Brasilgo Munduko Kopa. A multzoa

Sufritzen hasi, gozatzen amaitu

Marcelok gola sartu du bere atean hasi eta gutxira, eta asko gogoratu dira 'Maracanaço'-arekin.Etxekoak, ordea, suspertu egin dira, eta buelta eman diote emaitzari.Neymarrek bi gol sartu ditu

Neymar, gora begira eta hatzak gora, Kroaziari sartutako lehen gola ospatzen. Beste bat sartu zuen gero. TOLGA BOZOGLU / EFE.
Julen Etxeberria.
2014ko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Brasilek orain 64 urte jokatu zuen azken aldiz Munduko Kopa etxean. Oroitzapen oso txarra dauka, kopa berea behar zuela sinetsita egon eta esku hutsik geratu zelako. Galdu egin zuen finalean Uruguairen kontra. Ezusteko porrot horrek mutu utzi zituen egun horretan Rio de Janeiroko Maracana estadioa lepo bete zuten 200.000 ikusleak. Mutu estadioa eta mutu herrialde oso bat. Sekulako festa izan behar zuena sekulakoa hondamena izan zen, horrenbesterainokoa izena ere jarri ziotela: Maracanaço-a.

Denbora asko pasatu da, baina Brasilen ez dute ahaztu orduan gertatutakoa. Horregatik zeuden atzo kezkatuta estreinako partidaren atarian. Beldurra zuten ez ote zen ordukoa berriz gertatuko, etxean festa prestatu eta gonbidatuak festa zapuztea. Gonbidatuaren mailak, gainera, zuhur izateko beste arrazoi bat zen, Kroaziak oso talde ona baitu. Gai da edozeini beldurra gorputzean sartzeko.

Eta beldurra, barruraino sartu zion atzo Brasili, partida hasi eta 11 minutura Olicek ezkerretik egindako erdiraketa batek Marcelok bere atean gola sartu zuenean. Etxekoen festa okertzen hasia zen. Asko izan ziren 1950eko finalarekin gogoratu zirenak.

Hogei minutuko ezinegona

Etxekoen zorionerako, ezinegonak gutxi iraun zuen, hogei minutu eskas, Neymarrek baloia zelai erdian hartu, urrutitik jaurti eta gola sartu zuen arte.

Brasilek berdinketa lortu zuenerako aspaldi zen nagusi zelaian. Kroaziaren gola kolpea izan beharrean, pizgarri izan zen etxekoentzat, ordena apur bat utzi eta aurrera egiteko, lotsagabe. Eta hor, joko horretan, maisu da Neymar. Lotsagabeetan lotsagabeena baita. Selekzioan, gainera, lidertzat du bere burua. Ez du Messirik ondoan, ez du itzal egin diezaiokeen inor. Nahi duena egin dezake. Horregatik inork ez zion ezer esan 69. minutuan epaileak Brasilen aldeko penaltia adierazi eta berak baloia hartu zuenean. Gora etorrita zen, gehiegi, eta ordaintzekotan egon zen, Pletikosak ez ziolako gutxigatik gelditu penaltia. Larri Neymar gola sartzeko, eta larri Brasil Kroaziaren azken ahaleginari eusteko. Eta aurkaria itsu zebilela gol erabakigarria lortu zuen Oscarrek 91. minutuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.