Zenbat lan egiten den isilean

Pello Ulazia artistaren 'Isilean' erakusketa ikusgai dago Andoainen.Askotariko obren bidez, aitatasuna, maskulinitatea eta etxeko espazioaren dimentsio politikoa landu ditu

Etxeko lanekin duen esperientzia islatu du artistak Isilean erakusketan. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Ihintza Elustondo
Andoain
2016ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Isiltasunak zenbat lan ezkutatzen duen. Arropa zikinak hartu, garbitu, eseki eta lisatu. Bazkaria prestatu. Seme-alabei biberoia eman. Haiei eskolara lagundu. Hautsak kendu. Ez dira inoiz amaitzen etxeko lanak. Eta hori ondo daki Pello Ulazia artistak (Mutriku, Gipuzkoa, 1966). Gizona izan arren, etxeko lanak egitera ohituta dago. «Bizi izan dut aspertze, errutina, errepikapen hori. Lanak ez dira batere eskertzen: etxe bat garbitzen duzunean ez da ikusten, ikusten da zikina dagoenean bakarrik. Kaleraerosketak egitera joandakoan, 'oporretan al zaude?' galdetzen dizute. Ez dute planteatu ere egiten lanean ari zarenik. Edo lagun batek bizkarrean jotzen zaitu: 'Zu bai zu bizi!'». Esperientzia horretatik abiatuta, askotariko lanak bildu ditu Ulaziak Isilean erakusketan. Apirilaren 9ra bitartean ikus daiteke Andoaingo Bastero kulturgunean (Gipuzkoa).

Xabier Letek esaten zuen poesia lortzeko sufritzea beharrezkoa dela. Eta Ulaziak uste du hori egia dela. «Esperientzia baten edertasuna harrapatzeko, egon behar da atzetik neke edo sufrimendu bat ere. Denborarekin konturatzen zara beste ikuspuntu eder hori ere badaukala. Hori topatu nahi izan dut. Eta hori islatzeko eremurik egokiena artea da». Ohearekin gertatu zaiona ekarri du gogora: «Lehen ez zitzaidan batere gustatzen ohea egitea. Zertarako egin, gauez desegin egiten bada? Baina denborarekin konturatzen zara ohe garbi bat eta txukun baten presentziak gela bat bete dezakeela. Baina neke hori pasatu eta gero».

Edertasun hori islatzen duten ikus-entzunezko elementuak, argazkiak eta eskulturak daude erakusketan, 2002tik 2012ra bitartean ondutakoak. Ondo garbitu eta tolestutako arroparekin osatutako hiru zutabe altuk arreta deitzen dute, eta, haien ondoan, zuriz margotutako oinetakoak daude lurrean txukun jarrita. «Seme-alabek kendu eta bota egiten dituzte, eta zuk egin behar dituzu garbitu, bustita badaude barruan egunkaria sartu...».

Lan neketsu hori islatzen duten obrez gain, aitatasunaren inguruko autorretratu bat ere badago. Bere buruari egin zion argazkia duela zazpi urte, galtzontzillotan biberoi bat sartuta zuela. Gizon izanda, seme-alabei emandako biberoi guztiak daude irudi horren atzean. Baina ez du izan nahi biberoien aldeko «apologia» bat. Horregatik, irudiarekin batera, biberoiaren punta bat jarri du, amaren bularra dirudiena, Xabier Leteren Seaska kanta-ren ondoan. «Berdintasun horretan ez da adierazi nahi gu ama bezalakoak garela. Bakoitza da bakoitza, eta bakoitzak bere ezaugarriak ditu». Haren arabera, ardurak hartzea da berdintasunerako bidea. «Aita askok esaten dute: 'Ez dut umearen negarra entzuten'. Hori nahi ez duzulako da».

Aita batek haurrekiko duen afektibitatea irudikatu du Txiribueltak izeneko bideoan. Bera eta seme-alabak ageri dira irudietan, eta haurrak etengabe itzulipurdiak egiten ari dira. «Konturatu nintzen seme-alabak eskolatik irtetean txiribuelta bat egiten genuela. Eta gero ikusi nuen beste aita batzuek ere egiten zutela gauza bera». Egun batez, irakurri zuen gurasoen lana seme-alabei helduleku bat eskaintzea zela, eta itzulipurdia bizitzaren metafora izan zitekeela ohartu zen: «Guk ipintzen dugu eskua, baina buelta beraiek eman behar dute».

Arrunta eder eginez

Etxe barnean arruntak diren elementuak eder bilakatu ditu gainontzeko argazki eta eskulturetan ere. Fardelak, garbigailua, izarak, edalontzi apurtuak... Objektuei eman ohi ez zaien presentzia eman nahi izan die artistak. «Artea ez da helburua, artea da bidea. Arteak badu gaitasun hori gauzak beste era batera ikusteko, baina baita gauzen esentzia harrapatzekoa ere. Etxe barneko jardunak daukan estetika hori harrapatzea izan da helburua». «Garbi usaina» deitzen dio estetika horri. Haren arabera, etikaren eta estetikaren artean erlazio zuzena dago, eta jarduera horien guztien atzean ere, etika bat dago: duintasuna; isilean egiten diren lan horiek guztiak biltzen dituen elementua.

Hori lortzeko, etxeko objektuak eraldatu egin ditu, baina ezagutzeko moduan utzita. Oinetakoak zuriz margotu dituen arren, nabari da oinetakoak direla. Arropa, berriz, zutabe altuetan jarri du, baina antzematen da arropa dela. Jorge Oteizaren esaldi bat bere egin du Ulaziak: «Artea ez da garrantzitsua, pertsona da garrantzitsua». Haren arabera, artea pertsona osatzeko eta bere izaera politikoa garatzeko modu bat da. Ideia horrekin bat, etxeko elementuekin duen esperientzia islatu du Ulaziak, eta horregatik egin dizkie eraldaketa «sotilak». «Bestela, deseraiki egingo lirateke, eta galdu egingo litzateke beren esentzia hori».

Gauza bat argi utzi nahi izan du. «Ematen du gizonezko batek sartu behar duela etxe barrura, bertako lanen duintasuna aldarrikatzeko». Eta ez da hori bere asmoa. «Hau izango da omenaldi bat mendeetan isilean egin den lan duin horri». Izan emakumea edo gizona lanean aritu dena. «Nire lanak ez dauka meriturik, baina nire lanak garrantzia eduki dezake, oraindik ez delako ohikoa gizon batek etxeko ardura nagusiak hartzea». Urteak daramatza etxean lanean, «isil-isilik», eta hortik dator erakusketaren izenburua. Ondorio bat atera du: «Guri tokatzen zaigu orain ardura hori hartzea, baina isil-isilik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.