Txina garaikidea Bilbon dago

Nazioartean Txinako arte esperimentalari eskainitako erakusketarik handiena hartu du Bilboko Guggenheim museoak. Artelan batzuetan animalia biziak erabiltzeak kexak piztu ditu sarean

Animalia biziak erabiltzen dituen Huang Yong Ping artistaren lanek kexa piztu dute, eta elkarretaratzea ere egingo dute haien aurka, gaur. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Inigo Astiz
Bilbo
2018ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Alexandra Munroe arte komisarioak superlatibora jo behar izan du Bilboko Guggenheim museoan zabaldu duten erakusketaren neurria deskribatzeko: «Txinatik kanpo Txinako arte esperimentalari inoiz eskainitako erakusketarik handiena da hau». Guggenheimek Asiako arteari eskainitako departamenduko burua da Munroe, eta baita Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia erakusketako komisario nagusia ere. 1968tik 2008rako denboran herrialde horretan sortutako abangoardiako artearen erretratu bat eskaini nahi du bildumak, eta, horretarako, 60 artista eta artista talderen 120 artelan baino gehiago bildu dituzte. «Artearen historia global berri bat proposatzen saiatzen ari gara», azaldu du komisarioak. Bilduma irailaren 23ra arte egongo da ikusgai; izan ere, hasieran behintzat, animalien eskubideen aldeko ekintzaileek kexa azaldu dute sarean, erakusketako pieza batzuetan animalia biziak erabiltzen direlako, eta sinadura bilketa hasi baitute sarean, erakusketa bertan behera uzteko eskatzen. Elkarretaratzea ere egingo dute gaur, 18:30ean.

Erakusketak bigarren solairu osoa hartzen du, eta 1968tik 2008ra doazen 40 urteak biltzen ditu. Kronologikoki antolatu dute ibilbidea, eta, komisario nagusiak azaldu duenez, bi data horien hautaketa ez da debaldekoa izan: Tiannanmengo ikasleen protesten urtearekin hasi, eta Pekingo Olinpiar Jokoen urtearekin buka. Hain zuzen ere, bi puntu horien artean gertatutako transformazio artistiko, politiko eta ekonomikoak azaltzea da erakusketaren asmoa; Txinan, batez ere, baina munduan, oro har. «Gure asmoa ez da arte mugimendu honen kanon berri bat proposatzea», azaldu du Munroek; «Erakusketa proposamen multzo bat da globalizazioaren historiari begiratu ahal izateko Txinako arte esperimentalaren bidez ».

Munroeren gidaritzapean aritu dira, erakusketa antolatzeko lanetan, Philip Tinari, Pekingo Arte Garaikideko museoko zuzendaria, eta Hou Hanru, Erromako Maxxi museoko arte komisarioa; gainera, zehaztu dutenez, hainbat artistaren laguntza ere izan dute horretan. Nazioartean izen ezagunak diren sortzaileak biltzen ditu bildumak. Tartean dira, esaterako, Cai Guo-Qiang, Lin Yilin eta Ai Wei Wei, baina bada erakusketako hiru komisarioek guztien artean nabarmendu duten bat: Huang Yong Ping.

«Erraldoi bat da», laburbildu du Hanruk. «Munduko arte kanon guztien kontra egiteko eraso estrategia pertsonal eta propioa garatu du». Horregatik, artista dadaisten kide izendatu du, eta pieza bat ere aipatu du horren frogatzat. Komisarioak Duchampen txizatokiaren parekide aipatu du Yong Pingen 1987ko obra bat: Pintura txinatarraren historia eta Pintura modernoaren historia laburra garbigailuan bi minutuz garbituak. Artelanaren tituluak adierazten duena da artistak egin zuena: mendebaldeko eta ekialdeko artearen historiari eskainitako liburu bana hartu, garbigailuan sartu, eta, hala, bi minuturen ostean, paper ore amorfo bakarra osatu zuen, itxuraz paraleloak diruditen bi historia horiekin.

Sugeak eta dortokak

Yong Pingen pieza bat da erakusketa osoari izenburua jartzeko hautatu dutena ere: Munduaren antzerkia. Pieza horrek irekitzen du erakusketaren ibilbidea, eta pieza horixe da polemika eragin duenetariko bat ere.

Musker eta matxinsalto espezie sorta bat biltzen dituen dortoka itxurako kaiola bat da pieza, eta bikotea osatzen du sugeak eta dortokak dituen suge itxurako Zubia pieza-kaiolarekin. Txinatar mitologian, sugeak eta dortokak dira munduaren sorkuntzaren sinboloak, eta artistak iruditeria horri egiten dio erreferentzia lan horrekin. Animalien eskubideen aldeko taldeek, ordea, esan dute tratu txarrak daudela pieza horietan.

Baina ez da hori bakarrik. Xu Bing artistaren pieza bat ere kritikatu dute sareetan. Jendetza baten erdian, larrua ingelesezko eta txinerazko esaldi ulertezinez beteta duen aketz batek zerri eme bat estaltzen du Transferentzia kasu bat izeneko piezan, eta artelan horretan ere animaliak erabiltzea salatu dute. Artistak 1994an antolatu zuen ekintza hori, eta orduan gertatutakoaren bideoa da orain Bilbon ikus daitekeena.

Juan Ignacio Bidarte Bilboko Guggenheim museoko zuzendariak ukatu egin ditu animalisten akusazioak. «Argi eta garbi gezurtatzen dut museo honetan animaliei tratu txarrak ematen dizkien piezarik dagoenik».Bidarteren hitzetan, talde espezifiko bat dute lanean animaliak zaintzeko, eta artelanak artistek aurreikusi bezala erakustea da museoaren egitekoa. Gainera, adierazpen askatasuna aipatu du artelan horiek mantentzeko arrazoien artean, eta esan du, halaber, askatasun hori «legeak zehazten dituen mugen barruan» dagoela.

Bilbon egon aurretik, New Yorkeko Guggenheim museoan egon zen erakusketa, eta polemika piztu zen han ere. Munroe komisarioak antolatu zuen erakusketa hura ere, eta orain artelanen testuingurua ulertu nahi ez izana aurpegiratu die protestan zirenei. Munroek azaldu duenez, protestak egon arren, erakusketarieustea erabaki zuten orduan, eta erabaki horren defentsa egin du Bilbon ere. «Auto-zentsura praktikatuko genuke komisariook piezak ekarri ez bagenitu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.