Urakanaren ostean, kolera izurritea hedatzearen beldur dira Haitin

Giza laguntza oraindik iritsi ezinik dago gehien kalteturiko eremuetara, eta hondamenditik bizirik irten diren askok ur kutsatua baino ez dute edateko. Azaroaren 20an egingo dituzte hauteskundeak

Emakume bat eta haur bat, kolera sintomekin, Jeremieko Saint Antoine ospitalean etzanda, herenegun. ORLANDO BARRIA / EFE.
2016ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Matthew urakanak Haitin utzitako arrastoa nekez ezabatuko da. Hamabi egun geroago, hildakoen kopurua handituz doa, eta giza laguntza gehien kaltetutako eremuetara iritsi ezinik dabil oraindik ere. Gobernuak 820 hildakoren berri eman du, eta dozenaka lagunek desagertuta jarraitzen dute. 2010eko lurrikaraz geroztik —300.000 pertsona hil ziren— izan den krisirik handienari aurre egin beharrean da herrialdea, uholdeek itotako ibai eta herrien artean. Bitartean, 224 babeslekuk ematen diete aterpe 175.000 desplazaturi baino gehiagori, eta hondamenditik bizirik ateratzea lortu dutenek ekaitzetatik datorkien ur kutsatua baino ez dute edateko —baita laguntza iritsi den eremuetako haitiarrek ere—. Komunik ez dago, eta hilerrietan ere urak gainez egin du. «Hilobiak zabaldu egin dira», dio Christophe Boulierac Unicefeko bozeramaileak. Egoera hori ikusita, NBE Nazio Batuen Erakundea beldur da, higiene faltaren eraginez kolera izurritea berriz ere hedatzeko arriskua baitago.

NBEk ez du baieztatzerik izan zenbat pertsona dauden koleraz kutsatuta edo zenbat lagun hil diren gaitzak jota. Izan ere, erreskate taldeek ez dute modurik izan Haitiko hegoaldeko zenbait lekutara ailegatzeko —han sentitu dute inon baino gehiago Matthew—, etaurakanak kolera kasuak artatzeko zentroen %75 suntsitu du. OME Osasunaren Mundu Erakundeak 400 kasu susmagarri antzeman ditu dagoeneko. Fadela Chaib OMEko bozeramailearen esanetan, zifra horiek «ohikoak»dira; 2010eko lurrikaraz geroztik, 700 kasu susmagarri inguru antzematen dituzte astero-astero Haitin. Esperientziari entzunez, ordea, beldurra dio egoerak okerrera egiteari, batez ere gehien kaltetutako eremuetan eta ur edangarririk ez dagoen eremuetan: «Beldur gara, kolera infekzio gehiago sortu daitezkeelako, eta izurritea are eta bortitzagoa izan daitekeelako».

Baina koleraz haratago, bestelako gaixotasunik ere sor daiteke kutsaduraren eraginez, gastroenteritisa tarteko. Gaixotasun hori bereziki hilgarria izan daiteke umeen eta adineko jendearen artean. «Beherako soil batek erraz hil dezake haur bat, ez bada arin eta modu eraginkorrean artatzen», nabarmendu du Boulieracek. Gainera, NBEren OCHA Giza Gaietarako Koordinaziorako Bulegoak emandako datuak alarma gorria piztu du: milioi erdi umek baino gehiagok behar dute laguntza humanitarioa Haitin. Horietatik, 315.000 haurrek premia larria dute.

Herrialdeko errepide nagusiak irekitzea lortu dute, eta nazioarteko giza laguntza iristen hasi da. Halere, bigarren mailako errepide asko eta asko itxita daude oraindik, eta hainbat herritar laguntza jaso ezinik gelditu da. «Beharrezkoa da aurrera jarraitzea leku guztietara iristeko». Mourad Wahba NBEko Giza Laguntzarako koordinatzailearen hitzak dira. Egoera ez da samurra: NBEko kasko urdinak laguntza daramaten kamioiak babesten ari dira, azken egunetan hainbat eraso pairatu baitituzte. «Laguntza jasotzerik izan ez duten herritarrak oso haserre daude», dio Wahbak.

Bestalde, Haitiko hauteskundeek badute eguna. Urakanaren eraginez, bertan behera gelditu ziren urriaren 9ko bozak; azaroaren 20rako deitu dituzte.

Haiti,«arriskutsuena»

Munduan gertatzen diren hondamendi naturalak ez dira ugaritu, baina intentsitate handiagokoak dira egungoak. Hori baieztatu du NBEk eta CRED Hondamendien Epidemiologiari buruzko Ikerketa Zentroak egindako azterketa batek. Datuak aztertuz gero, nabarmena da diferentzia: hondamendien eraginik handiena herrialderik pobreenek pairatzen dute. Zerrendako gailurrean ageri da Haiti. «Matthew urakanak agerian uzten du Haiti munduko herrialderik arriskutsuena dela, hondamendiei dagokienez», dio ikerketak. Ekonomikoki gehien garatutako herrialderik ez da ageri zerrenda beltzean. 1996tik 2015era, 229.699 lagun hil dira Haitin hondamendien eraginez; Indonesian, 180.136; eta Myanmarren, 139.515. Europan, aldiz, bestelakoa da irudia: azken hamarkadetan, bero boladek eragin dute hildako gehien.

Ikerketaren arabera, etorkizunean egoerak okerrera baino ez du egingo. Robert Glaseer NBEko Hondamendien Murrizketarako ordezkariak dio hondamendi naturalen %80ren atzean klima aldaketa dagoela, eta ohartarazi du urteek aurrera egin ahala hondamendiak «bortitzagoak» izango direla. Horretarako, ez da beharrezkoa izango Matthew-ren antzeko urakan bat sortzea. «Zera gertatuko da: lurralde idorrak are eta idorragoak izango dira, eta lurralde hezeak, aldiz, gero eta hezeagoak» .
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.