Mardaras absolbitu dute, 29 urtera zigortu ostean

Auzitegi Gorenak bertan behera utzi du Auzitegi Nazionalak jarritako espetxe zigorra, «intuizio subjektibo» batean oinarritu zela argudiatuta. EITBren egoitzari eraso egitea egotzi zioten

Aitziber Laskibar Lizarribar.
2015eko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Nazionalak Oihana Mardaras gazteari ezarri zion espetxe zigorra baliorik gabe utzi du Auzitegi Gorenak. 2008an EITBren Bilboko egoitzaren kanpoaldean lehergailua jarri izana egotzita zigortu zuen Auzitegi Nazionalak Mardaras, urte hasieran kaleratutako epaian. 29 urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri zion. Orain, Auzitegi Gorenak absolbitu egin du, presoaren helegitea aintzat hartuta. Gaztea zigortzeko moduko frogarik ez dagoela ebatzi du Gorenak; akusazioek aurkeztutakoak ezin direla froga objektibotzat jo, «intuizio subjektibotzat» baizik. Konstituzioak inor zigortzeko eskatzen duen ziurtasunik ez dagoela adierazi du, eta Auzitegi Nazionalak ez duela, beraz, errugabetasun printzipioa bermatu. Hori dela eta, bertan behera utzi du Mardarasen aurkako zigorra. Absolbitu egin du, atxilotu batek inkomunikatuta egonik egindako deklarazioak ez direla aski ohartarazita.

2008ko Urtezahar egunean EITBren Bilboko egoitza nagusiaren kanpoaldean eztanda egin zuen lehergailu handi batek, ETAren abisua jaso eta ordubete pasatxora. Aurreko gauean, furgoneta bat lapurtu zuten ETAkoak zirela esan zuten pertsona batzuek. Gidaria autotik jaitsarazi zuten, eta zuhaitz batera lotuta utzi zuten. Furgoneta lehergailuz bete, eta EITBren egoitzaren aurrean utzi zuten. Hurrengo goizean zartarazi zuten lehergailua, abisua eman ondoren. Zauriturik ez zuen eragin erasoak, baina bai kalte material handiak kristalez egindako egoitza berrian.

Urte hasieran emandako epaian Auzitegi Nazionalak 29 urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri zion Mardarasi, eraso hartan parte hartzea egotzita: hamabost urteko kartzela zigorra «triskantza terrorista» eragitea leporatuta, lau urte eta erdikoa lapurreta indarkeria erabilita egin zuelakoan, eta hamar urtekoa legez kanpoko atxiloketa egitea egotzita.

Presoak epaiaren aurkako helegitea aurkeztu zuen, eta Auzitegi Gorenak arrazoi eman dio: akusazio eta zigor horietatik guztietatik absolbitu du Bilboko gaztea. Epaiak dio ezin dela frogatu ehun bat kiloko lehergailua egiten parte hartu zuela. Ezin dela ziurtatu furgoneta hura lapurtu zuela, eta gidaria atxiki zuela ere ezin dela esan.

Polizia etxeko deklarazioak

EITBren aurkako atentatu hartan parte hartzea egotzita zigortu zuten beste bilbotar batek atxiloaldian esan zituenak Mardarasen aurkako frogatzat hartu zituen Auzitegi Nazionalak. Guardia Zibilaren eskuetan inkomunikatuta zegoela, Mardarasek ere atentatuan parte hartu zuela esan zuen. Gorenak ohartarazi duenez, ordea, guardia zibilen aurrean soilik egin zituen deklarazio horiek; ez zituen epailearen aurrean berretsi. Hortaz, adierazpen haiek ezin dira frogatzat hartu, Gorenaren ustez. Beobidek salatu zuen oso tortura gogorrak jasan zituela Guardia Zibilaren esku, nahiz epaiak ez duen tortura salaketa kontuan hartu.

Mardarasen amaren etxean poliziek aurkitu zuten plano bat ere ezin dela frogatzat erabili dio Gorenak; ez duela bat egiten Beobidek ETAren zulo batzuen berri emateko guardia zibilen aurrean egindako planoekin, eta, beraz, bi planoetatik ezin dela ondorio garbirik atera.

Bestetik, iaz epaitu zutenean Mardarasek esan zuenez, EITBren egoitzaren aurkako erasoa izan zenean bera ez zegoen Bilbon. Ordurako ihes eginda zegoela adierazi zuen. Segiko kide zelako atxilotu zezaketen beldur, Hegoaldea utzia zuela. 2009ko ekainaren 30ean atxilotu zuten gaztea Frantzia iparraldean, lapurtutako auto batean zihoala istripua izan ondoren. Parisen epaitu zuten, eta lau urteko espetxe zigorra jarri zioten talde armatuko kide izatea egotzita. Zigorra bete ondoren Espainiaratu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.