Desmobilizazioaren gaiari helduko dio Foro Sozialak jardunaldietan

Nazioarteko adituek parte hartuko dute bihar, Donostian. Foro Sozialak uste du ETAk «hurrengo asteetan» iragarriko duela bere «desagerpena». Eztabaida «osasungarria» dela pentsatzen dute

gotzon hermosilla
Bilbo
2018ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Itxura guztien arabera, gertu dago ETAk bere barne eztabaidaren ondorioen berri emango duen eguna, eta erakundearen desagerpena izango da ondorio horietatik garrantzitsuena; Foro Sozial Iraunkorrak adierazitakoaren arabera, «ETAren desmobilizazioaren fase erabakitzailean» sartu gara, eta «hurrengo asteetan» erakundeak «bere desagerpena» iragarriko du. Horregatik, Foroak desmobilizazioaren gaia landu nahi du nazioartean ezarritako parametroen arabera, eta jardunaldi batzuk antolatuko ditu bihar, atzerriko zenbait adituren parte hartzearekin.

Nazioartean, DDR izeneko estandarrak erabili izan dira antzeko gatazka armatuetako irtenbidea bilatzeko; DDR siglak armagabetze,desmobilizazio eta gizarteratze kontzeptuen ingelesezko ordainei dagozkie. ETA armagabetu ostean, erakundearen desmobilizazioak «preso, ihesean, deportazioan eta klandestinitatean dauden militanteen gizarteratzearen gaia» jarriko du mahai gainean, eta Foroak horri heltzeko xedez antolatuko ditu jardunaldi horiek.

Foro Sozial Iraunkorreko bozeramaile Agus Hernanek azaldu duenez, ohartzen dira «DDR estandarren aplikazioak Euskal Herrian eztabaida» sortzen duela, baina uste dute eztabaida hori «osasungarria bezain beharrezkoa» dela.

Nabarmendu dute Foro Soziala sortu zenetik —2013an— beti bilatu dutela nazioarteko estandarren erreferentzia, «euskal auzira egokitzeko helburuarekin». Hala izan zen armagabetzearen kasuan, «eta, horregatik, gaur egun inork ezin du zalantzan jarri ETAren armagabetzea bukatua dagoela». Gauza bera egin nahi dute desmobilizazio eta gizarteratzearen auzian.

Foro Sozialaren ustez, DDR etapa «bakea eraikitzeko estrategia zabalago batean» kokatu behar da, eta «egonkortasuna lortzeko eta bakea eraikitzeko ezinbesteko osagaia» da. Horren ezaugarriak aztertzeko egingo dituzte jardunaldiak, eta Filipinetako, Kongoko Errepublika Demokratikoko, Kolonbiako eta Ipar Irlandako kasuak aletuko dituzte.

Eskulturaz polemika

Joan den asteburuan, hainbat ekitaldi eta ospakizun izan ziren Baionan eta Miarritzen (Lapurdi), armagabetzearen lehenengo urteurrena zela eta. Horien artean, Koldobika Jauregi eskultorearen Arbolaren egia izeneko lana inauguratu zuten Baionan, eta horrek polemika sortu du, ETAren biktimen elkarte batzuek lana kentzeko eskatu baitute. Polemika horretaz galdetuta, Hernanek gogorarazi du lana jartzea Baionako herriko etxearen erabakia izan dela, eta «adostasun handiz» hartu zutela, baina ulertu du zenbait biktimaren artean sortu duen ezinegona.

«Sentitzen dugu polemika hori sortu izana, eta nahiago genuke Hego Euskal Herrian adostasun handiagoa lortu izan balu, Ipar Euskal herrian adostasuna ia erabatekoa izan baita», esan du Hernanek.

Bakegintzan eta giza eskubideen alorrean lan egiten duten hamar bat gobernuz kanpoko erakundek agerraldia baliatu dute armagabetze prozesuaren balantzea egiteko, lehenengo urteurrena bete den honetan. Nabarmendu dute «agian munduan lehenengo aldiz» gizarte zibila izan zela «armagabetzearen protagonista»; Bakegileek egindako bidea aitortu dute, eta egiaztatu dute egoera berriak ahalbidetu duela presoen egoeraren inguruan «adostasun politiko eta sindikal» berriak lortzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.