Batera-k prefetaren proposamen integratzaileak aztertuko ditu

«'Statu quo'-a eta tresna federatzaileak baztertu egiten ditugu», jakinarazi dute plataformakoek.Lurralde instituzioaren gaia gizartera ateratzeko beharra azpimarratu dute

Batera-ko kideak, atzo, Baionan egindako agerraldian. BOB EDME.
Baiona
2014ko urriaren 17a
00:00
Entzun
Lurralde instituzioaren eztabaidak ez du etenik. Atzo Batera plataformak egin agerraldian, eztabaida horren inguruan dituzten puntuak, argitalpenak eta Batera plataforman zertan ari diren azaldu zuten. Pierre-Andre Durand prefetak orain dela sei hilabete eginiko proposamenak aztertzen ari da plataforma. Proposamen horietatik bi federatzaileak dira, eta beste biek sindikatu mistoaren itxura dute, eta integratzaileak dira, eskumen propio batzuekin: hiri elkargo edo hirigune elkargo gisakoak. «Guk statu quo-a eta tresna federatiboak baztertzen ditugu», adierazi zuen Jakes Bortairuk, Batera-koak. 2011-2012. urtean Hautetsien Kontseiluak eta Garapen Kontseiluaren gidaritzapean egin azterketan, non «hautetsiek eta jendarte zabal batek» parte hartu zuen, «bi tresna» horiek Ipar Euskal Herriko beharrei erantzuten ez ziela ondorioztatu zuten. «Beraz, bi tresna integratzaileak gelditzen dira», erran zuen Bortairuk.

Bi proposamen horiek ez ziren aztertuak izan 2011-2012an egin azterketan. Izan ere, «tresna horiek ez dira eginak Ipar Euskal Herriaren gisako lurralde bat kudeatzeko» azaldu zuen Bortairuk. Ipar Euskal Herrian, «herri desberdinak» daudela zehaztu zuen Bortairuk, batzuk baserri aldean eta beste batzuk kostalde aldean. «Horregatik baztertu ziren». Orain, prefetak mahai gainean jarri ditu berriz, eta Batera proposamen horien inguruan eztabaidatzen ari dela azaldu zuen, nahiz eta ez izan «jarrera definitiborik»

«Batera-k urteetan eskatu du instituzio berezi bat Ipar Euskal Herriarentzat», adierazi zuen Jakes Bortairuk. Lurralde elkargoa da, Jakes Bortairuren hitzetan, «instituzio hoberena, sinpleena eta demokratikoena». Funtsezko lau oinarrik eramaten dute Batera lurralde kolektibitate bat eskatzera, «eta edozein hautu eginik ere, edozein egitura sorturik ere, egitura horiek baloratu behar dira funtsezko lau puntu horiekin».

Lehenik, Ipar Euskal Herriaren lurraldearen ezagupena eta «ezagupen politikoa» onartuko beharko dituela pentsatzen dute. Ipar Euskal Herriak «existitu» behar duela azpimarratu zuen Bortairuk, eta onarpen hori instituzio baten bidez lortuko dela. Bigarrenik, Ipar Euskal Herriarentzat beharrezkoa den kudeaketa tresna bat izan behar duela azaldu zuen, «lurraldearen barne elkartasuna eta koherentzia atxikiko dituena». Hirugarrenik, Ipar Euskal Herriko biztanleak modu demokratiko eta orekatu baten bidez ordezkatuak izanen direla bermatu beharra da, Ipar Euskal Herriko demografia kontuan hartuz. Azkenik, instituzioak lurraldearen «konpetentzia eta zerga sistema» kontuan hartu beharko ditu. «Ipar Euskal Herriak bere etorkizuna eskutan hartzeko eta ahal bezain hurbiletik kudeatzeko, lurralde honek dituen arazo guziak eta bereziki bereziak», azaldu zuen.

Nikolas Blain Batera-ko kidearen iritziz, beharrezkoa da denbora hartzea: «Paris lurralde erreforma aztertzen ari da, eta gauzak finkatu arte ezin diegu eskatu hemengo hautetsiei posizio bat har dezaten». Bide beretik, Jean Pierre Massias eta Jean Gourdou juristen lana agertu arte «itxoin» behar dela zioen, «analisi bat egin ahal izateko eta eztabaida gizartera atera ahal izateko».

Laborantza aipatu gabe

Mixel Berhokoirigoin, EuskalHerriko Laborantza Ganbarako (EHLG) presidentea, Batera-ren agerraldian egon zen eta «partikulaki» interesatzen zaion gai baten inguruan puntu bat gehitu nahi izan zuen. Prefetak mahai gainean ezarri dituen aukeretan, federalki integratzaileak diren bi formulak laborantza sektorean konpetentziarik gabekoak direla adierazi zuen. «Prefetak egin proposamenen aurkezpenean, oren pare bat eman zuen detaile guziak aurkezten eta ez zuen hitz bakar bat erran laborantzaren inguruan».

Berhokoirigoinen iritziz, lurralde elkargoak ditu soilik laborantza kudeaketarako tresnakeskaintzen. «Ofizialki lurralde kolektibitateak ekartzen zuen berekilan Euskal Herriko Laborantza Ganbera instituzio ofiziala» gaineratu zuen. «Lurralde komisio bat bermatzen zuen, non bertan laborari bakoitzaren diru laguntzak, instalazio, lur kudeaketa... finkatzen zituen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.