Koalizioari eustearen truke

Sozialdemokratek bultzatuta, Alemaniako Parlamentuak sexu bereko pertsonen arteko ezkontza arautu du. Angela Merkel kantzilerrak kontra bozkatu du. Legeztatu duen 23. herrialdea da

Bi emakumezko, atzo, elkarri muxu ematen Berlinen, Brandenburgoko Atean, parlamentuak hartutako erabakiaren berri izan ostean. FELIPE TRUEBA / EFE.
Igor Susaeta.
2017ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Alemaniako Parlamenturako bozak datorren irailaren 24an egingo dituzte; alderdiak ez dira kanpaina egiten hasi oraindik, baina esan daiteke kanpainaurrean daudela jada. Joan den igandean, ezohiko kongresua antolatu zuten SPD Alderdi Sozialdemokratako kideek, eta erabaki zuten baietz, prest daudela, azken legegintzaldian egin bezala (2013-2017), CDU Batasun Kristau Demokratarekin aliatu eta bideratzeko Angela Merkel kantziler eta berriro irabazteko faborito nagusiaren laugarren legegintzaldia —2005eko azarotik da Alemaniako gobernuburua—. Koalizioa berritzeko, baina, baldintza ezinbesteko bat jarri zuten: sexu bereko pertsonen ezkontza arautzea. Eta koalizio horri eustearen truke, Merkelek bidea ireki zion bozketari, eta, gainera, norberaren kontzientziaren araberako bozketa batera deitu zuen, alderdien diziplina alboratuta. Bozkatu zuten, atzo, Bundestagen, parlamentuan, eta SPDren, Berdeen, Die Linke ezkerreko alderdiaren, baita CDUko diputatuen laurdenaren babesarekin ere, aurrera atera dute sexu bereko pertsonen ezkontzaren legea,eta legeztatzen duen munduko 23. herrialdea bihurtu ziren.

393 diputatuk bozkatu zuten baietz, eta 226k, Merkelek barne, ezetz. Pentsatzekoa zen kontra bozkatuko zuela, baina azken egunetan auziarekiko jarrera aldaketa bat sumatu da kantzilerrarengan. Homosexualen arteko ezkontzak arautzearen kontrako iritzia eduki du orain arte, baina lehengo astelehenean, aldizkari batek antolatutako ekitaldi batean, galdetu zioten horri buruz, eta esan zuen norberaren «kontzientziaren araberako botoa» onartzeko prest zegoela.

Bozketa bukatu ondoren mintzatu zen Merkel:«Nire iritziz, ezkontza, konstituzioan, emakumezko eta gizonezko baten arteko ezkontza da, eta horregatik ez dut babestu proiektua». Kontzientziaren araberako bozketari bide emanda, alderdikideen kritikak entzun behar izan ditu kantzilerrak —Bavaria landerreko CSU alderdiko bere kideak CDUkoak baino kontserbadoreagoak dira—, baina badaki hartutako erabakiak kanpaina arinduko diola.

Martin Schulzi galdetu zioten ea Merkelen erabakiak intentzio taktikorik ote zuen, baina SPDko hautagaiak ez zuen CDUkoaren jarrera baloratu. Leporatu zion, ordea, gobernuburu gisa Bundestagean hitza ez hartzea, bere ezezkoa arrazoitu zezan.

Die Linkekoek eta Berdeek pozez hartu zuten erabakia, urteak daramatzatelako LGTBI kolektiboko kideen eskubideak aldarrikatzen. Erika Steinbach diputatua, aldiz, gogor mintzatu zen. CDUkoa zen, baina, urtearen hasieran, alderdia uztea erabaki zuen, Merkelek migrazio politikan hartutako erabakien ondorioz. Haren esanetan, sexu bereko pertsonen arteko ezkontza legeztatzeak «konstituzioa ezeztatzen du». Kontuak kontu, Alemaniako Diskriminazioaren Kontrako Bulegoak inkesta bat kaleratu zuen joan den urtarrilean, eta, horren arabera, alemaniarren %82 homosexualen arteko ezkontzak onartzearen alde daude. Legea urte bukaera baino lehenago sartuko da indarrean.

EBkoen erdiak ere ez

Azken hamazazpi urteotan, 23 herrialdetan arautu dute sexu bereko pertsonen arteko ezkontza. Herbehereak izan ziren aurrenekoak, 2000n. Geroztik, Europan, beste hamabik legeztatu dute. EB Europako Batasuna 28 estatuk osatzen dute, eta, hamabostetan, ez dago onartuta. Herrialde horietako gehienak ekialdekoak dira, baina Italian eta Grezian ere ez dago araututa, esaterako.

Laster, 24. batean onartuko dute. Izan ere, Taiwanen legeztatu dute jada, Gorenaren ustez, konstituzioaren aurkakoa baita indarrean dagoen legea. Asiako aurrenekoa litzateke. Afrikan, aldiz, herrialde bakarrean dago araututa, Hegoafrikan. Munduko herrialde askotan delitutzat hartzen dira sexu bereko pertsonen arteko harremanak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.