du Rementeriak Madrilera joan eta enpresaburuei esango diela Bizkaira etorri eta hemen gehiago ordaintzeko?», galdetu zuen Pinedok.

Erreformaren blokean ere izan ziren eztabaidak. PPko Anton Danboreneak errenta zerga jaisteko eskatu zuen. Pare bat aldiz oharra egin zion EAJko Josune Gorospek, itunak propio jaso zuelako 2020.urtera arte ez dela zerga sistema berrikusiko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.