Philip Roth hil da

Klasiko bat zen hil aurretik ere

Philip Roth idazle estatubatuarra zendu da, 85 urte zituela, eta hark utzitako eleberriek XX. mendeko literatur ahots nagusietariko bat bilakatu dute. Idazteari uztea erabaki zuen 2010ean

Philip Roth idazle estatubatuarra, 2010ean idazteari uztea erabaki aurretik, bere etxeko lorategian. BERRIA.
Inigo Astiz
2018ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Oso idazle gutxik izaten dute bizirik egon, goizero esnatu, kafea berotu, irratia entzun, besoak luzatu, mahaian aurreko egunean utzitako paperetara hurbildu, eta idazten jarraitu, eta, aldi berean, bere lanak autore klasikoei eskainitako bilduma espezifikoetan publikatuta ikusteko pribilegioa. Philip Roth izan da salbuespen horietariko bat (Newark, AEB, 1933 - New York, 2018). Izan ere, kritikak XX. mendeko AEBetako idazlerik onenen artean aipatu izan du. 1969an, Portnoy's Complaint eleberriarekin erakarri zuen literatur munduaren arreta, eta haren itzala luzatu baino ez da egin geroztik argitaratu dituen liburuekin. Urtero aipatu dute haren izena Nobel sarirako, baina Suediako akademiaren aitortzaren atarian geratu da, azkenean. Bereak dira, besteak beste, The Counterlife, Sabbath's Theater, American Pastoral, The Human Stain eta The Plot Against America liburuak, eta euskaraz irakur daitezke Suminez (Meettok) eta Nemesis (Meettok) liburuak. 2012an jakinarazi zuen idazteari utzi ziola, eta asteartean hil zen, 85 urte zituela. Akabo klasiko izan bitartean bizirik egoteko pribilegioa, beraz; soilik klasiko izango da orain.

Rothek Europa Ekialdetik emigratutako familia juduetan hazitakoak zituen gurasoak, eta AEBetako klase ertaineko juduen unibertso horrek hartzen ditu bere eleberrietariko asko ere. Hain zuzen ere, mundu partikular hori sakontasunez irudikatzeko gaitasuna azpimarratu diote kritikari eta irakurleek beti. Horrez gainera, etengabeak dira bere ibilbidean familia barruko harremanei, sexuari, maitasunari eta literaturari buruzko obsesioak.

Hainbat pertsonaia juduren nondik norakoak kontatzen dituen Goodbye columbus liburuarekin hasi zuen idazle ibilbidea, 1959an. National Book Award saria jaso zuen lan hari esker, baina batzuen txaloekin batera heldu ziren besteen antisemitismo akusazioak ere, zenbaiten irakurketaren arabera gorrotoa baitzegoen, sakonean, testuan egiten zituen deskribapen zorrotzen atzean. Edonola ere, Portnoy's Complaint (1969) liburuan biltzen dituen sexu aitortzekin heldu zitzaion benetako arrakasta. Psikoanalistari bere esperientzien eta obsesioen berri ematen dion gizon judu baten kontaketa da lan hori, eta eztabaida eragin zuen idazleak egindako erretratu hark ere. Etengabea izan da debate hori haren ibilbidean.

Aitortua zuenez, ez zitzaion eroso egiten idazle judu etiketa. «Ez dut judu idazten, estatubatuar idazten dut». Unibertsaltasuna nahi zuen partikular hartan, baina Rothen esaldiak balio dezake bere anbizio literarioa ere deskribatzeko.

Amerikar trilogia izenekoa jo ohi dute adituek Rothen gailurtzat. American Pastoral (1997),I married a comunist (1998) eta The Human Stain (2000) lanek osatzen duten hirukotea, eta idazleak AEBetako gizartearen irudikapena egiten du bertan. Gainera, hiru lanetan agertzen da Zuckerman izeneko pertsonaia ere, eta haren bidez heltzen zaizkio kontakizun guztiak irakurleari.

Idatzitako 31 eleberrietako bederatzitan ageri da Zuckerman, eta, pertsonaia horrek idazlearekin dituen parekotasun biografikoak kontuan hartuta, kritikariek Rothen alter ego-tzat hartu dute maiz, idazlearen etsigarri.

Literaturaren rol eskasa

Literatura zuen bizitzaren ardatz, eta mingarri zitzaion horregatik literaturak bere herrialdean daukan pisu txikia.

Berlingo harresia erori berritan, eta Sobietar Batasunaren amaieraren atarian, merkatu librearekin batera helduko zitzaien telebista komertzialaren hedapenak literaturari eragingo zion kalteari buruz aritu zitzaion Roth Ivan Klima idazle txekiarrari. «Etsai horrek hutsalkeria bilakatzen du giza diskurtso guztia». Urteek aurrera egin ahala, ez zuen baikor izateko motiborik topatu.

2001ean, esan zuen AEBetan irakurketa «hilda» zegoela. «250 milioi biztanle dituen herrialdean ez dira 100.000 irakurle ere egongo». Ñabardura gehitu zion Paris Match aldizkariari, ordea. «Optimista nintzenean esan nuen hori», zehaztu zuen. «Egunero obra serioak irakurtzen ordu batzuk ematen dituzten horiei deitzen diet nik irakurle. Liburu batengatik dena baztertzen dutenak. Eta, AEBetan, oso heldu gutxik dituzte denbora hori eta interes hori».

Idatzitakoa zen garrantzitsua Rothentzat, baina azaldu zion bere lan metodoa Paris Review aldizkariari. «Egun osoz aritzen naiz lanean, goiz eta arratsalde, ia-ia egunero. Bizpahiru urtez hor eserita jarraitzen badut, azkenean liburu bat izaten dut». Halaxe, bost hamarkadaz, mahai gainean 31 liburu baino gehiago izan arte.

Baina 2012an eman zuen albistea: idazteari uztea erabaki zuen.

Berez, 2010ean egin zuen hautua, baina bi urte geroago soilik egin zuen publiko erabakia. Baina zergatik utzi zuen? Why write? testu bilduman eman zuen erantzuna: «Susmoa nuen nire lanik onena egina nuela, eta apalagoa izango zela hortik aurrerako guztia. Bizitasun mentala, energia linguistikoa eta sasoi fisikoa behar dira nobela baten egitura konplexu eta xurgatzaileak eskatzen duen bultzada sortzailea mantendu eta sortu ahal izateko, eta nik jadanik ez nuen horrelakorik. Talentu bakoitzak izaten ditu bere ezaugarriak: bere izaera, bere helburua, bere indarra; baina baditu bere epe, ariketa eta biziraupena ere. Mundu guztia ezin da izan produktiboa betirako».

Hain zuzen ere, bere azken eleberrietariko bi dira euskaraz irakurri daitezkeen bakarrak. Nagore Tolosa itzultzaileak ekarri zuen euskarara Suminez, 2009an, eta Beñat Sarasolak itzuli zuen Nemesis, 2011n. Sarasolak idazlearen estilo aberastasuna nabarmendu du sortzailea hil berritan. «Idazlearen ofizioa inor gutxik bezain ondo menderatu duen idazlea izan da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.