Bistan egon ez den Oteiza

Bilboko Michel Mejuto galeriak orain arte bilduma pribatuetan egon diren Jorge Oteizaren 39 pieza bildu ditu, eta erakusketa bat antolatu du haiekin. Librea da sarrera, eta salgai daude lanik gehienak

Jorge Oteiza artistak 1969an sortutako Pietatea lana da Bilboko Michel Mejuto galerian ikus daitezkeen piezetako bat. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Inigo Astiz
Bilbo
2018ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Ez dira ezkutuan egon, baina ez dira egon bistara. Hainbat hamarkadaz bildumagileen etxeetan soilik ikusi ahal izan diren Jorge Oteizaren 39 pieza bildu ditu Bilboko Michel Mejuto galeriak, eta erakusketa antolatu du haiekin: Oteiza. Jendeak lehenengoz ikusi ahalko ditu lan horietako batzuk. Erakusketak artistaren ibilbideko lau hamarkada hartzen ditu, 1951n hasi eta 1992ra arte. Ez dute erakusketa kronologikoki antolatu, baina galeriaren erakusleihotik artistaren ibilbide hori guztia begi kolpe bakarrean ikusi ahal izateko moduan antolatu dituzte aretoak. «Oteiza aldi berean bide asko hartzen dituen delta baten modukoa da», laburbildu du Michel Mejuto galeristak. Erakusketa uztailaren 27ra arte egongo da zabalik Bilbon, eta gero, irailetik aurrera, Madrilgo Guillermo de Osa galerian egongo da, beste bi hilabetez.

50eko hamarkadan Madrilen bizi zela egindako igeltsuzko bi fraideren irudiak ikus daitezke lehen aretoan. Erabat figuratiboak dira biak, baina jadanik igartzen dira gerora artistak Arantzazuko santutegirako egindako apostoluetan erabiliko zuen hustuketa teknikaren izpi batzuk. Badira, baina, Arantzazuko zikloari dagozkion pieza gehiago ere. Santutegiko sarrerarako egindako apostoluen frisoko bederatzigarren figuraren burua ikus daiteke, adibidez, bigarren aretoan, eta elizaren aurrealderako sortutako pietatearen estilora onduriko metro erdiko pieza bat ere badago hirugarren aretoan, ibilbidea ixten.

Badira Oteizaren ibilbide abstraktuaren adibideak ere. Bigarren aretoan, 1972ko eta 1992ko kutxa metafisiko bana ikus daiteke, esaterako, eta badira kleren laborategia deitutako sasoiari dagozkion beste lan batzuk ere. «Abstrakzioa lantzen hasi zenean ere ez zuen figurazioa utzi», azaldu du galeristak.

«Oteizaren kezka nagusiei buruzko atzerabegirakoa eskaintzen dute aztergai ditugun piezek». Alfonso de la Torre komisario eta arte adituak prestatu du erakusketaren harira kaleratutako katalogorako testua, eta bertan dator esaldi hori. Besteak beste, Pablo Palazuelo, Manuel Rivera eta Gerardo Rueda artisten katalogo arrazoituak egin ditu, eta aspaldiko ezaguna du Oteiza ere. Hari eskainitako erakusketa bat antolatu zuen Oteiza museoarentzako Altzuzan (Nafarroa), eta ikertua du Oteizak 50eko hamarkadako beste hainbat artistarengan izandako itzala ere. «XIX. mendea ukitzen jaio zen ia, XX. mendean aritu zen lanean, eta XXI. mendean hari buruz hitz egiten jarraitzen dugu, jende gaztearentzako eredu izaten segitzen duelako oraindik ere», laburbildu du ikerlariak.

Picassorekin borrokan

1987koak dira erakusketan ikus daitezkeen medaila itxurako brontzezko piezak, eta, hain zuzen ere, horiek dira artistaren azken lan figuratiboak. Artistak bakoitzaren bi edo hiru kopia baino ez zituen egin, eta bitxiak direla nabarmendu du galeristak horregatik. Gernikako arbola irudikatzen du batek, eta Lope Agirreren buru espetxeratua beste batek; halaber, bada Pablo Picassoren Gernika koadroko zaldiaren irudia erreproduzitzen duen bat ere.

Maitasunezko eta gorrotozko harremana zuen Oteizak Picassoren lanarekin, Mejutoren hitzetan. «Medaila hauek egiten ari zenean laguntzaile izan zuen pertsona ezagutu nuen, eta kontatu zidan Oteiza zaldia bere egiteko borrokan aritu zela, eta sentsazioa izan zuela Oteizak ez zuela lortu zaldi hori erabat etxekotzerik. Esaten zuen Picassoren aurka ezin zela ezer egin».

Oteiza borrokan aritu zen Juan Larreak Picassoren koadroari buruz egindako gogoeta horrekin ere, De la Torreren ustez. «Liluragarria iruditzen zitzaion interpretazioa zenbaitetan, baina berehala pasatzen zen gorrotora. Oteiza fundazioan ikusi nuen Oteizak erabili zuen kopia, eta goitik behera dago oharrez beteta; goitik behera», azaldu du. «Gernikaren irudiarekin zuen obsesioaren erakusgarri da hori».

2013an ere eskaini zioten beste erakusketa bat Oteizari Michel Mejuto galerian. Artistaren heriotzatik hamar urte bete ziren orduan, eta hemezortzi eskultura bildu zituzten. Orduan, Mejujok esan zuen bi urteko lana izan zela, eta orduko lanaren emaitza da, neurri handi batean, orain zabaldu duen bilduma. Erakusketa hark etxean Oteizaren bat zuten bildumazaleak erakarri zituen galeriara, eta horri esker osatu ahal izan dute bigarren bilduma orain.

Erakusketa «esanguratsua» egitea zen galeriaren asmoa, eta esan du lana «gogor» egin behar izan dutela horretarako. Galeristak aitortu du egungo erakusketa «osoagoa» dela, eta hobeki ordenatu ahal izan dutela, Oteiza Museoak kaleratutako artistaren eskulturaren katalogo arrazoituari esker. «Aurreko erakusketan ere Oteiza museoaren eta Txomin Badiola artistaren bermea genuen lanen benetakotasuna ziurtatzeko, baina orain katalogo arrazoituaren lasaitasuna izan dugu».

Librea du sarrera erakusketak, eta, bestalde, salgai daude galerian ikus daitezkeen piezarik gehien-gehienak. Bada, tartean, 6.000 eta 7.000 euroan lor daitekeen eskulturarik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.