Infernurainoko sustraiak

Musikagintzan 35 urte egin dituela ospatzeko eta trikitiaren historia omentzeko, hamazazpi kantako disko-liburua kaleratu du Kepa Junkerak Sorginak taldearekin: 'Trikitixaren historia txiki bat'

Kepa Junkera trikitilaria, Sorginak taldeko neskekin, atzo, Bilboko Errekalde auzoan eginiko emanaldian. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Bilbo
2014ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Lehen orrian bertan dator aitorpena. Lehen esaldian: «Orain gutxi, zera galdetu zidaten: 'Norekin jo nahi zenuke?'. Eta nik erantzun: 'Ikaragarri gustatuko litzaidake nire aitaitarekin jotzea'». Atzera begira jarri da Kepa Junkera oholtzan 35 urte bete dituen urtean, eta trikitiaren historia omentzen duen disko liburua kaleratu du horretarako: Trikitixaren historia txiki bat. Joxean Agirre kazetariak idatzi ditu testuak, Igotz Ziarretak egin ditu argazkiak, eta espresuki diskorako sortutako Sorginak taldeko neskekin batera grabatu ditu kantak Junkerak. Doinu zaharrak dira batzuk, eta berriak besteak, baina Junkeraren ukitua dute guztiek. «Nire ekarpena dute guztiek». Bilboko Errekalde auzoan egin du proiektuaren aurkezpena. Goya kaleko 2.ean, zehazki. Roman Urraza jotzen entzun zuen lekuan. «Kale honetan entzun nuen lehenengoz panderoaren eta trikitiaren soinua, txikia nintzenean». Bere aitonarena izandako etxearen parean, alegia. Bere hatzetan dantzatzen den historia erakutsi nahi izan du Junkerak.

Trikitia, ahotsa, panderoa eta kito. Soila da musikariaren proposamena oraingoan; hiru elementu horiek erabilita grabatu ditu hamazazpi kantak Junkerak. Beste apaingarririk gabe doaz fandangoak, arin-arinak, porrusaldak eta martxak diskoan, baina ez du horrek esan nahi ikerketarako eta esperimentaziorako tarterik egon ez denik. Lanketa berezia egin du perkusioarekin, adibidez. «Tradizionalki kanta horiek jo direnaz bestelako tonu batean jo dut trikitia. Hori batetik, eta, bestetik, bereziak dira panderoen konponketak eta sonoritatea ere. Jolasean aritu naiz horrekin. Saiatu naiz ohiko sonoritateari ekarpen bat egiten». Batera doaz bi asmoak proiektuan. Agerikoa da Junkeraren sinadura, batetik, baina etengabea da musika tresnaren historiari egiten zaion erreferentzia. Agirrek libururako prestatutako dibulgazio testuak dira horren erakusle.

Infernutik hasten du kontakizuna Agirrek. «Infernuko Hauspoarena zabaldua dago munduan. Mississippi ibaiak itsasoratu aurretik egiten duen bihurgunearen bi aldetara baziren joan den mendearen hirugarren hamarkadan Juke Joints izenez ezagutzen ziren taberna zulo negargarri batzuk. Kotoia biltzen lan egiten zuten beltzek leku hits horietan garatu zen bluesa eta musika horri Devil's Music (deabruaren musika) deitzen zioten elizan Gospela (Jainkoaren musika) kantatzen zuten beltz zintzo eta sinestunek. Trikitia ere gurean susmopeko musika izan da edo errezelo horrekin jaio zen behinik behin, jendea eta bereziki gazteak bekatura bultzatzen zituela uste baitzen». Eta azalpen historikoarekin bat doaz Trikitilariak gera kantako hitzak ere. «Apaizak deitzen zioten/ lehen infernuko hauspua,/ aspaldiko esaera/ baina ez daukat ahaztua:/ orain garbia dela eta/ jende gehiena poztua,/ hau bertako gauza dugu/ ez da inori ostua».

Bi dira teoria nagusiak, Agirrek gogoratzen duenez. Bata: 1850ean Norteko Trenean lanean ari ziren italiar batzuek ekarri zuten trikitia Euskal Herrira. Eta bestea: Bilboko portutik heldu zen musika tresna Bizkaira. Ikerlarien ustez, ordea, lehen bertsioa da fidagarriena; «trikitiak ez baitu apenas sustrairik botatzen kostaldean eta gutxiago portuen inguruan, baina bai barrualdean».Junkerak instrumentua 15 urterekin ezagutu zuela kontatzen du gero testuak, eta musikariaren gogoetak ere biltzen ditu. «Berehala ikusi nuen Bizkaian trikitia jotzeko modua pertsonalagoa zela, trikitilari bakoitzaren izaeraren araberakoa. Gipuzkoan, aldiz, hobeto ezagutzen zuten instrumentua eta teknika aldetik aurreratuagoak zeuden». Eta nahasian joango dira hurrengo orrietan ere tresnaren historiari buruzkoak eta Junkeraren biografiari buruzkoak.

Bada liburuan aipamen berezia duen izenik ere, ordea. Kapitulu bana dute, adibidez, Rufino Arrolak, Mauriziak, Sakabik, Gelatxotarrek, Maltzetak, Auntxak, Lajak, Epeldek, Zendoia eta Martirietak, Landakandak eta Iturbidetarrek. Maisu eta irakaslearen artekoak kontatzen ditu Sakabiri buruzko testuak, esaterako. Pisu berezia du Jacinto Rivas Elgeta-k ere liburuan, eta Sakabiren hitzek ematen dute haren garrantziaren neurria: «Beragatik izan ez balitz, ez zegokeen hemen trikitixarik». Ikasle sorta izan zuen Elgetak, izan ere, eta Sakabi izan zen haietariko bat. Ikasle kutunetan ikaslerik kutunena, Agirreren arabera. 1936ko gerrak eten zituen haien artekoak, halere. Francoren aurka boluntario Elgeta, frankistekin soldadutzan Sakabi. 1940an berriz hasi zituzten eskolak.

Euskararen hauspoa

«Trikitixaren hedapenak euskararen maparekin bat egiten du». Liburuko bosgarren kapituluan aipatzen du datua Agirrek. «Hain egiten du bat trikitixak euskararekin non belaunaldi berrientzat soinu txikia gure hizkuntzarekin uztarturik agertzen den». Euskaraz grabatu dituzte Junkerak eta Sorginak taldekoek kanta guztiak, eta, musika maiz berria den arren, herri koplak dira kantatutako gehienak.

Kanten doinuetan eta izenburuetan datoz trikitiaren historiari egindako keinuak. Elgetaren doinu batekin jolasean dabil Junkera haietariko batean, eta Primi, Romualda, Andresa, Pantxika eta Martzelina izendatu du beste kantetariko bat. Azaldu du zergatik: «Mauriziaren garaikide izan ziren pandero jotzaileak izan ziren guztiak». Landakanda, Iturbide eta Motriku izeneko beste kanta bat ere bada, eta kasu horretan are argiagoa da motiboa; Landakanda, Iturbide eta Motriku izan baitira grabazioan panderoa jo dutenak.

Euskara eta erdarazko edizio elebidunaz gainera, beste sei hizkuntza batzuetan ere kaleratuko dute liburua: arabieraz, japonieraz, italieraz, ingelesez, katalanez eta galegoz. «Euskal musika tradizionalari nazioarteko dimentsioa eman nahi diogu», azaldu du Inma Grass Folkmusica argitaletxeko arduradunak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.