Aingura bota, noranahi atera

Literaturia jaialdiak «euskal letren plaza» bihurtuko du Zarautz beste urte batez, maiatzaren 24tik 27ra bitarte. Liburu azokarekin, liburu aurkezpenekin eta askotariko emanaldiekin osatu dute egitaraua

Literaturiako antolatzaileak eta aurtengo edizioko zenbait parte hartzaile, atzo, Donostiako Tobacco Days liburu dendan. GORKA RUBIO / FOKU.
itziar ugarte irizar
Donostia
2018ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Aingura da aurten literaturazaleak erakartzeko Literaturiak baliatuko duen amua. «Berez da elementu metaforikoa, oso erabilialiteraturan: zertan ainguratu, nondik askatu aingura, nora joateko altxatzen dugun aingura...». Helmuga horietara guztietara iritsi nahi du aurten literatur jaialdiak, Ana Galarraga antolakuntzako kidearen hitzetan. Maiatzeko azkenengo asteburuan izango da, maiatzaren 24tik 27ra bitartean, Zarautzen (Gipuzkoa). Hamargarren edizioa du aurtengoa, gainera. 2008an sortu zen Larrabetzun (Bizkaia); bost urte egin zituen han, eta bosgarrenez egingo da orain Zarautzen. Denbora horretan, jaialdia egokituz eta hazizjoan da, baina beti oinarri berberaren gainean: «Euskal letren plaza izatea».

Hiru oinen gainean eraikitzen du plaza, oro har, Literaturiak: liburu azoka, liburu aurkezpenak eta emanaldiak. Autobiographical emanaldiak berotuko du giroa ostegunean, maiatzaren 24an. Eta, ireki, hurrengo egunean irekiko dute jaialdia, Joxan Artze gogoan hartuz eta ainguraren ideiari helduz. «Joxan Artze sustraituta zegoen pertsona bat izan zen, baina horrek ez zion inolako loturarik ekartzen; hortik aske sortzen zuen», aipatu du Galarragak. Ostean, eMe taldeak emango du kontzertua, eta Oier Guillan idazleak hartuko du parte harekin.

Iaz bezala, haurrentzako gunea izango da Musika plazan. Maite Franko eta Juan Kruz Igerabide ipuin kontalariak ariko dira, hurrenez hurren, larunbat eta igande goizetan. Eta plazako kioskoa «irakurketa txokoa» bihurtuko dute larunbatean. Aurtengo berrikuntza igande eguerdirako gorde dute: Literattipia festa antolatu dute herriko ikastetxeekin, eta, kantak eta liburuak trukatzearekin batera, Jesus Mari Olaizola Txiliku omenduko dute, haur eta gazte literaturari egindako ekarpenagatik. «Herriko idazle handi bat», Itziar Iruretagoiena antolakuntzako kidearen ahotan. Musika plazak hartuko du, halaber, liburu azoka; larunbatean egun osoz eta igande goizez.

EIZIEk itzulpengintza tailerra eta errezitala emango ditu, larunbatean. Bigarren tailer bat ere gertatu dute, eta hor da aurtengo beste berrikuntza. Euskarazko Wikipediak idazleak herrian ibiliko direla baliatuko du haiei buruzko informazioa lortu eta horrekin euren ataria «aberasteko». Hori goizean izango da. Arratsaldean, Biziminak emanaldia eskainiko du Itzel konpainiak; eta Zer hartu ontzitik, itsasoa harri bihurtzen bada emanaldia etorriko da ondotik. Josevisky marrazkilariaren Aingurak komiki-sailari musika jarriko diote Miren Narbaizak eta Joseba Baleztenak.

Lan berrien «pribilegioa»

Literaturia sortzaileen lan berriak jasotzeko plaza ere izaten da urtez urte. Hori da duen «pribilegioa», Galagarrarentzat. Txakur Gorria sormen kolektiboak, esaterako, Lau emanaldia sortu du propio Literaturiarako. Sormen lan berri bati hutsetik heldu, eta aurrez egindakotik «aingura altxatzeko» baliatu dutela azaldu du Ane Labaka kolektiboko kideak: «Lau emakume egongo gara, lauak ez garen lau emakume. Emanaldiaren lotura lau dei izango dira. Esperimentu bat izango da». Labakarekin batera, Mariñe Arbeok, Malen Amenabarrek eta Nerea Ibarzabalek osatuko dute laukoa, eta igandeko azken emanaldia izango da eurena.

Igande goizean botako dute aingura Andoni Tolosa Morau-k, Anjel Lertxundik eta Maddi Zubeldiak. Alzheimerraren eta, oro har, zaintzaren inguruan ondu dute hirurek euren azken sormen lana, eta horretaz solasean ariko dira Oroimenaren aingura: Alzheimerra eta sorkuntza solasaldian. Morau: «Pertsonak izaten dira askotan aingurak. Eta pertsonekin ainguratzen gaituzten egokieren artean, zaintza izan daiteke horren alderik nabarmenetako bat». Bakoitzak nola bizi izan duen eta sormenetik nola landu duen partekatuko dute, eta kanturik ere izango da.

Liburu aurkezpenek osatuko dute, bestalde, jaialdiaren hirugarren hanka. Garoan izango dira, «herriko liburu dendan», Galagarraren hitzetan. «Horrelako espazioak aldarrikatu behar dira. Garoak herrian egiten duen kultur akuilu lana agerian uzten du Literaturian duen presentziarekin». Egileek zein itzultzaileek aurten plazaratu dituzten izenburuak aurkeztuko dituzte, elkarrizketatzaile batek lagunduta. Larunbatean izango dira denak, eta Oier Guillan, Juankar Lopez-Mugartza, Xabier Mendiguren, Xabier Amuriza, Asel Luzarraga, Karlos Cid Abasolo, Sonia Gonzalez, Antxiñe Mendizabal, Iñigo Roque eta Ana Isabel Morales igaroko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.