Albistea entzun

Mina eragin, mina kentzeko

Oier Guillanek 'Zauri Bolodia' liburua plazaratu du, bere 'alter ego'-a den pertsonaia bat abiapuntu hartuta; antzerkiaz, kulturaz eta sorkuntza prozesuez gogoeta egiten duen lan hibrido bat da
Oier Guillan, <em>Zauri Bolodia</em> liburu berria eskuetan duela, atzo, Donostian.
Oier Guillan, Zauri Bolodia liburu berria eskuetan duela, atzo, Donostian. JON URBE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Gorka Erostarbe Leunda -

2018ko martxoak 20 - Donostia

Pertsonaia, aktorea eta pertsona. Antzerkian ibili ohi dena hiru plano horiek desberdintzen saiatzen da, «gehiegi edo gehiago zoratuko ez bada». Edonola ere, «nolabaiteko elkarbizitza ematen da hiru horien artean gure gorputzetan». Hala uste du Oier Guillan antzerkigile, aktore eta idazleak (Donostia, 1975). Mr. Señora (Txalaparta, 2016) idatzi zuenean, pertsonaiaren talaian kokatu zuen bere burua. «Pertsonaien ahotsak ziren batez ere, eta umorea zen nagusi». Egun, oholtzetan ikus daiteke Metrokoadroka Sormen Laborategiaren Miss Karaoke antzezlana; Guillanek idatzi zuen testua. «Miss Karaoke aktorearen isla litzateke. Ikusleak ikusiko ditu lau aktore izerditan, guztia ematen, aktore direla ezkutatu gabe». Orain dakarren Zauri Bolodia liburu berriak pertsonaren munduari erreparatzen dio indar biziagoz: «Pertsona izan dut buruan hau idaztean; hau da, pertsonaiaren azpian dagoen aktorearen azpian dagoen pertsona azaldu nahi nuen, baina betiere antzerkiaren testuinguruan kokatua». Txalapartarekin argitaratu berri du lan berria ere.

Zauri Bolodia da liburuko pertsonaia nagusia; aktorea da, egilearen alter ego-a. «Bere azken hamahiru urteetako zertzeladak kontatzen dira. Zertzelada horiek antzerkiarekin, kulturarekin eta sormen prozesuekin dute zerikusia. Bilakaera bat ikusiko dugu, hamahiru urte horietan izandako bere kontraesanak, barne borrokak ikusiko ditugu. Prekaritatearen zama gero eta nabarmenagoa izango da urteak pasatu ahala, eta horrek ekarriko du liburuaren hasieran pertsonaia bat izatea eta amaieran beste bat».

Esaterako, bilakaera izango du pertsonaiak kultura ulertzeko moduari dagokionez. Aldatu egingo zaio begirada, aldatu kokapena. «Nire irudipena da hasieran gehiago begiratzen ziola periferiari, bazterrean dagoenari. Hor sentitzen zuen bere burua. Eta, liburuaren amaieran, tartean dagoen gorputz bat sentitzera igarotzen da. Aldatu du bere kokapena, batez ere oso binarioa den kulturaren definizio baten inguruan: underground edo ez-underground, sisteman egon edo ez egon, barnean ala kanpoan... Binarismo hori apurtzen zaio, eta topatzen du beste gorputz bat».

Krisian den aktorea

Krisian dagoen aktore bat da Zauri Bolodia, azken finean. Undergroundean hasi eta idealista porrokatua zena profesionalizatu egin da apurka-apurka; «bide horretan etorriko zaizkio nekea, desengainua eta, azkenik, bere burua berrasmatu beharra».

Bere buruaren berrasmatzea masaje sesio terapeutiko eta performatibo batekin alderatzen du Guillanek: «Zauri Bolodia etzanda dago bere minekin, eta nik, idazle masajista gisa, mina dagoen lekuan hatzak sartu ditut, mina desagertzen hasi den arte. Masajearekin mina eragiten da, baina mina kentzeko. Hori da nik sentitu dudana liburu honekin, baina gehiago aritu naiz kanpotik, masajistaren paperean, pertsonaiarenean baino».

Bi esku ditu idazleak; bi esku ditu masajistak ere: «Haiekin masajeatu ditut zauriak. Antzerkiaren testuinguruan sarri egiten da galdera hau: zerk gaitu oraindik hemen eusten? Zerk, prekaritateak gero eta min handiagoa ematen digunean? Galdera horien aurrean, nik hatzak sartu ditut; esku batean hartu dut adiskidetasuna, eta bestean pasioa, prekaritatearen beste aldean dauden ideiekin aurrera jarraitzeko».

Zauri Bolodia da pertsonaia nagusia, baina badaude pertsonaia eta ahots gehiago ere. Hitzaurrea Madame Slipek idatzi du, idazlearen beste alter ego batek. «Behar nuen pertsonaia bat Zauri Bolodiatik distantziatu eta hura hobeto ulertzeko. Kurioski, liburua irakurri duten lagun gutxiek esan didate Madam Slip gustatzen zaiela Zauri Bolodia baino gehiago... Ni neu ere, gaur egun, gertuago sentitzen naiz Madame Slipetik Zauri Bolodiatik baino». Beste ahots posible bat «nolabaiteko gu bat» da, Guillanek dioenez. «Saiatu naiz hori asko neurtzen, gaur egun beldur handia ematen baitit gu baten lekuan jartzeak. Gu hori oso bideratua dago antzerkiaren kolektibora».

Liburua hamahiru zatitan banatuta dago; urte bakoitzak atal bat du. Eta atal bakoitza txatal txikiek osatzen dute. Bi motatako txatalak daude: «Batean, izenburu guztiek zauria hitza daramate, zenbakituak doaz, eta fikziozko haria osatzen dute. Beste batzuek, aldiz, izenburu propioa dute. Urteetan nire kaieretan idatzitako testuak berreskuratu ditut, eta alde horretatik du ukitu autobiografikoa. Nik uste dut zauria hitza izenburutzat duten atal horiek jarraian irakurriz gero, nolabaiteko narrazioa sortzen dela».

Narrazio hori sortzen den aldetik, liburuak izan ditzake nobela baten modura irakurtzeko giltza identifikagarriak, Mikel Soto Txalaparta argitaletxeko editorearen hitzetan. «Pertsonaiak badauka garapen bat, eta baita garapen diskurtsibo bat ere. Baina ez da erraza esaten Oierrek zer idatzi duen. Hibrido bat da, eta estetikoki ere bere ekarpena egiten du». Liburuaren azala eta barneko irudiak Idoia Beratarbidek egin ditu. Guillanek, sarri, «gorputzaren» falta sumatzen du literatura lanetan: «Idoiaren lanak bolumen bat ematen dit, nolabaiteko gorputz bat». Sotoren iritzian, «idazle berezia» da Guillan. «Antzerkiaren mundutik dator, kolektiboan lan egitetik, eta bere diskurtsoan igarri egiten da hori. Euskal literaturan aldaketarik etorriko bada, diskurtso aldetik etorriko da. Oierrek diskurtso politiko indartsu bat garatzen du».

Guillanek ere aitortzen du liburua sailkatzeko arazoak dituela: «Liburua bera tartean dagoen gorputz bat da; ez da ondo egokitzen definizioetara. Libre sentitu naiz idazteko orduan. Ez dut idatzi nobela bat balitz bezala, baina baditu elementu narratibo autobiografikoak, baita poemak eta gogoetak ere... Agian, irakurleekin batera deskubrituko dut zer den».

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Jose Luis Rebordinos Donostiako Zinemaldiko zuzendaria, atzo iluntzean, 71. Zinemaldiko hasierako galan, Audience musika taldea atzean duela. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Animaziozko aldi baten hasiera

Miren Mujika Telleria

Animaziozko zineman ardaztu dute Donostiako 71. Zinemaldiaren hasierako gala. Hayao Miyazakik jaso du Donostia saria, eta zinegileak bideo bidez bidali ditu hura eman izanaren esker on hitzak
<em>Kimitachi wa Do ikiruka / The Boy and the Heron</em> filmaren irudi bat; lan horrek inauguratu du Donostiako 71. Zinemaldia, lehiaz kanpo. ©DONOSTIAKO ZINEMALDIA

Miyazakiren irudizko munduekin hasi dira Sail Ofizialeko emanaldiak

Ainhoa Sarasola

'The Boy and the Heron' animaziozko filmak inauguratu du Donostiako 71. Zinemaldia. Lehiatik kanpo eman dute zinemagile japoniarraren azken lana. Donostia saria hari eman dio jaialdiak
 ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

«Eguneroko gaiak lantzen dituen pelikula familiar bat da»

Jone Bastida Alzuru

Euskal Herri post-apokaliptiko batean kokatu du Vallmajorrek bere lehen film luzea: 'Misión a Marte'. Kamera analogikoarekin filmatu du, eta zuri-beltzean. Besteak beste, heriotzaz aritu da.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...