Zuhurtziaz, baina gelditu gabe

A-9ko kontsulta behatzeaz arduratuko den batzordearen osaketa onartu du Kataluniako Parlamentuak.Alde dauden diputatuak salatuko ditu PPCk.Generalitateak bi helegite jarri ditu debekuaren kontra

Artur Mas presidentea, atzo, Kataluniako Parlamentuko kontrol saioan, galdeketaren batzordeari buruzko bozketa egin baino lehen hitza hartu zuenean. T. ALBIR / EFE.
Oihan Vitoria.
2014ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren erabakiek Kataluniako Gobernua makurraraziko zutela uste zuten horiek erabat oker zeuden. Artur Mas buru duen gobernuak ez ditu besoak gurutzatu, eta, oraingoz, aurreikusitako epeak errespetatzen ari da. Azaroaren 9rako kanpaina ofiziala aldi baterako bertan behera laga badu ere, bozketa egiteko asmoari eutsi dio eta ez du eten egun horri begirako makineria osoa. Kataluniako Parlamentuak atzo eman zion onespena kontsultaren kontrol batzordearen osaketari. Galdeketaren aldekoen babesa jasota, zazpi adituri eman die kontsulta behatzeko ardura.

Batzordearen eraketa «desobedientziaren lehen pausotzat» jo dute proposamenaren aurkako indar politikoek, eta neurri gogorrak iragarri dituzte. PPCk, kasurako, alde bozkatu zuten diputatu guztiak salatuko dituela jakinarazi du, konstituzionalaren debekuari bizkarra eman diotela argudiatuta. Ohartarazpen argia egin du Enric Millok, PPCko eledunak: «Zigor Kodeko bi artikulu urratuta, legezko erantzukizun guztiei aurre egin beharko diete, banan-banan, epaileen aurrean». Aurrerantzean gertatzen den ororen «erantzule» egin ditu Millok. Ciutadanseko buru Albert Riverak ere «delitu zantzuak» ikusi ditu. «Demokraziaren kontrako kolpe bat da». Batzordearen «zilegitasun juridikoa» ezbaian jarri du PSCk, eta bozketa bertan behera lagatzeko eskatu zuen atzo. Fruiturik lortu ez, eta parlamentutik alde egin zuten PPC eta Ciutadansekoek; bozkatu gabe.

«Jaramonik ez» egiteko deia

Halere, aurkakoen «mehatxuei» muzin egin diete CiU, ERC, ICV-EUiA eta CUP alderdietako diputatuek. Konstituzioa urratzen ez duela iritzita, proposamena babestea erabaki, eta nabarmendu dute parlamentuko abokatuen txosten juridikoak batzordearen legezkotasuna baieztatu duela.

Zehazki, legelariak eta unibertsitate irakasleak dira batzordeko kide denak: Merce Barcelo i Serramalera, Joaquim Brugue Torruella, Alfons Gonzalez Bondia, Miquel Martin Casals, Marc Marsal Ferret, Jordi Matas Dalmases eta Benet Salellas Vilar. Hurrengo orduetan izendatuko ditu Masek.

ERCko diputatu Gemma Calvetek «Kataluniako demokraziari» men egiteko deia egin du, eta Dolors Camats ICV-EUiAko koordinatzaileak «eraso politiko bati erantzun politikoa ematea» defendatu du. CUPeko eledun David Fernandezek, berriz, ohartarazi du bere alderdiko diputatuek ez diotela jaramonik egingo Espainiako Auzitegi Konstituzionalari. «Intsumisoak, desobeditzaileak eta insubordinatuak gara». Gogora ekarri du, halaber, batzordea Kontsulta Lege osoari buruzkoa dela, eta konstituzionalak atal batzuk baino ez dituela laga behin-behinean baliorik gabe. Jordi Turull CiUko bozeramaileak erantsi du orain arteko lana ez dela «traba bat»; hori dela eta, «debekuak kendu artean», zentzuzkoa deritzo batzordea abiatzeari.

Izan ere, Kataluniako Gobernuak bi helegite jarri ditu Auzitegi Konstituzionalean: bata, Kontsulta Legea baliogabetzeko erabakiaren aurka, eta, bestea, galdeketara deitzeko dekretuaren kontra. Hamabost egun zituen helegiteak jartzeko, baina gibelatzeko asmorik ez, eta atzo erregistratu zituen. Kontsultari ezarritako debekuak «berehala» ken ditzala eskatu dio konstituzionalari. Generalitatearen ustez, horrek ez luke «kalterik» eta «atzera bueltarik gabeko» egoerarik eragingo.

«Errugabetasun» printzipioaren pean egin du eskaera, argudiatuta debekuari eusteak ondorio «larriak eta konponezinak» izan ditzakeela gizartean: «Legeak lotura zuzena du herritarren borondatearekin». Kataluniako Parlamentuak ere egin dio eskakizuna. Mamiari buruzko ebazpen bat emateko bost hilabete ditu gehienez ere konstituzionalak.

Bilera sorta, abian

Beste pauso bat eman du Masek. Tentuz ari da, jakin badakielako Madrilek makurrik ñimiñoena baliatuko duela prozesu osoa hankaz gora botatzeko. Konstituzionalak ataka estuan jarri du, baina ez dio atzera eginarazi. Honela mintzatu zen atzo: «Ez dut atzera egingo herritarrei etorkizuna erabakitzeko eta botoa emateko borondatean». Hurrengo urratsak hitzartzeko bilera sortari ekin dio, gainera. Galdeketaren aldeko alderdiekin bilduko da egunotan; ICV-EUiAko buru Joan Herrerarekin egon zen atzo. Desobedientzia zibilaren bidez «lorpen handiak» egin direla aitortu zuen Masek, baina ohartarazi bide horrek ez duela «beti garaipenera» eramaten. Debekuak indarrean jarraitzen badu zer egin erabakitzea dagokie orain. Sant Pere de Torello herriko alkateakjada egin du desobedientziaren aldeko hautua bere kabuz: galdeketaren iragarkietarako panelak jartzen hasi da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.