Dantza-sormen laborategia

Iñaki Azpillaga, Matxalen Bilbao, Edu Muruamendiaraz, Blanca Arrieta, Carmen Larraz eta Thierry Martinez koreografoek Dantzaz konpainiarekin lan egin ahal izango dute Atalak 2.0 programari esker

Atalak 2.0 programako kideak, antolatzaileak eta Matxalen Bilbao eta Carmen Larraz koreografoak, atzo Donostiako Tabakaleran. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
gorka erostarbe leunda
Donostia
2018ko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Astebeteko egonaldiak. Dantza-sorkuntza ardatz eta helburu. Atalak 2.0 programak bigarren urtez emango die aukera sei koreografori Dantzaz konpainiako dantzariekin lan egiteko. Iñaki Azpillaga, Matxalen Bilbao, Edu Muruamendiaraz, Blanca Arrieta, Carmen Larraz eta Thierry Martinez izango dira koreografo gonbidatuak. Egonaldi horiek Dantzaz konpainiak entsegu leku eta etxe duen Dantzagunean egingo dira, Errenterian (Gipuzkoa). Iaz bezala, Atalak 2.0 programak Dantzagunea, Donostia Kultura, Tabakalera Kultura Garaikideko Nazioarteko Zentroa, Azkuna Zentroa, eta Malandain Ballet Biarritz Zentro Koreografikoa ditu kide modura. Aurten Nafarroako Baluarte Fundazioa batu da, eta hurrengo urtean egingo du proiektuarekin bat Gasteizko Antzokien Sareak ere. «Bazkide hauek osatzen duten hedatze sareari esker, koreografoen proiektuek bozgorailu bat izango dute», Fernando Saenz de Ugarte Dantzaz-eko zuzendariak atzo Donostian egindako aurkezpenean azaldu zuenez.

Iñaki Azpillaga Donostiako koreografoak zabaldu zuen programa; otsailaren 5etik 11ra bitartean landu zuen Suturas izeneko lana. «Bikoteetan eta kolektiboetan dauden harremanetan oinarritzen da; gatazkak eta konpromisoak sortzen dira gune fisikoa eta mentala partekatzean. Hori landu nahi dut gorputzaren mugimendu koreografikoen bidez». Wim Vandekeybus belgikarrak gidatzen duen konpainian laguntzaile gisa aritzen da Azpillaga.

Gaurtik aurrera, Matxalen Bilbao koreografo bizkaitarra hasiko da dantzariekin lanean. Esperientzia «benetan aberasgarria» izango dela dio, ez baitago ohitua hainbeste dantzarirekin lan egitera: «Bizpahiru dantzarirekin lan egiten dut normalean, edo neure buruarekin bakarrik;orain, 14 dantzariko taldea izango dut. Aukerak aztertu beharko dira...». Izan ere, Amarrak izenburuko proiektuan «taldearen eta norbanakoaren arteko harremana ikertzea» izango du helburua: «Antolaketa, inbasioa, berezitasuna, jabetzea eta inprobisazioa. Bilaketa, jarraipena, askapena eta mugimendua landuko ditugu hainbat egoeratan. Batzuetan aske, besteetan elkarturik... baina beti hurbil».

Bai Bilbaoren dantza laborategitik sorturiko lana, baita Azpillagarena ere, datorren astean erakutsiko dira hiru egun eta gunetan: otsailaren 19an Errenteriko Dantzagunean (Gipuzkoa), otsailaren 20an Miarritzeko Gare du Midiko Grand Studion eta otsailaren 22an Donostiako Viktoria Eugenia antzokiko Klub aretoan.

Bigarren txanda apirilean

Edu Muruamendiaraz dantzaria, koreografoa eta Aukeran konpainiako zuzendaria da egun. Besteak beste, Bideak, Gernika, Burdina, Geltokia eta Maurizia lanak sortu eta zuzendu ditu. Harenoinarrizko prestakuntza dantza tradizionala izanik, ibilbide profesionala lengoaia garaikidearen eta tradizionalaren arteko esperimentazioan oinarritu du. Apirilaren 9tik 13ra bitarte egingo du lanketa dantzariekin Muruamendiarazek.

Blanca Arrieta Gasteizko dantzaria eta koreografoa da. London Contemporary Dance School / The Placen ikasi zuen, eta, orduz geroztik, bere sorkuntza propioa garatu du. Atalak egonaldi laborategian galdera bat planteatuko du: nola pentsatzen dugu fisikoki? «Mugimendua sortzen dugunean, espazioa bilatzen dugu formarako, lotura pertsonaletarako, beste gorputzekiko elkarrizketa fisikorako. Gorputza eta burua konektatzen dira mugimenduari zentzua emateko», dio Arrietak. Ideia horrekin, ariketa koreografiko bat planteatuko du: «Aldi baterako elkartuta dauden gorputz biren edo gehiagoren arteko aldibereko ekintzekin edo antzeko mugimenduen kointzidentziarekin jolastuz».

Carmen Larraziruñearrak sorkuntza koreografikoak —Dinamo Danza konpainia sortu zuen 2013an— eta irakaskuntza lanak uztartzen ditu —irakasle da Barañaingo Aulaescenan, Nafarroan—. Iazko urrian, Transoceánica lana estreinatu zuen Barañainen bertan: argazkiak, dantza eta musika uztartzen dituen lana da, «ingurua entzutean» oinarriturikoa. «Gehien erakartzen nauena helburu ezezagunerantz eramaten nauen prozesua bizi ahal izatea da. Nire azken lanean bakarka egin dut ikerketa eta bilaketa, eta izugarri gustatzen zait hori dantzari gazteekin lantzea. Ez naiz zerbait zehatzaren bila ari; izan dadila bizipen aberatsa, bai niretzat, baita dantzarientzat ere».

Thierry Martinez koreografo frantziarrak itxiko du aurtengo Atalak 2.0 programa, urtea amaitzearekin bat. Kontraste kontzeptua izango du oinarrian Martinezek dantzariekin egingo duen lanean: «Abiadaren eta eustearen arteko kontrasteak keinu dantzatua egitera gonbidatzen du, elkartzera, adostasunera, edo desadostasunera. Nire nahia da bizirik

dagoen pieza bat sortzea, dantzari gazteen jakingura adierazteko».

Proiektuak «Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa euroeskualdea sustatzeko» balio beharko lukeela adierazi zuten antolatzaileek, atzo egindako aurkezpenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.