Kroazian bilatu dute zirrikitua

Iheslariei bidea libre utzi die Belgradek: «Lagundu egingo diegu».Balkanetako gerra garaitik minak dauden eremu batetik igaro beharko dute.Hungariak piper gasa baliatu du muga babesteko

Kroazian bilatu dute zirrikitua.
Xabin Makazaga.
2015eko irailaren 17a
00:00
Entzun
Kroaziako Gobernuak Hungariakoaren oso bestelako jarrera erakutsi du, hain justu Budapestek iheslariei hegoaldeko muga itxi eta Europa iparraldera iritsi nahi duten milaka pertsonak Kroaziarako bidea hartu dutenean, hesiak eta oztopoak saihesteko. Atzo goizaldean iritsi ziren Serbia eta Kroazia arteko mugaldera Ekialde Hurbileko iheslariak zeramatzaten lehen autobusak; ilunpetan 150 bat iheslari heldu zirela jakinarazi zuen Kroaziako Gobernuak, eta Zoran Milanovic lehen ministroak «bidea libre» izango dutela hitzeman zuen.

Alemania eta Eskandinaviako herrialdeak dira gerratik eta gosetetik ihesi azken asteetan Balkanetako igarobidean pilatu diren migratzaileen jomuga. Eta, Viktor Orbanen gobernuak herenegun Serbia eta Hungaria arteko muga itxi zuenetik, ez aurrera eta ez atzera harrapatuta geratu dira horietarik asko. Baina mendebalderantz jota bilatu dute askok ezinikusiaren hesiak gainditzeko zirrikitua, Kroaziatik. Beste askok Hungariak mugaldean ezarritako igarotze guneetan harrapatuta jarraitzen dute. 1.500 inguru ziren atzo Korgoseko pasabideetan ez atzera eta ez aurrera jarraitzen zutenak.

«Kroaziatik pasatu ahal izango dira. Geuk lagunduko diegu horretan: noranahi joan nahi dutela ere, hara zuzenduko ditugu». Ez da berria, baina bai auzoko agintari batzuk lotsaraztekoa, Zoran Milanovicen jarrera. Duela aste pare bat, Turkia, Grezia, Mazedonia, Serbia eta Hungariara iheslari uholde bat jada iritsi zelarik, argi adierazi zuen Kroaziako Gobernuak abegikor agertuko zela gerratik ihesi iristen zirenekin. Duela hogei urte, Jugoslaviaren kontrako gerran (1991-1995) bizi izan zuten beraietako askok kanpora joan beharra, eta iheslariekin eskuzabal jokatuko zutela agindu zuen Belgradek. Errefuxiatuen etorrerari aurre egiteko jada 6.000 funtzionario bidaliak zituzten muga eremura.

«Ezeren aurretik, Kroaziaren interesak zaindu nahi ditugu, gure herrialdearen segurtasuna. Baina ez dugu ahazten pertsonak garena, gehienak kristauak», esan zuen atzo Milanovicek. Eta, beste behin, Hungariako Gobernu kontserbadorearen migrazio politika «kaltegarri eta arriskutsua» gogor kritikatu zuen: «Altxatzen ari diren harresiek ez dute inor geldituko, eta mezu izugarri eta arriskutsua dira. Burdinsarea Europan, XXI. mendean, erantzun bat barik mehatxu bat da».

Nolanahi dela, Kroaziako presidenteak, Kolinda Grabar Kitarovic kontserbadoreak, Segurtasun Nazionalerako Kontseilua biltzeko eskatu dio Milanovici: «Egoera nahasten ari da, eta aztertu beharra dago errefuxiatu uholdeak eragin ditzakeen ondorio sozial, ekonomiko eta segurtasunezkoak».

Europako Batzordetik ere, Kroaziak ireki nahi duen igarobidea «legez kanpokoa» izango litzatekeela adierazi dute. Kroazia ez dago Schengen eremuan, baina Europako Batasuneko kide da eta Lisboako Ituna bete behar du; Bruselatik nabarmendu dute iheslariei herrialdea identifikaziorik eta hatz markarik hartu gabe igarotzen uztea arau hori urratzea litzatekeela.

Mina zelaiak bidean

Europa erdialdera eta iparraldera iristeko, Kroaziako bidea ez da erakargarria izan Turkiatik eta Mediterraneo kostaldetik sartutako iheslarientzat: bidea luzeagoa da, menditsua —are gehiago Alpeetatik Austriara iristean—, eta kontrolak izan ohi dira. Baina Hungariak muga itxita, Alemania aldera joateko aukera bakarretakoa bihurtu da askorentzat.

Beste traba handi bat ere badauka, ordea, Kroaziako igarobideak: Balkanetako gerratik, minaz jositako zelaiak daude oraindik, erabat garbitu gabe. Danubio ibaia gurutzatzeko, Serbia eta Kroazia arteko mugan, lurreko pasabide estu bat dago Sid hiriaren inguruan. Hortik aurrera daude mina zelaiak.

Kroaziako agintariek desaktibatzaile talde gehiago bidali dituzte eremu horietara —lehendik ari ziren lan horretan— eta migratzaileei ohartarazi diete autobidetik joateko, ondoko zelaietara sartu gabe, bereziki landa eremuan.

Hungariako agintariek, bestalde, lehengo lepotik agertu dute burua, eta Horgoseko pasagune batean piper gasa erabili zuten poliziek Serbiatik Hungariara muga pasatzen saiatu zen iheslari talde bat geldiarazteko, eta istilu handiak izan dira. Jada 500 iheslari baino gehiago atxiki dituzte, eta lehenak kanporatzen hasia da. Austriak eta Esloveniak ere mugan kontrolak ezarri dituzte, eta gero eta traba gehiago dituzte iheslariek bidean.

Bundesbankeko presidente Jens Weidmannek, nolanahi ere, errefuxiatuen iritsiera ez dela arrisku bezala ikusi behar nabarmendu du, Suddeutsche Zeitung egunkarian: «Lan indar gehigarria behar du Alemaniak bere ongizate mailari eusteko. Immigrazioak aukerak ere eskaintzen ditu, eta, geratzeko datozenak gizartean eta lan merkatuan zenbat eta hobeto integratu, are eta handiagoak izango dira aukerak». Iheslari uholdeak Alemaniari «ahalegin handi bat» eskatuko diola ere onartu du Weidmannek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.