Tunelean gordetako neska

Xabier Amurizak fikziora eraman du frankismoan euskal abade presoek eginiko ihesaldi saioa, 'Neska bat leku inposiblean' eleberrian. Neska bat jarri du protagonista, «alegoria pozgarri bat» sortzeko

Berak bizitako istorio bat fikziora eraman du Xabier Amurizak Neska bat leku inposiblean eleberrian. Irudian, Amuriza, atzo, Donostian. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2018ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Frankismo garaian, 1970eko lehen urteetan, ustez apaiz batenak ziren ohiko zereginetan ez, oso bestelakoetan zebilen euskal abade talde bat. Zamorako (Espainia) kartzelan preso zituzten, eta ihes egiten saiatuko zirela erabaki zuten. Tunel bat zulatzeari ekin zioten horretarako, eta ia bi urteko ezkutuko lanen ondotik, zuloaren beste aldean argia ikusi ere egin zuten. Ihes egitea, ordea, ez zuten lortu, espetxezainek azken unean tunela atzeman baitzuten. Tunelgile aritutakoen artean izan zen Xabier Amuriza (Zornotza, Bizkaia, 1941), eta, ia bost hamarkada geroago, gertaera hura fikziora eraman du. Elkar argitaletxearekin plazaratu du Neska bat leku inposiblean nobela, eta atzo aurkeztu zuen egileak berak, Xabier Mendiguren editoreak lagunduta, Donostian.

Kartzela berezia zen Zamorako hura, konkordatua; hitzarmena egin zuten Vatikanoak eta Francoren erregimenak, preso hartutako abadeak han giltzapetzeko. «Mendebaldeko historia osoan nekez aurkituko da apaizen presondegi bat, zeinaren jabetza eta gobernua Elizak eta estatu batek partekatzen dituzten», Amurizaren hitzetan. Bertan sartu zituzten bera eta beste hainbat euskal elizgizon —tartean, besteak beste, Josu Naberan, Julen Kaltzada, Alberto Gabikagogeaskoa, Nikola Telleria...—, errepresioaren aurka Bilboko gotzaindegian protesta bat egin ostean. Zigor luzeak ezarri zizkien epaimahai militar batek, eta, Zamoran zirela, ihes egiten saiatzea erabaki zuten, beste zenbait abaderekin batera. Hamazazpi metro luze zen tunela zulatu zuten; baina, azken unean, plana zapuztu zitzaien.

Aspalditik zuen buruan Amurizak istorio hori idazteko asmoa. «Argumentu guztiz interesgarria da, norbera tartean izanda gehiago». Istorio horren kronikak badaudela azaldu du, baina berak literatura egin nahi zuela. Eta fikziora eraman nahi zuela gertakari erreal hura. «Seguruenik, tunela arrakastatsua gertatu izan balitz, ez nuen fikzioa egingo. Baina tunela porrota izan zen, eta ez nuen porrotean amaitu nahi, eta literaturan ere ez dut porrota transmititu nahi. Porrot tokietan sarritan egon naiz nire bizitzan, baina, zeharka, porrot horiek garaipen kolateralak izan dituzte. Behar nuen istorioari bide kolateral bat ateragaraipen bat izan zela sentitzeko eta, batez ere, literarioki balio hori eduki zezan».

Alegiazko elementu bat sartzeko hautuan topatu zuen bide hori, kontakizunean neska bat sartzeko erabakian, alegia. Abadeei ihesaldian lagunduko die, eta bera da liburuko protagonista. «Tunelaren berezitasunik nabariena da neska bat dela bertako protagonista nagusia», Amurizaren hitzetan. «Hortxe filtratu zen eta askoz zailagoa dena, hortxe gordetzen da, leku inposiblean. Neska bat gizonezkoen kartzelan, eta gizonezko apaizen kartzelan. Berari esker, historia galtzaile batek badu alde garaile bat, errepikatzea merezi lukeena. Bera dela bide, porrot mingarri batek alegoria pozgarri bat sortu du». Alegoria hori pertsonala da idazlearen kasuan, baina, haren ustez, «orokorra» ere izan liteke. «Eta, agian, orokortasun hori multiplea izan daiteke. Baina hori irakurlearen aukeran gelditzen da».

Liburua memoria historikoari ekarpena egiteko helburuarekin idatzi ez duen arren, horretatik ere baduela adierazi du idazleak. «Badago duela 50 urteko izpiritu bat hemen, hor islatzen den giroa, idealismoa... Badago izpiritu komun bat Euskal Herriko zati handi batena, eta hori guztiz sentipen bizia dut gaur, bai pertsonalki bai kolektiboki». Ez zuela kronikarik egin nahi, «literatura nazionala» baizik, hori ere argi utzi du. «Nik motiboak hemengoak nahi ditut, Euskal Herriak bizi izan dituenak. Nire sinbolo literario nagusiek euren tokian tokiko giroa egin dute. Ni ez noa atzerrira motibo bila: nik hemendik nahi dut egin».

Gertagarri izatea, obsesio

Neska bat gizonen eta, zehazki, gizonezko abadeen kartzela batean egotea ez da gauza arrunta. Zertarako jarri duen bai, baina Amurizak ez du argitu eleberrian nolatan dagoen neska hori han. Edonola ere, fikzio hori gertagarria izatea izan da haren «obsesioa», esan duenez. «Saiatu naiz neska hori kartzelan sartzen, eta hori izan da errazena; zailena da bertan gordetzea. Eta uste dut, aurreratu ezin ditudan detaile askorengatik, gertagarria dela neska hori hor egotea. Ahalegin hori egin dut; neska bat sartu dut eta uste dut sinesgarria dela, eta hala balitz, garaipen eder bat izan da, nahiz eta tunela porrota izan».

Hogeitaka liburu ditu argitaratuak Amurizak, askotarikoak, gainera. Fikzioa egin izan du, eleberrien bidez bereziki; bertsolaritzaren inguruan ere idatzi izan du; autobiografia ere landu du; baita saiakera ere, hizkuntzari lotutako bere gogoetak plazaratzeko, adibidez; itzulpengintzan ere aritua da... «Artista polifazetikoa da, arlo asko landu dituena», Xabier Mendiguren Elkarreko editorearen hitzetan. «Denetan pasioz eta indarrez aritu izan da, eta denetan utzi du bere alea, arrastoa eta zeresana». Editoreak gaineratu du oraingoan nobela bat idaztea erabaki duela, eta ez dela nolanahiko eleberria.

Hizkuntzari dagokionez, azken urteotan euskara batu erabilgarriago eta eraginkorrago baten aldeko proposamenak jasotzen dituzten hainbat lan idatzi dituela ekarri dio gogora Amurizari editoreak. Bere nobelako hizkuntza teoria horien gauzatze modura har litekeen galdetuta, egileak iritzi dio ez duela hori muturrera eraman, baina lexikoan igarriko dela. «Literatura egitean ikusten dut muga handiak ditugula. Hiztegi literarioa da hemen zaila, ñabardurak; hor ikusten ditut mugak, eta horretan saiatu naiz, betiere neurri baten barruan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.