Areto itxietarako fantasia

Ostiralean hasiko da, Bilbon, 24. Fant zinema jaialdia. Joe Dante eta Paul Urkijo zinemagileen lanei aipamen berezia egingo diete aurten. Hemezortzi film luze lehiatuko dira

Hemezortzi pelikula luze izango dira lehian sail ofizialean, tartean Joe Lynchen Mayhem. FANT.
Inigo Astiz
Bilbo
2018ko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Bihurriak izaten dira maiz beldurraren bideak. Berez, 2004an estreinatu zuten Erresuma Batuan Johannes Roberts zinemagile ingelesaren Dark hunters filma, baina aurtengo ekainaren 1era arte ez da helduko Euskal Herriko zinema aretoetara, eta gazteleraz bikoiztuta: Los extraños: Cacería nocturna. Mamuak heriotzak izandako akatsen ondorio direla planteatzen du Robertsek filmean, eta hildakoen eta bizidunen munduen artean harrapatuta gelditu diren arima horien gorabeherak kontatzen ditu filmak, akzioa eta fantasia uztartuta. Eta, hain zuzen ere, lan hori hautatu du aurten Fant Bilboko zinema fantastikoaren jaialdiak bere 24. aldia abiatzeko. Ostiralean egingo dute inaugurazio ekitaldia, Campos antzokian, 20:00etan, eta, Robertsen lanarekin batera, euskal sortzaileen filmak ere proiektatuko dituzte. Hamaika pelikula emango dituzte ondoren, maiatzaren 12ra bitarte.

SAIL OFIZIALIK BETEENA



Guztira, nazioarteko hemezortzi film lehiatuko dira aurten jaialdiko sail ofizialean: inoiz baino gehiago. Baina ez da soilik zenbat diren: nolakoak diren ere bada. Izan ere, jaialdiko antolatzaileek nabarmendu dutenez, beste zinema jaialdi batzuetatik oso kritika onak jasota heldu dira lehian izango diren lanetariko batzuk. Besteak beste, Maurice Haeems zuzendariaren Chimera, Issa Lopez mexikarraren Tigers are not Afraid, Joe Lynchen Mayhem eta Rainer Sameten November ikusi ahalko dira. 3.500 euroko saria jasoko du epaimahaiaknabarmentzen duen lanak,eta itxiera ekitaldian emango dute erabakiaren berri. Bilboko BBK aretoan izango da hori, maiatzaren 11n. Eta Trevor Stevens zinemagilearen Rock Steady Row filma ere proiektatuko dute.

Maiatzaren 12an, gainera, jaialdian saritutako lan guztiak proiektatuko dituzte BBK aretoan, bi saiotan antolatuta: 18:00etan egingo dute lehena, eta 20:00etan bigarrena.

Jatorrizko bertsioan eskainiko dira atal ofizialeko lan guztiak jaialdian, eta gaztelerazko azpidatziekin beti. Horrez gainera, bost film euskaraz azpidatziak ere proiektatuko dira.

LABURRETAN LUZE



Film laburrak dira jaialdiaren beste nortasun ikurretariko bat. Aurten, guztira, hogei lan izango dira lehian, eta euskal zinemagileek sortutakoak izango dira haietariko 11. Hiru sari izango dituzte jokoan: film laburrik onenarena eta nazioarteko film laburrik onenarena —bakoitzak 3.000 euroko saria—, eta euskal film laburrik onenak ere saria jasoko du (2.000 euro).

Atal ofizialaz kanpo, doako eskaintza ere eskainiko du jaialdiak, Panorama Fantastikoa izeneko zikloan. Bertan izango diren sei film luze, ordea, 2.250 euroko saria irabazteko lehian izango dira, eta 1.500 euroko saria izango du film laburrik onenak ere.

'GREMLINS' GOGOAN



Joe Dante zinema zuzendaria omenduko du Fant jaialdiak aurten. Hari emango diote itxiera ekitaldian jaialdiak ibilbide osoari eskaintzen dion Izarra saria. Besteak beste, Gremlins (1984) eta The Howlings (1981) filmak zuzendu zituen Dantek, eta bi lan horien proiekzioak antolatu dituzte egunotan. Saio bikoitza egingo dute larunbatean bi lanekin, 22:15etik aurrera.

Fantrobia saria Paul Urkijo zinegile gasteiztarrarentzat izango da. Genero fantastikoan gero eta indar handiagoa hartzen ari diren zinemagileen lana aitortzeko ematen dute sari hori, eta horregatik hautatu dute Urkijo. Orain arte ere maiz landu du genero fantastikoa zuzendariak, eta egona da aurrez ere Fanten, bere film laburrak aurkezten. Iaz, ordea, bere lehen film luzea estreinatu zuen: Errementari. Urkijoren ibilbidea txalotu nahi izan du jaialdiak orain, eta proiekzioa ere antolatu dute zinemagilearen azken lanarekin, maiatzaren 10erako.

EZ HAIN HILDA



Fant Maisuak sekzioan, Jadanik hilda dauden zinemagile esanguratsuak omentzen ditu jaialdiak, eta hil berri diren bi autore hautatu dituzte aurten: Tobe Hooper eta George A. Romero. Biak dira izen handiak fantasiazko zinemagintzan, eta biak hil ziren iaz. Haien hainbat film proiektatuko dituzte horregatik: besteak beste, House of Horrors eta The Night of the Living Dead klasikoak.

William Dieterleren Portrait of Jennie lanaren kopia birmasterizatua ere emango dute maiatzaren 10ean, eta Steven Spielberg zuzendariaren Close Encounters of the Third Kind pelikularen kopia zaharberritua ere jarriko dute egun berean. Sitgeseko zinemaldian dokumentalik onenaren saria jaso zuen Psycho filmari buruzko lana ere proiektatuko dute: 78/52. Dutxako eszena ezaguna osatzen duten 52 planoak xehe-xehe aztertzen ditu Alexandre O. Philippe zuzendariak. 91 minutuko film bat, 52 plano azaltzeko. Kritika onak jasota dator filma jaialdira.

BONUAK ETA SARRERAK



Golem-Alhondiga izango da jaialdiaren erdigune nagusia: han proiektatuko dituzte film gehienak. Zinemako bigarren aretoan antolatutako emanaldi guztiak doakoak izango dira, lekuak bete arte, baina, gainerakoan, 5 euro balioko dute sarrera guztiek, eta 2,90 euro maiatzaren 7tik 9ra. Edonola ere, jaialdiko film guztiak ikusteko aukera ematen duen bonua erosteko aukera ere egongo da, 50 euroren truke.

Informazio gehiago nahi izanez gero,jo webgune honetara: www.fantbilbao.eus
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.