Bizitza zerria, zelofanez bildua

'Txarriboda' antzezlana estreinatuko du Hika antzerki konpainiak larunbatean, Errenterian. Ezkontza baten atzean ezkutatzen den hipokrisia du hizpide, euskal kantuekin osatutako kabaret baten bidez

Sei aktorek parte hartzen dute Txarriboda antzezlanean, eta rol bat baino gehiago jokatzen du bakoitzak. Irudian, ezkerretik eskuinera, Iñigo Aranbarri, Patxi Gonzalez, Juanjo Otero, Sandra Fernandez Agirre, Kepa Errasti eta Iñaki Maruri, joan den astelehenean, Errenterian eginiko entsegu batean. MAIALEN ANDRES / ARP.
Ainhoa Sarasola.
Errenteria
2018ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
«Maitasuna jantzi da zetazko/ soineko zuriarekin/ ongi etorri: kristal fineko/ kopak jaso eta txin-txin!/ Ezkontza eguna bildu dute/ bere zelofanarekin/ baina barruan bakoitza bere/ txerriak bizi du berdin». Kantu horrek ematen dio hasiera Txarriboda antzezlanari, eta ongi laburbiltzen du Hika antzerki konpainiaren lan berriaren mamia. Ezkontza batean, dena festa eta dena zoriona behar lukeen lekuan, trapu zikinak, faltsukeria, hipokrisia, minak eta ezinak agerian jarriko dira kabaret formatua duen ikuskizunean. Estreinaldia larunbatean egingo dute, 20:00etan, Errenteriako kulturgunean (Gipuzkoa), eta, ondoren, herriz herri ibiliko dira —beste hogei bat emanaldi lotuak dituzte dagoeneko—.

Obraren ideia aspaldi sortu zitzaion Agurtzane Intxaurraga zuzendariari. Bertolt Brechten Burges txikien ezkontza antzezlana landu zuen Andres Limarekin eginiko ikastaro batean, eta horren harira ondu zuen proposamena har liteke Txarriboda-ren lehen hazitzat. Orain dela bi urte Santiago Sanchezekin eta Borobil Teatroarekin eginiko inprobisazio ikastaroak eman zion bigarren bultzadatxoa ideiari. Eta joan den irailean hasi zen aktoreekin lanean, bi osagaiak uztartuta: inprobisazioaren bidez lan eginez, eta ezkontza gaitzat hartuta. «Zergatik ezkontza? Ez delako sekula modaz pasatu, eta, gainera, oso liturgia teatrala izaten duelako».

Istorioa «narrazio basati baten bidez» kontatu nahi zuen zuzendariak, eta horrek kabareta izan behar zuela pentsatzera eraman zuen. Hala, euskal kabareta egiteko erronka jarri zion bere buruari. «Beti kanpotik jaso izan ditugu kabaretaren erreferenteak: Alemanian egiten dena, AEBetakoa... Baina bertako musikarekin egin behar genuela bururatu zitzaidan bat-batean, eta horrek, modu batera, egingo zuela euskal kabareta izatea». Miren Gojenola zuzendari laguntzailearekin, kantuak aukeratzeari ekin zion. «Etorri zitzaidan lehena Antton Valverderen Maitasunez hil izan zen. Argi nuen berdin zitzaidala aspaldiko melodiak nahiz oraingoak izatea, eta banan-banan, aukeratzen hasi ginen». Afu taldearen, Anariren eta Imanolen zenbait kantu entzungo dira antzezlanean, besteak beste, baina hitzak aldatuta gehienetan —Onintza Enbeitak hartu du bere gain kantuen hitzak berridazteko ardura—. «Den-denek oso ondo hartu zuten proposamena, eta eskerrak eman behar dizkiet, euskal kabareta egiteko aukera eman didatelako».

Kantu horiek kantatzen ez ezik, dantzan ere aritzen dira antzezlaneko sei aktoreak. Imanol eta Mireia ezkongaien rolak jokatzen dituzte Iñigo Aranbarrik eta Sandra Fernandez Agirrek; Mireiaren aita eta enpresaburu ustelarena Patxi Gonzalezek; Imanolen amaordearena Kepa Errastik; Gari zerbitzariarena Juanjo Oterok; eta Mireiaren lehengusu pianistarena Iñaki Marurik —zuzenean jotzen du pianoa antzezlanean—. Horiez gain, baina, beste hainbat pertsonaia antzezten ditu aktore bakoitzak: zerbitzariak, emaztegaiaren lehengusua, senargaiaren izeba, aitaren lagun mina, ertzainburua... Festak aurrera egin ahala, agerian geratuz joango da ez ezkongaiak ez gonbidatuak ez direla uste bezain perfektuak. «Ezkontza askotan bezala, zelofanezko paperean bilduta dagoen horren barruan arakatzen saiatu gara».

Gai gordinak ere ukitzen baitira, haien inguruko kritika soziala egiteko: ustelkeria, itxurakeria, gezurra... Baina umorea da osagai nagusia.«Kabaretak umorea behar du, umore gordina, eta hori ere bazen erronka», dio Intxaurragak. «Horregatik, naturalismoa lantzen zutenak baino, pertsonaia lotsagabeagoak behar genituen, galbaherik gabeko emozioak adierazteko balioko zigutenak, baita parodia egiteko ere».

Inprobisazioa abiapuntu

Kantuan nahiz dantzan ongi moldatzen diren aktoreak ez ezik, inprobisazioan aritzeko erraztasuna ere badutenak bilatu zituen Intxaurragak. Irailean hasi ziren inprobisazioetatik abiatuta lanean, eta, guztira, saioak tartekatuta, bi hilabete eta erdi inguru eman dituzte obra prestatzen —Hernani, Durango, Azpeitia eta Errenterian egonaldiak egin zituzten—. «Garbi daukat horrelako lan bat su txikian egin behar dela, baina, egutegi arazoengatik, ezinezkoa egin zitzaigun, eta, azkenean, presio eltzean egin behar izan dut». Aktoreek beren aldetik asko eman dutela goraipatu du zuzendariak.

Ikusleen parte hartzea ez ezik, emanaldia eskainiko duten herrien inplikazioa ere nahi du konpainiak. Horretarako, mediazioak egin dituzte edo egingo dituzte herriotan. «Bada asmoa ere emanaldi oro tokian tokiko gonbidatu bereziak agertzea, adibidez, aurresku bat dantzatzen, edo bertso bat botatzen... Ederra litzateke emanaldiz emanaldi parte hartze hori lortzea. Herrian, modu batera, ezkontza ebento bihurtzea da asmoa, publikoa erakartzea».

Hika konpainiakoek prest dute festa. Gonbidatuak besaulkietan esertzea besterik ez da falta orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.