Bere buruaren kontra eta alde

Azken hamabost urteetako kantuez eta klasiko bakan batzuez osaturiko errepertorioa eskainiko du Bob Dylanek bihar Donostiako Illunbe zezen plazan.Hamargarrenez ariko da Euskal Herrian

Bob Dylan, iazko irudi batean; orain ez du uzten kontzertuetan argazkiak atera diezazkioten.
gorka erostarbe leunda
2015eko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Etorri ohi denero musika zaleak bere buruari egiten dion galdera da. Zergatik merezi du oraindik Bob Dylanen kontzertu batera joatea, zergatik merezi 55 eurotik gorako sarrera bat erostea? Zale sutsu fededunak erritual baten gisara heltzen dio hitzorduari; barkatzen dizkio ahots xahutuaren gabezi eta urradurak, barkatzen publikoarekiko uzkurtasun, hoztasun eta hor konpon egiteko joerak, barkatzen errepertorio aldakorrak eta himno bilakatu diren kantuekiko ahanztura edo moldaera ia ezagutezinak.

Bob Dylan, pop eta rock kulturaren ikono gailenetako bat izanagatik, misterio handi bat baita oraindik ere. Baita bere buruarentzat ere, ziur aski. Tom Petty& The Heartbreakersekin Temples in Flames Tour izeneko bira egin ostean, geldiunerik gabeko bira bati ekin zion1988ko ekainaren 7an. Orduz geroztik, errepidea eta agertokiak bilakatu ditu eguneroko ogi, eta musika bizitzeko modu alderrai eta bakartia egin ditu bere. Urtero ehun kontzertutik gora egiten ditu; ez da kopuru horietara hurbiltzen den beste rock izarrik. Ez du apenas kontakturik izaten ez kontzertuetako antolatzaileekin eta ezta ere, are gutxiago, zaletuekin. Black Magic Bus autobus beltzetik oholtzara, eta handik berriz ere autobusera, hotelak ere saihesten baititu sarri. Antolatzaileek esan izan dutenaren arabera, ez ditu ohiko rock superstar-aren gutizia, gehiegikeria eta eskaerak. Soilik lasaitasuna eta protokolo nahiz bilgune sozialetatik ihes egiteko aukera ditu aiduru.

Uzkurtasun horrekin, bere buruaren kontra egiten du, neurri batean, zalerik mitozaleenak, konbentzionalenak uxatzen baititu urterik urte —bada aspaldian musikalki ere gainbeheran dagoela iritzita aldendu denik, jakina—. Baina musika eta bere lanbidea ulertzeko modu horrek, era berean, bere alde egiten du, ez baitu itxurakeriaren mesedetan ezer egiten, eta musikari dagokionez ere ez du inolako kontzesiorik egiten; soilik bere ikusmoldera, bere musika apetetara makurtzen da.

Never Ending Tour-a hasi zuenetik, alboratuago utzi zuen folk kantugilearen emaria; bere hastapen urte arrakastatsuetako (60ko nahiz 70eko hasierako) moldea eta klasiko zerrenda murriztu, eta rock, country eta blues formatu, sonoritate eta lengoaiari heldu zion batez ere, aldian aldiko disko berrietan jarriz indarra eta klasiko bakanak molde berrietan eskainiz.

Laugarrengoz Donostian

Hala egin du Euskal Herrian izan den aurreko bederatzi aldietan ere, erabaki hura hartu eta gutxira Donostiako belodromoan izan zenetik. 1989ko ekainaren 17an izan zen aurrenekoz gurean. 9.000 lagun bildu zituen, 3.000 pezetako sarreren truke. Gasteizko Araba pabilioilan (1993ko uztailaren 2an) eta Bilboko Vista Alegre zezen plazan (1995ko uztailaren 16an) eman zituen hurrengo bi kontzertuak, eta, orain artean eskainitakoetatik, kronikarik laudagarrienak orduan idatzi ziren, nahiz eta diskogintzari dagokionez une ahul samarrean zen 1990eko hamarkada hasiera hartan. Bere ibilbideari susperraldi berri bat eman zion Time out of Mind (1997) kaleratu ostean itzuli zen Donostiako belodromora, hamarkada bat geroago, 1999ko apirilaren 11n. Orduan, 6.000 lagun bildu zituen, aurreko aldian baino 3.000 gutxiago.

Mende eta milurteko berrian sarturik, ugaritu egin ditu Dylanek Euskal Herrira egindako bisitak. 2006ko uztailean Donostiako Zurriola hondartzan eskainitako kontzertuak eman zuen zeresana. Orduko agintariek bakearen aldeko kontzertu moduan saldu zutelako, dohainik izan zelako, 80.000 lagunetik gora bildu zelako, eta Dylanen aurretik Mikel Laboak jo zuelako. Dylanen miresle zen Laboa, eta bere ibilbideko zuzeneko azken emanaldia izan zen. Euskal musika zale askoren bi ikono batu ziren.

Iruñeko Anaitasuna kiroldegian (2008ko ekainaren 25ean), Gasteizko Azkena Rock jaialdian (2010eko ekainaren 26an), Bilboko Guggenheim museoan (2012ko uztailaren 11n) eta Baionako zezen plazan (2012ko uztailaren 20an) izan zituen ondorengo hitzorduak. Guztietan nabarmendu zen emanaldien irregulartasuna eta tonu gazi-gozoa.

Bihar, hamargarrenez ariko da Euskal Herrian. Laugarrenez Donostian, eta hirugarren aldikoz uztailaren 11 batean. Illunbeko zezen plazan izango da kontzertua. Aurrez, 21:00etan, Andres Calamaro argentinar musikari eta dylanzale porrokatua ariko da. Azken kronikei erreparatuta—Bartzelona, Madril eta Granadan aritu da azken egunotan, besteak beste—, folkaren eta AEBetako herri musikaren tradiziotik abiatuta rocka poetizatu eta unibertsalizatu zituen bardo aguretuak (Duluth, AEB, 1941), ohikoa duen moduan, ez du apenas hitzik eta aurkezpenik egingo, ez kontzertuaren hasieran, ezta tarteetan ere. Beltzez edo zuriz jantzita agertuko da, ohiko cowboy kapela buruan, ez du gitarrarik joko (pianoan arituko da, medikuaren agindua baitu zutik denbora gehiegi ez egoteko), eta, beste behin, barrenak eskatzen dizkion piezak joko ditu, badu eta non aukeratu 500dik gora sormen propio dituenak.

Frank Sinatraren kantuen bertsioz osaturiko Shadows in theNight azken laneko kantuak esperoko ditu nor edo nork, baina Full MoonAnd Empty Arms eta Autumn Leaves dira lan horretatik jo ohi dituen bakarrak. Kontzertuaren corpus nagusia azken 15 urteetako kantuek osatzen dute: Love and Theft-eko (2001) High Water (For Charley Patton)-ek, Modern Times-eko (2006) Workingman's Blues #2-ek, Together Through Life-ko (2009) Beyond Here Lies Nothin'-ek eta batez ere Tempest-eko (2012) dozena erdi kantuk: Duquesne Whistle, Pay in Blood... 50 urte beteko dira abuztu honen amaieran Highway 61 Revisited disko mugarri eta aparta plazaratu zuenetik, baina, ezusteko handirik ezean, ez du hartako ale bakar bat ere kantatuko.

Ez da bere errepertorio klasikoeneko pieza, baina Things Have Changed tempo ertaineko kantu ederrarekin hasi ohi ditu kontzertuak, eta Tangled Up In Blue zein bisetako Blowin' In The Windklasikoen berrirakurketak dira iragan loriatsuari ameto egindako bakarrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.