Albistea entzun

Zentzumenen bidegurutzea

Errobiko festibalaren hogeigarren aldia eginen dute Itsasun, bihartik igandera arte.

Kantua, dantza, eztabaidak, erakusketak, ibilaldiak eta musika uztartuko dituzte, esperimentazioari bidea irekiz
Irudian, Niño de Elche kantaria eta Raul Cantizano flamenko gitarrista, iaz, Errobiko festibalean.
Irudian, Niño de Elche kantaria eta Raul Cantizano flamenko gitarrista, iaz, Errobiko festibalean. BOB EDME Tamaina handiagoan ikusi

Maddi Ane Txoperena Iribarren -

2015eko uztailak 22 - Baiona

Sorkuntzaren laborategi bilakatuko dira bihartik igandera bitarte Itsasuko bazterrak (Lapurdi), Errobiko festibalaren karietara antolaturiko hamaika musika emanaldi, eztabaida eta erakusketa lekuko. Izan ere, estilo, instrumentu, hizkuntza, espresio, iritzi eta sentimendu ugariren trukerako antolatu dute, hogeigarren urtez jarraian, Artzamendi eta Mondarrain mendien magalean eginen duten jaialdia.

Hiru gau eta lau egunetarako, egitarau zabala prestatu dute Ezkandrai elkarteko kideek, zentzumen guziak adi jartzeko modukoa. Musika komertzialetik ihesi, eta esperimentazioari ateak irekiz, nazioarteko zein Euskal Herriko musikari ugarik hartuko dute parte. Baina ez musikariek bakarrik. Bitxikeria bat aipatzeagatik, Errekatxoko (Barakaldo, Bizkaia) eta Trapagarango (Bizkaia) harri zulatzaileekin elkarlanean eginen dute emanaldietako bat. Inprobisaziorako tartea ere utziko dute, baita musikaz lagunduriko ibilaldiak egitekoa ere. Jan-edanerako aukera eskainiko dute egunero, halaber.

AHOTSAREN URRATSEAN

Kantuz emanen diote Errobiko festibalari hasiera, eta, hala, lehenbiziko gaua ahotsak hartuko du, bereziki. Dantzak ere izanen du presentzia, eta urratsen hotsak ere lagunduko dio kantuarenari. 21:30ean hasita, Julen Axiari eta Maddi Oihenartek eskainiko dute lehen kantaldia, Atharriko gunean. Bastien Fontanille biela jotzaileak lagunduko die Zuberoako kantuak abesten. Eta Euskal Herriko tradizioaren ondotik, Andaluzia aldekoari txanda: Niño de Elche kantariak eta Raul Cantizano gitarra jotzaileak flamenko doinuak izanen dituzte ahotan, Chloe Brule dantzariaren takoi ukaldien erritmoa lagun.

Correzeko (Okzitania) San Salvador dantza eta kantu ikuskizunak emanen dio akabera ortzegun gauari. Gizon-emazte andana batek osatzen duen Bal a la Voix taldeak eskainiko du emanaldia, arte espresio ugari nahasturik. Erraterako, gorputza erabilita perkusioa, antzerkia eta dantza eginen dituzte.

BAT-BATEKOTASUNA

Ortziralean, inprobisazioak eta bat-batekotasunak hartuko dute Itsasuko jaialdia. Alde batetik, Beñat Axiari Errobiko festibaleko zuzendari artistiko eta kantaria Didier Lasserre perkusionistarekin arituko da inprobisatzen. Emile Parisien gazteak zuzenduriko laukoteak joko du ondotik, jazz estiloan. Parisienen saxofoiarekin batera, Julien Tuery pianoan, Yvan Gelugne kontrabaxuan eta Julien Loutelier baterian ariko dira, bat-batean. 2004an sortuz geroztik, gero eta arrakasta handiagoa lortzen ari da Frantziako jazz laukotea. Ahozko inprobisazioaz ere gozatzeko aukera izanen da, Brasilgo ipar-ekialdeko Forro da Lua taldearen eskutik. Gitarra eta perkusioarekin lagunduko dituzte bertsoak.

ZARATAZ, MUSIKA

Melodia musikalak doi bat alde batera utzita, perkusio soilari utziko diete eszena larunbatean. Asian biziki zabaldua den musu gitarrarekin hasiko dute gaualdia: Neptune Capotin musikariak joko du. Okzitaniakoa da, baina mundu guziko musu gitarra jaialdietan parte hartu izandakoa.

Harri zulatzaileak ikuskizuna izanen da jaialdiko berezienetarikoa. Izan ere, Trapagaran eta Barakaldoko Errekatxo auzoetatik etorritako harri zulatzaileak joanen dira Itsasura, eta haien lanak egindako zarata musika instrumentu ohikoagoekin uztartuko dute. Nicolas Nageotte ariko da saxofoian eta klarinetean, Julen Axiari perkusioan eta Ibai Indart gaita eta alboka jotzen.

Emanaldi berezia izanen da Coetus Iberica taldearena ere. Bartzelonako taldeak Iberiar penintsulako perkusio instrumentu guziak berreskuratu nahi izan ditu, eta horrekin guziarekin musika sortu. Kantabria, Gaztela, Andaluzia, Asturias eta Kataluniako kantu tradizionalak kantatuko dituzte kolpeen erritmoan.

Txalaparta eta su artifizialak nahasita osatutakoa izanen da, berriz, Suapartak sorkaria, Paxkal Indok eskainiko duena. Eta, bukatzeko, Erwan Keravecek Bretainiako gaita joko du. Ez da festibalean jotzen duen lehen aldia: 2012an ere izan zen Itsasun.

SORKUNTZAZ EZTABAIDA

Musika eta artisten trukea ez ezik, ideiena ere izanen da bihartik aitzina Lapurdiko herrian eginen dutena, eta horretarako Sanoki gela prestatu dute, kontzertuak eskainiko dituen Atharri gunea baino herritik hurbilago dagoena. Juan Luis Goenaga eta Jean François Larralderen margolanek apainduko dute gela ortzegun eguerditik goiti, eta sorkuntzari buruz gogoetatzeko lekua izanen da. Errate baterako, ortzegun arratsaldean eta ortziral zein larunbat goizean mahai inguruak eginen dituzte. Sorkuntza artistikoa, «premia handiko produktua» lelopean abiatuko dituzte eztabaidak, eta krisi garaian kultur sorkuntzak duen garrantziaz esperientziak partekatuko dituzte film egile, idazle, jaialdi antolatzaile, musikari zein kazetariek.

Arratsaldean, bertzalde, kafearekin batera gozatzeko mementoak: artisten arteko truke irekiak eta ikuskizun esperimentalak eskainiko dituzte ostatuetan eta Atharriko pentzean. Ikuskizun berriak sortzeko parada eskaini nahi dute horrela. Errobiko festibalaren hogei urteak gogoratzeko aukera ere emanen dute solasaldiek, eta jaialdia birpentsatzekoa. Haurrentzat, bertzalde, ibilaldi musikalak eginen dituzte. Jean Christian Irigoien akordeoi jotzaileak eta Elisabeth Hermil txotxongilolariak gidatuko dituzte.

MAHAIAREN BUELTAN

Bazkari eta afariak ere baliatu nahi dituzte gogoetarako, eta, hortaz, egunero eskainiko dituzte apairuak, 13 euroren truke. Jaialdiko sarrerak, bertzalde, aitzinetik eskuratzen ahalko dira Lapurdi eta Baxenabarreko hainbat turismo bulegotan. Hiru egunetarako sartzea 39 euroren truke erosten ahalko da —30 euro langabe eta ikasleentzat—. Banakako emanaldiak, berriz, 16 euroren truke izanen dira —13 euro ahal gutxiago dutenentzat—.

@ Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau: errobikofestibala.fr

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Denis Martinez eta Olaia Valle dantzariak, Barakaldo antzokian, <em>Esna</em> obraren entsegu batean. ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

'Esna' ikuskizuna ondu dute Marie de Jongh eta Doos konpainiek

Olatz Enzunza Mallona

Dantza eta antzerkia uztartuko dituen ikuskizun bat ondu dute elkarlanean Marie de Jongh eta Doos konpainiek: 'Esna'. Joko esperimentu gisa definitu dute. Bihar izango da estreinaldia.

 ©Mailo Oiarzabal

Pasio baten fruituak

Mailo Oiarzabal - Gipuzkoako Hitza

Urteetan jasotako eta gordetako bertso grabazioak transkribatzea erabaki zuen Xabier Unanuek duela ia hogei urte. 42.000 bertso baino gehiagoko bilduma osatu, eta Zestoako liburutegiari utzi dio.

Soledad Sevilla erakusketaren aurkezpenean, atzo, <em>Gatza</em> oihalaren aurrean. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

Soledad Sevillaren 'Nire paisaia propioa' ikusgai dago Kubo Kutxan

Naroa Torralba Rodriguez

Soledad Sevilla artistaren 'Nire paisaia propioa' ikusgai dago Kubo Kutxan. Ibilbide baten proposamena da. Berak aukeratu ditu obrak eta kokapena

<em>Ketariatik mundura</em> pastoralaren bost partaideak. ©BERRIA

Elkanoren bidaia, pastoral «ttipi» batean, bihar, Iruñean

Uxue Rey Gorraiz

'Ketariatik mundura' «nanopastorala» eginen dute bihar iluntzean Iruñean. Hiru aktore eta bi musikari ariko dira, ordu eta erdiz. Mixel Etxekoparrek idatzi du obra

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.