Siria-Irak. Estatu Islamikoaren kontrako borroka

Itzuli da bizitza Kobanera

Herritarrak ari dira 134 egunean Estatu Islamikoaren esku egon zen hirira itzultzen.Etxe gehienak eraitsita daude, eta janik ez dago ia.Ikastetxea duela hamar egun ireki zuten

Kobaneko haurrak, Osman Martiria ikastetxeko patioan, aurreneko eskola egunean bost hilabeteko gerraren buruan. A. PAMPLIEGA.
Kobane
2015eko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Estropezu ere egiten du lurrean barreiatuta dauden harri txintxorrekin. Ur putzuak kaleko bazter guztietan, eta lokatza nonahi, bazter guztiak zikintzen. «Hauxe zen Kobaneko kale nagusietako bat. Dendarik onenak hementxe zeuden. Infernu kale deitzen diogu orain». Begi aurrean daukan apokalipsi osteko irudiari so dago Mohammad. Hondakin nahaspila izugarri bat baita Kobane. Txikitutako etxeak —eraikinen %80 hondatu dituzte bonbardaketek, eta %60 eraitsi egin beharko dituztela uste da—, eta tristezia: «Ikaragarri ederra zen hiria. Oso bizia. Baina orain hutsik dago. Kobane desegin egin da», aitortu du nerabe irriberak.

Turkiatik, Suruç hiriko iheslari gunetik Kobanera itzuli berria da 13 urteko gaztea. Bost hilabete egin zituen han, senideekin batera jaioterrira noiz itzuliko zain. «Duela egun gutxi iritsi ginen, eta gure etxea erabat txikituta topatu dugu, bonbardaketengatik. Osabarenean bizi beharra daukagu, haren senide guztiekin batera», dio, etsipenez, Mohammadek.

Estatu Islamikoko ekintzaileek Kobanetik ihes egin eta YPGk hiriaren kontrola berreskuratu zuenetik, milaka kurdu itzuli dira etxera. Atzo bakarrik, 2.700 lagun sartu ziren Turkiatik, Mursitpinarko muga pasabidea igarota, Mala Gel herriko etxeak jakinarazi duenez. Eta, jihadistak kanporatu zituztenetik, 30.000 biztanle inguru irabazi ditu Kobanek.

Baina agintariek zuhur jokatzeko ohartarazi diete: borrokak hiritik 30 bat kilometrora urrundu diren arren, Kobane —oraindik— ez da bizitzeko moduko toki bat. Hiriak ez dauka argindar sarerik —sorgailu bat eta gasolina ordain dezaketenek soilik dute argia gauez—, ura aldiro moztu dute, janaria eskas da —agintariek banatzen duten ogiarekin bizi dira herritar gehienak—, eta, gainera, lehertu gabeko bonbak nonahi daude.

«Estatu Islamikoak erabilitako morteroen %80 baino gehiago ez ziren lehertu, baina barrenean daukate karga hilgarria; eta etxe barruetan eta kalean, ezkutuko bonba-tranpa ugari daude. Gaur egun, hamar hildakotik lau lehergailu horiek eragiten dituzte», azaldu du Mustafa Bali ekintzaileak.

Eragozpen horiei guztiei duintasunez egiten diete aurre Siria eta Turkiaren arteko mugaldeko hiriko biztanleek: «Hemen egon beharra daukagu. Hau da gure etxea eta gure lurra. Nahiago dut hemen ozta-ozta bizi, Turkiako kanpaleku horietan ibili baino», dio, atsekabez, Jihanek.

Jihan jostuna da (34 urte), eta senarrarekin eta Darina (5) eta Rosla (8) alabekin bizi da, eta bere onetik ateratzear dago, ez duelako josteko makina konponduko dion esku treberik aurkitzen. Hiria askatu orduko itzuli ziren Kobanera, eta egoera larrian daude. Zer janik apenas daukaten, eta senarraren gurasoen etxea dute aterpe: «Gure herrian [25 bat kilometrora] indar kurduak eta Estatu Islamikoa borrokan ari dira oraindik». Kobanen ere, ordea, ezin lasai bizi: «Nire beldur bakarra da espaloietan dauden bonba horietako bat lehertzea alabak jolasean ari direla. Debekatu egin diet kalera irtetea. Ez dut haiei ezer gertatzerik nahi».

Eskola, berriro irekita

Etxean preso bizi dira Darina eta Rosla, baina 250 haur kurdu eskolak hartzera itzuli dira Kobanen. Hamar bat irakasle eta boluntariok ikasturteari martxoaren 3an ekin zioten berriro, 134 egun iraun zuten borroken ondotik berriro herriaren kontrola hartu ostean. Rohat, 17 urterekin, boluntario horietako bat da: «Ikastetxe gehienak txikituta daude, eta oso haur gutxi daude hirian; baina Kobaneko umeentzat onena eskolara itzultzea dela pentsatu dugu, hainbeste denbora egin ordez kalean, bonba artean eta EIko ekintzaileen gorpuzkiak ikusiz».

Osman Martiria lehen hezkuntzako ikastetxean zortzi gela dauzkate, eta ikasleak bi multzotan banatu dituzte: 7 eta 10 urte artekoak goizez, eta 11 eta 15 urte artekoak arratsaldez.

Hiriko Skyline eraikina bonbek moztuta dago, ez da garai batean bezain garaia, eta bizimodua ez da batere eramangarria Kobanen. Baina bizitza berriro itzultzen ari da Kurdistango hiri martirira.

Borrokak aldirietan

Soldaduaren masailetan behera malko iheskor batzuk. Malko gutxi batzuk. Eta ez ditu gehiago baimenduko. Ezin du negar egin, horixe izan arren gehien behar duena: malkotan urtzea. Itxura gorde nahi du, eta sakon hartzen du arnasa, hondoa ez jotzeko. Ohatilan datzan lagunaren hilotzari begira dago. Ilea laztantzen dio. Bekokian musu bat, azken agur gisa. Zaindariak izara batez estali dio aurpegia, eta hozkailuan sartu du gorpua. Han izango dute lurperatu artean.

«Batera borrokatu ginen Estatu Islamikoaren kontra, hilabeteetan. Heroi baten gisan hil zen. Azken hatsa eman arte borrokatu zen. Harro nago haren laguna izateaz. Gure martirietako bat da orain, eta haren izenak gure historian iraungo du». Hildako borroka-lagunaz harro mintzo da Zozan, 20 urtekoa. Zigarretari azken zupadak ematen ari da tanatorio kanpoan, 17 borrokalari kurdu noiz ehortziko zain: zazpi, emakumeak dira —Zozan eta haren borroka-lagunaren gisan—, eta hamar, gizonak. Estatu Islamikoaren kontra borrokan ari zirela hil ziren guztiak.

Hilabete igaro da jihadistak Kobane hiritik kanporatu zituztenetik. Orain, aldirietako herrixketan ari dira borrokan. Estatu Islamikoaren lerroetan zirrikitu bat ireki nahian ari dira indar kurduak, giza laguntzarako igarobide bat sortzeko Kobaneren eta Efren eta Jazeera kantoien artean. Kasik lau hilabete eta erdi iraun zuten ekintzaile jihadistek Kobane hirian, baina indar kurduek, nazioarteko koalizioaren aire erasoen laguntzarekin, Jarablus hiriraino atzera eragin diete islamistei, Eufrates ibaiaren ibarreraino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.