Euskal preso eta preso ohiak FIJAITen fitxatzen ari direla salatu dute

Arau hauste «terroristen» egileen Frantziako fitxategi judizial automatizatuan sartzen dituztenei neurri «murriztaile» zorrotzak jartzen dizkietela salatu dute euskal preso ohiek, LDHk babestuta

ISABELLE MIQUELESTORENA.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2016ko urriaren 20a
00:00
Entzun
«Estatu Islamikoaren kontra Frantziak duen estrategia, euskaldunen eta korsikarren askatasuna murriztea bada...». Jose Ramon Aranoren hitzak dira; FIJAIT Arau hauste terroristen egileen Frantziako fitxategi judizial automatizatuan sartu dutela jakinarazi zioten iraila hasieran. «Larrialdi egoeraren baitan hartu duten neurria da, Frantzian gertatu diren atentatuei aurre egiteko, baina Euskal Herriko eta Korsikako preso eta preso ohiei ere aplikatu diete», azaldu du Clara Rouget abokatuak. 35 euskal preso eta zazpi preso ohi sartu dituzte fitxategian. Korsikan, 30 bat pertsona ukitu ditu neurriak.

2015eko urtarrilean Charlie Hebdo aldizkariaren kontra izandako atentatuen ondotik aipatu zuen Frantziako Gobernuak «terrorismoarekin» lotura duten herritarrak zaintzeko tresna baten beharra. 2015eko uztailean egin zuten zerbitzu sekretuen legean onartu zuten FIJAITen sorrera, eta 2016ko uztailean jarri da neurria martxan. Euskal preso eta preso ohiak abuztutik aitzina hasi ziren jasotzen fitxategian sartzen zituztela ohartarazteko jakinarazpenak.

Fitxategian sartzearekin batera, neurri zorrotzak ere jartzen dituzte; «betebeharrak» deitu dituzte. Fitxatuak hiru hilabetean behin erakutsi behar du bere bizitokiaren justifikazioa, eta, bizitokiz aldatuz gero edo Frantziatik ateraz gero, hamabost egun lehenago abisatu eta justifikatu behar dute. Epaiketa egunetik, gehienez ere hogei urtez egon daitezke FIJAITen sartuak, eta «betebeharrak» gehienez ere hamar urtez izan ditzakete. Preso daudenen kasuan, presondegitik ateratzean hasten da kontaketa. Neurriak bete ezean, bi urteko kartzela zigorra eta 30.000 euroko isuna arriska ditzakete. Azkenik, FIJAITen sartzen dutena «bilatutako pertsona» bezala agertuko da.

Euskal Herriko preso ohientzat, arazo handiak sor litzake neurri horien aplikazioak. «Gure egunerokoa erabat baldintzatuko du. Gu ez gara Frantziako mugen barruan bizi; edonoiz goaz Hego Euskal Herrira, familia ikustera, lagunekin pote batzuk hartzera... batzuk ogia erostera ere», kontatu du Aranok. 2004an atxilotu zuten, eta zortzi urteko zigorra osorik bete behar izan zuen presondegian. Jendarmerian izandako elkarrizketa ere gogora ekarri du: «Jakinarazpena jaso eta FIJAITen sartu nindutela ohartarazteko jendarmeriara joan nintzenean, jendarmeek esplikatu zidaten 'jihadismoan erradikalizatzeko arriskua' dudala. Beraiek ere biziki deseroso zeuden».

Preso ohien egoerak lehenetsita, bost helegite jarri dituztela jakinarazi zuen Rougetek, eta laster beste bi gehiago ere emanen dituzte. Bost helegiteetatik lau atzera bota ditu Zigorren Ezartzeko Auzitegiko epaileak, eta Dei Auzitegiak hartu behar du orain erabakia. Deigarria da Aranoren helegiteari ezezkoa emateko ebazpenean epaileak erabilitako argudioa, ETAk borroka armatuari berriz ekiteko arriskua aipatzen baitu: «Borroka armatuaren bukaera adierazi bazuen ere, erakunde horrek legez kanpoko jarduerekin segitzen du mugaren bi aldeetan; orain arte, bere eskuetan dagoen armategia itzultzeari uko egin dio, erakundeko kideen azken atxiloketetan aurkitutako armek erakusten duten gisan. Militante andana dago oraindik klandestinitatean. Elementu horiek erakusten dute erakunde horrek bere jarduera berriz hartzen ahal duela, edozein momentutan, ordena publikoa larriki kaltetuz», dio ebazpenean.

LDHren salaketa

Azken urteetan Frantzian izan diren «terrorismoaren» kontrako legeen baitan kokatu du neurri hau Cristophe Deprez LDH Giza Eskubideen Ligako ordezkariak. «FIJAITek herritar batzuk kontrolatzeaz gain, beren zirkulazio eskubidea ere urratzen du. Demokrazia batek terrorismoari aurre egitea zilegi bada, demokrazia hori ezin da desitxuratu, ezin da gertakariez baliatu herritarren kontrol orokorra plantan emateko», adierazi du. Hala, fitxategia «askatasun murriztailea» dela deitoratu du.

«FIJAITen sartu izana eta terrorismo kalifikazioarekin lotu izana salatu nahi dugu», adierazi zuen Saroia Galarragak, berriki elkartu diren euskal preso ohien izenean. FIJAITen sartzeko erabili dituzte argudioak «probokaziotzat» jo zituen, «are gehiago euskal jendartearen gehiengoa bake iraunkor bat plantan emateko eskatzen ari denean». Fitxategitik beren izenak kentzeko dinamika bat hasiko dutela adierazi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.