Erromeriaren unibertsitatea

Aiako Andatza auzoko erromeriaren historia eta istorioak jaso ditu Joxemari Iriondok 'Arizterrazu, mandioko (azken) erromeria'-n.Han egindako grabazioekin osatutako diskoa du lagun liburuak

Dantza giroa da Arizterrazuko erromeriaren aberastasun nagusietako bat. XABI AIZPURUA / UROLA-KOSTAKO HITZA.
Juan Luis Zabala
2015eko abenduaren 15a
00:00
Entzun
«Bi hitzetan: primerako unibertsitatea». Hitz horiekin definitzen du Aiako (Gipuzkoa) Andatza auzoko Arizterrazu baserri-jatetxeko erromeria Agurtzane Elustondo trikitilariak Joxemari Iriondoren Arizterrazu, mandioko (azken) erromeria liburuan (Trikitixa Elkartea). Gaztetxoa zen garaitik hasita, «elitearen elitea» —Laja eta Landakanda, Martin eta Imanol, Tapia eta Leturia, Maixa eta Ixiar...— soinua eta panderoa jotzen ikusteko aukera izan du Elustondok Arizterrazun, dantzariek sortutako giro bizi eta beroa hauspotzen. Giro horri eutsi nahian, urriaren erdialdetik ekainera arte erromeria egiten dute igande arratsaldero oraindik ere Arizterrazun, Andatza Erromeria Elkarteak antolatuta, eta erromeria horren historia eta istorioak bildu ditu liburuan Iriondok.

Prentsan agertutako artikulu askoren erreferentziez eta trikitilari ezagunen lekukotasunez gain, Arizterrazu baserri-jatetxeko familiako kideek kontatutakoak bildu ditu liburuan Iriondok. «Inguruan egin izan diren erromerien inguruko kontuak ere agertzen dira liburuan, eta baita erromeria Arizterrazuko mandioan egiten zen garaiko borrokak eta liskarrak ere. Inguruko ohitura batzuen berri ere ematen dut, hala nola mutil-ardoa, txakil-ardoa eta abar».

Lehen mandioan egiten zelako deitzen dio Iriondok «mandioko erromeria» Arizterrazukoari. «Garai batean, Lasturren, Martitten, Zurruntzolan eta beste hainbat lekutan egiten ziren erromeriak mandioetan. Euskal Herrian, Gipuzkoan behintzat, toki askotan egin dira mandioko erromeria txikiak. Arizterrazun ere hala egiten zen, eta hau da gelditu den azkena». Aspaldidanik ez da mandioan egiten, plazara atera baitzuten erromeria 1960ko hamarkadan, mandioan jende asko sartu eta ganbara dardaraka hasten zelako, eta azpiko aziendak izutu egiten zirelako. «Baina oraindik ere mandiotasun horri eusten dio, eta ea noiz arte eusten dion. Hori izango da horko borroka».

Erromeriak gaur egun arte iraun badu, Andatzako auzoa eta Arizterrazu baserri-jatetxea «toki bereziak» direlako iraun du. «Beste batzuek aspertu eta etsi egin zuten bezala, Azkuetarrek [Arizterrazu baserri-jatetxeko familiako kideek] erromeria antolatzen jarraitu dute, eta jarraitzeko asmoa dute. Jendeak joateko ohitura izan du, eta horrela eutsi diote orain arte».

Erromeriaren etorkizunari buruz hitz egitean, ordea, zaila zaio Iriondori itxaropentsu agertzea. «Andatza Erromeria Elkartea osatzen duten hiru lagunek antolatzen dute gaur egun Arizterrazuko erromeria: Juan Mari Azkuek, Martxel Ansak eta Joxe Alkainek. Sasoiko daude, baina urteetan aurrera doaz, eta beti eskertzen dute Trikitixa Elkarteak eta elkarteko soinu jotzaileek emandako laguntza. Horiek antolatzen duten bitartean, eta elkarteko jende gazteak laguntzen segitzen duen bitartean, segiko dio erromeriak. Baina ez da garai egokia urriaren erdialdean hasi eta ekainera arte igandero horrelako erromeria bati eusteko».

«Gaur egun Euskal Herrian sekula izan diren soinu jotzaile onenak daude», Iriondoren iritziz. «Jendeak asko ikasi du, eta ikasten ari da oraindik ere. Baina erromeria osatzeko behar da trikitilaria, soinu jotzailea, eta behar da dantzaria, eta hor dago beste gakoa... Oraindik ere badaude dantzari talde batzuk, inguruko herri askotatik igandero-igandero Arizterrazuko erromeriara joaten direnak, 60 urte inguruko senar-emazteak gehienak. Horiek hasi eta amaitu dantzan egiten dute, baina horiei nork segituko die? Hor dago koska!».

Aldaketak ohituretan

«Ohiturak aldatu egiten dira, eta garai bateko erromerietako giroa joan zen», dio Iriondok. «Azkuetarrek dioten bezala, lehen erromeriara joaten zena hantxe egoten zen arratsalde osoan; dantzan, edo dantzariei begira, tabernan sartu-irten bat eginez tarteka... baina hantxe. Gaur egun, aldiz, jendeak ordu erdi batean-edo zer giro dagoen ikusi eta alde egiten du askotan. Hori normala da, gaur egun ohiturak horrela daude, ezin dira aldatu. Gaur egun dagoen giroan erromeriari eustea ez da batere erraza izango. Liburuaren izenbururako ondo zetorkidan mandioko erromeria izendapena , baina horri azken hitza erantsi diot. Ez nuke derrotista izan nahi, baina neure kezkak dauzkat. Oso pozgarria litzateke nire aurreikuspenetan oker nagoela jakitea».

Erakundeek Arizterrazuko erromeriari gaur egun ematen diotena baino laguntza handiagoa eman beharko lioketela uste du Iriondok. «Gipuzkoako Aldundiak laguntzen zuen lehen, eta orain ere bai, baina oso gutxi. Aiako Udalak ere bai... Baina azkenean soinu jotzaileari ordaintzeko behar den dirua biltzeko, txartela jarri behar izaten dute, garai batean egiten zen bezala».

Iriondoren liburuarekin batera, Arizterrazun egindako grabazioak jasotzen dituen diskoa ere kaleratu du Trikitixa Elkarteak, guztira 28 piezak osatua. Sakabi eta Egañazpiren 1976ko grabazio batekin hasten da diskoa, eta ondoren beste hainbat trikitilari ezagunenak datoz: Martin Aginagalde; Laja eta Landakanda; Epelde, eta Iturbide; Tapia, Leturia, Martin eta Imanol; Izer eta Alabier; Roberto Etxeberria eta Eneko Zarraoa; Maixa, Maider eta Kristina... «EITBk eta Andatzako elkarteak egindako bost jaialdi handietan egindako grabazioak daude diskoan. Batzuk Euskadi Irratian zeuden, eta beste batzuk Trikitixa Elkartearen artxiboetan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.