Brasilgo Munduko Kopa

Dena nahastu du

Costa Rica final-zortzirenetarako sailkatu izanak hankaz gora jarri du D multzoa. Ingalaterrak jada ez du aukerarik, eta Italiak eta Uruguaik gaur dute jokoan azken aukera.

Dena nahastu du.
Julen Etxeberria.
2014ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Txapelketa guztietan egon ohi da besteen gainetik nabarmentzen den multzo bat. Heriotzarena deitu ohi zaio, selekzio indartsu batek baino gehiagok bat egin ohi baitute han.

Brasilgo Munduko Kopak ere badu heriotzaren multzoa: D multzoa da. Italia, Uruguai, Ingalaterra eta Costa Rica daude han. Aurreneko hiru selekzioen artean zazpi titulu dituzte Munduko Kopan: italiarrek, lau; uruguaitarrek, bi, eta ingelesek, bat. Costa Ricak ez du alerik, ezta aurrekoen osperik ere. Laugarrenez ari da Munduko Kopan, eta inoiz ez du gainditu final-zortzirenen langa. Hala ere, gaur-gaurkoz hura da final-zortzirenetan tokia ziurtatu duen bakarra.

Merezita egin du, gainera. Bi partida jokatu ditu, eta biak irabazi ditu: 3-1 Uruguairi eta 1-0 Italiari. Gaur garaipen bolada horri eusten saiatuko da, Ingalaterraren aurka. Ingelesek jada ez dute aukerarik sailkatzeko, jokatutako bi neurketak galdu baitituzte: 2-1 Italia eta Uruguairen aurka. Oso bestelakoa da costarricarren egoera. Berdinduta edo irabazita, multzoko lehen sailkatu gisa egingo dute aurrera, baita galduta ere, Italiak eta Uruguaik multzoko beste lehian egiten dutenaren arabera. Gertatzen dena gertatzen dela, Keylor Navasek, Joel Campbellek eta enparauek berdindua dute euren herrialdeak Munduko Kopa batean egindako lan onena: final-zortzirenetara iritsi zen 1990eko ekitaldian, Italian jokatutakoan.

Kale edo bale

Italia edo Uruguai. Bietako batek egingo du aurrera Costa Ricarekin batera. Nork? Auskalo. Lehia gogorra espero da gaur. Konfiantzari dagokionez, uruguaitarrak dirudite indartsuago, azken partida irabazi baitzuten. Gainera, osatu egin da haien izar nagusia, Luis Suarez. Nola, gainera. Hark sartu zituen Uruguairen bi golak Ingalaterraren aurka.

Italiak, ordea, goitik behera egin du Munduko Kopan. Ondo ekin zion, estreinakoan Ingalaterrari irabazita, baina joan zen ostiralean kolpe handia jaso zuen.Sailkapena ziurtatuko zuela espero zen, baina Costa Ricak lortu zuen sari hori. Gaur, berdinketak ere balio dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.