Argentinako diktadura militarreko hainbat erantzuleri, bizi osoko zigorra

ESMA tortura gunean, diktadurako handienean, 1976 eta 1979 bitartean egindako delituengatik kondenatu dituzte. 'Heriotzaren hegaldiak' antolatu zituztenetako biri zigor bera ezarri diete

Giza eskubideen aldeko talde batek pasa den maiatzean Buenos Airesen egindako protesta bat. SARA MARTOS / EFE.
Igor Susaeta.
2017ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Argentinako diktaduraren garaian (1976-1983), ESMA Armadaren Mekanika Eskola izan zen herrialdeko atxilotze gune inportanteena. Militarrek han eduki zituzten, atxilotuta, diktaduraren kontrako ustezko 5.000 ekintzaile. Torturatu zituzten, eta horietako asko hil. Ia 40 urte geroago epaitu dituzte, diktadura garaian gauzatutako delituengatik egindako epaiketa handienean, eta Buenos Airesko auzitegi federal batek ebatzi du hainbat militarri, gizateariaren kontrako ekintza haien erantzuleei, bizi osoko kartzela zigorra ezartzea. Kondena hori ezarri diete nabarmenenei: Jorge Eduardo Acosta Tigre ESMAko buruari eta Alfredo Astiz Heriotzaren aingerua armadako kapitaina zenari. Gainera, zigor bera ezarri die beste hainbati, tartean heriotzaren hegaldiak deitutakoen arduradunetako biri, Georges Mario Daniel Arruri eta Alejandro Domingo d'Agostinori —zortzi ziren arrazoi horregatik epaituak, eta edizio hau ixterakoan epaia irakurtzen ari ziren, oraindik ere, epaileak—. Zigor txikiagoak ere izan dira, eta batzuk, zibilak tartean, absolbitu egin dituzte.

Bost urtez luzatu da epaiketa, eta 54 akusatuak kartzelan zeuden, jada, beste delitu batzuengatik. Atzo bukatutako prozesuanleporatu dizkiete 1976 eta 1979 bitartean atxilotze gunean gertatutako 789 delitu. Epaiketan parte hartu dute 900 lekukok, eta horietako 400 ziren ESMAtik bizirik irautea lortu zutenak.

Ikusmin handia piztu zuen epaiak. Biktimak zein haien ingurukoak auzitegiaren kanpoaldean bildu ziren, ebazpena pantaila erraldoi batzuen bidez jarraitzeko. Giza eskubideen aldeko erakundeek diotenez, diktadura garaian 30.000 pertsona hil zituzten militarrek; datu ofizialek diote 8.000 izan zirela.

Horietako asko ESMAtik igaro ziren. Atxilotze gunea zenak bestelako eginkizuna du gaur egun, 2004an Memoriaren eta Giza Eskubideen Espazioa ireki baitzuten mende laurden lehenago jendea torturatzen eta hiltzen zen leku berean. Marta Mastrogiacomo izan zen bertara eraman eta desagerrarazi zuten diktaduraren aurkako ustezko ekintzaileetako bat. Graciela haren ahizpa duela gutxi joan da aurrenekoz gune horretara. «Leku hark izuaren, torturaren eta larritasunaren usaina du oraindik ere», aitortu zuen gero.

35 eraikineko espazioa da, eta barnebiltzen ditu, besteak beste, erakusketa gelak, artxibo bat, eta gobernuaren bulegoak. Justizia Ministerioaren egoitza ere bada pasa den udaz geroztik. Eta 1976 eta 1979 bitartean han gertatutakoa gogorarazteko, antolatzen dituzte bisita gidatuak, bertan atxilotuta egon baina bizirautea lortu zutenekin. Hain zuzen, horietako batzuek bertara sartu beharra daukate militarrek egin zietena oroitzeko eta salatzeko; hortik kanpo ez dira gai sentitzen.

Duela hamarkada bat hasi zuten ESMAn gertatutakoa argitzeko ikerketa judiziala. Izan ere, diktadura garaiko erantzuleek aske bizi ahal izan zuten urtez luzez. Diktadura bukatu ondoren epaitu zituzten, bai, eta heriotza zigorra ezarri zieten, Raul Alfonsin presidente zela. Baina heldu zen Carlos Menem Argentinako presidentetzara (1989), eta Alfonisek berak armadaren presiopean bultzatutako inpunitate legeak deitutakoak onartu zituzten, guztira 1.200 bat pertsona induldatuz.

Nestor Kirchnerrek hartu zuen presidente kargua 2003an, etadiktadurak iraun zuen zazpi urteetan gizateriaren kontra egindako krimenak ezkutatzen zituzten legeak bertan behera uztea erabaki zuen. Auzitegi Gorenak hautu hori balioztatu zuen 2005ean.

Atzera, berriz, giza eskubideen kontra ESMAn egindako urraketak biltzen zituzten kausa judizialei heldu zieten berriro, baina biktimak zein horietan nahasita zeudenak hainbeste zirenez, lau epaiketa egitea ebatzi zuen Gorenak.

2011n bukatu zen bigarrena, hamasei pertsona kondenatuz. Eta bost urteren ondoren atzo amaitutakoan, inputatuen artean zeuden heriotzaren hegaldiak deitutakoen erantzuleetako zortzi. 1970eko eta 1980ko hamarkadetan Latinoamerikako diktadurek erabilitako metodoa zen jendea hiltzeko eta gorpuak desagerrarazteko. Lasaigarriak ematen zizkieten atxilotutakoei, igotzen zituzten armadaren hegazkin batera, eta La Plata ibaira edo Ozeano Atlantikora botatzen zituzten, gorpuen arrastorik ez uzteko. Metodo hori erabilita 4.000 bat pertsona hil zituzten Argentinako militarrek.

Aldarrikatutako delituak

Adolfo Scilingok izan ezik, ESMAren juizioan inputatutako inork ez du aitortu hura gertatu zenik. Biktimen abokatuek ikerketa lan erraldoia egin behar izan dute ekintza haiek existitu zirela frogatzeko, hegaldi haien dokumentazioa eskasa baita.

Gainera, delituak aldarrikatzen dituzte ikerketapean egon direnetako batzuek. Astiz, esaterako, 2003tik dago espetxean, eta duela bi hilabete, auzitegian deklaratu behar izan zuenean, ondokoa adierazi zuen: «Inoiz ez dut barkamena eskatuko nire aberria defendatzeagatik». Giza eskubideen erakundeak ere kritikatu izan ditu: «Jazarpen taldeak dira, mendekua bilatzen dutenak. Inoiz ez dut barkamena eskatuko».

Epaitutako guztiak kartzelan zeuden. Berez 68 ziren akusatuak, baina horietako 11 azken urteotan hil dira, eta osasun arazoengatik ez dituzte beste hiru epaitu. Bizi osoko kartzela zigorra betetzen ari diren militarrek espetxeetan dituzten baldintzen berri eman izan dute Argentinako hainbat hedabidek, eta Pagina 12 egunkariak argitaratutakoaren arabera, modulu berezietan daude. Jolastokira atera daitezke, ordenagailuak erabili, eta, ia-ia, erabateko askatasuna dute dagozkien espazio komunetan ibiltzeko.

Atxilotze guneari buruzko laugarren epaiketa pasa den abuztuan hasi zen, eta hamar dira inputatuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.