Montorok ezpata gorde du

Espainiako eta Nafarroako gobernuek hitzartu dute Volkswagenen 2007tik 2011ra arteko BEZaren auzian foru erkidegoak ez duela ordaindu behar.Akordioa «historikotzat» jo du Sanchez Muniainek

Cristobal Montoro Espainiako Ogasun ministroa eta Yolanda Barcina lehendakaria, atzo, Madrilen. BALLESTEROS / EFE.
joxerra senar
Iruñea
2015eko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Nafarroako finantza publikoen gain 1.513 milioi euroko Damoklesen ezpata zegoen, eta, azkenik, Cristobal Montorok Espainiako Ekonomia ministroak ezpata gordetzea erabaki du. Atzo 2007tik 2011ra arteko Volkswagenen BEZ zergaren itzulketaren inguruko akordioaren berri eman zuten bi aldeek. Herenegun, akordio horren gertutasunari buruz isiltasuna gorde zuen Yolanda Barcina lehendakariak, baina atzo pozarren azaldu zen Montororen alboan. Argazkiak mesede galanta egingo dio UPNri. Azken urteetako lanak kudeatzaile onaren irudia kraskatu du, baina hauteskundeen atarian higatutako irudi horri berniza eman dio Montorok. Izan ere, Espainiak irailean 1.513 milioi euro erreklamatzen zizkion Nafarroari, urrian 800 milioi, eta orain, azkenik, onartu du Nafarroak ez duela ezer ordaindu beharko.

Hainbeste diru izanik jokoan,gatazkak interpretazio politiko ugari eragin ditu eta hauteskundeak ate-joka izanik, zer esanik ez haren konponbideak. Denboraz estu samar ibil daitezke, ordea. Nafarroako Parlamentuak martxoaren 31n jarduera eten aurretik onartu beharko du Itun Ekonomikoaren berrikuspena.

Hala ere, bestelako analisi politikoei izkin egin zieten bi gobernuetako ordezkariek atzo. Montororen hitzetan, Zapaterorengandik jasotako «iraganeko kontua» izan da auzia. Kazetariek galdetu zioten Nafarroari zorra barkatu al zaion, baina ez zuen erantzun: «Konponbide hau lege bidez berretsiko da eta hark emango dio zentzua». Haren alboan, pozik azaldu zen Barcina: «Forua, Nafarroaren izaera, Espainia osoarekiko solidarioa da».

Poztasun handiagoa erakutsi zuten Iruñean, Juan Luis Sanchez Muniain eledunak eta Lourdes Goikoetxea presidenteordeak. Sanches Muniainek nabarmendu zuen «akordio historikoa» dela. «Zorioneko gaude», gaineratu zuen Goikoetxeak: «Hitzartutakoa bidezkoa da, koherentea eta ikuspuntu tekniko batetik konponbide akatsgabea». Goikoetxearen arabera, Itun Ekonomikoan «lege izaerako prozedura osagarri bat» hitzartu dute, eta bi administrazioen eta zergadun berezi baten artean gatazkak sortzen direnerako konponbide eredu bat zehaztu dute.

VWen BEZa ez da izan gatazka eragile bakarra. Azken bi urteetan Konstituzionalak epai bi kaleratu ditu Nafarroaren zerga ahalmena kolokan jarriz: 2012an hamarkada bat lehenago parlamentuak onartutako azalera handiko saltoki handien gaineko zergaren inguruko epaia, eta iragan ekainean, berriz, parlamentuak 2012an aho batez onartutako argindar ekoizpenaren balioaren gaineko zergaren ingurukoa.

Horregatik, oposizioko indarren babesarekin, Nafarroako Gobernuak egoera blindatu nahi izan du. Hartara, Itun Ekonomikoaren 2. eta 6. artikulua ere berrikusi dituzte: batetik, Nafarroari «nahi dituen zergak ezartzeko ahalmena» aitortzen zaio; bestetik, Espainiak zerga berri bat ezarriz gero, Itun Ekonomikoaren koordinazio batzordea bilduko da eta zerga nola ezarri erabaki arte ez da indarrean sartuko Nafarroan. Espainiak auzitegietara ez jotzeko konpromisoa agertu du, baina trukean Nafarroak onartu du argindar ekoizpenaren zein gordailuen gaineko zergak Espainiarekin harmonizatzea.

Agerraldi eskaera

Orain akordioa berretsi behar da. Lehenik, atzo arratsaldean bildu zen koordinazio batzordea Madrilen. Itun Ekonomikoaren negoziazio batzordea egin beharko da, Itun Ekonomikoaren berrikuspena lege gisa erredaktatzeko. Azkenik, Nafarroako Parlamentuak eta Gorteek berretsi beharko dute ituna. Behin prozedura hori amaituta, Espainiak Gorenean VWen BEZari buruz aurkeztutako helegitea kendu beharko luke. PSNk parlamentuan Barcinaren berehalako agerraldia eskatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.