«Juridikoki gaindituko dugu sakabanaketa»

Presoen eskubideak bermatzea Espetxe Zaintzaren ardura delako jotzen ari dira harengana EPPK-ko presoak.Abokatuek esan dute Estrasburgora joko dutela Espainiako auzitegiek arrazoi eman ezean

Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2014ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kideek sakabanaketa amaitu nahian abiatu duten ekinaldiari buruz irmo mintzatu dira haien abokatuak; zurrun, eta uste sendoz: «Juridikoki gaindituko dugu sakabanaketa». Erronka horrekin jo dute auzitara, eta bide osoa egiteko prest daudela jakinarazi dute. Hala behar bada, Estrasburgora ere joko dutela, baina sakabanaketa amaituko dutela. «Gaur egun defendaezina da sakabanaketa, juridikoki zein politikoki», adierazi du Iñaki Goioaga abokatuak. «Defendaezina da, ez bada krudelkeria eta mendeku irizpideen pean egiten».

Presoek martxotik aurrera nork bere kartzeletako tratamendu batzordeetan aurkeztu zituzten sakabanaketa amaitzeko eskaerak. Estatuko zein nazioarteko lege, hitzarmen eta epaiak oinarri hartuta, ezartzen ari zaien urruntzea eskubideak urratzen ari zaizkiela ohartarazi zuten, banan-banan egindako txostenetan. Haien egoera pertsonalen berri eman, eta Zaballako espetxera ekar ditzatela eskatu zuten. Jaso dituzten erantzun guztiak ezezkoak izan dira. Abokatuek salatu dutenez, gainera, ez dira erantzun indibidualizatuak izan, behar lukeen moduan. Orokortuak izan dira, eta ezezkoak emateko arrazoiak erabaki politikoek baldintzatuak izan dira; ez diete oinarrizko eskubideei erreparatu ere egin. ETAko kide izateagatik kartzelatu zituztela, ETA ez dela desagertu eta EPPK-ko kide direla esanaz eman diete ezetza.

Erantzun horiek atzean gordetzen duten zio politikoa ikusita, bide horretan aurrera egiten saiatzea antzua litzatekeela iruditzen zaie presoen abokatuei. Eta beste bide bat irekitzea erabaki dute: presoen eskubideak bermatzeko ardura duenarengana jotzea.

Horregatik hautatu dute Espainiako Auzitegi Nazionaleko Zaintza Epaitegiko atea, haren betebeharra baita presoen eskubideak betearaztea. Hala egingo ez balu, legeek agintzen diotena urratzen arituko bailitzateke.

Hain zuzen, sakabanaketa zein eskubide urratzen ari zaizkion azalduko du preso bakoitzak auzitegira igorriko duen kexan: defentsarako eskubidea, osasunerakoa, kultura eta hizkuntzarakoa, berdintasunerakoa, eta arrazoi politiko edo ideologikoengatik diskriminatua ez izateko eskubidea, besteak beste. Eskubide horietako bakoitza nola murriztu zaion azalduko du bakoitzak.

Sakabanaketa politikaren bidez Espainiako Gobernua presoen eskubideak urratzen ari dela salatuko dute. «Ez konstituzioa eta ez kartzela legeak ez dira errespetatzen ari», salatu dute Goioaga eta Haizea Ziluaga abokatuek. Hain zuzen, Kartzelaren Lege Organiko Orokorraren arabera, presoek etxetik gertuen dauden kartzeletan egon behar dutela ohartarazi dute. Horixe bera diotela Espainiak sinatu dituen nazioarteko hainbat hitzarmenek ere.

«Presoak ez dira espetxe onurak eskatzen ari; oinarrizko eskubideak eta giza eskubideak errespetatzea besterik ez dira eskatzen ari», azaldu dute abokatuek. Hortaz, interpretazio okerrik ez egiteko galdegin dute. «Zaintza Epaitegiak eskubideak bermatuko baditu, kexak onartu beharko ditu; ukatzen baditu, eskubideak ez dituela errespetatzen erakutsiko du», azaldu du Ziluagak.

Hala, Espainiako Estatuaren beraren izaera jarri dute zalantzan: auzitegiek ematen duten erantzunaren arabera botere banaketa badela erakutsiko dela diote, edo agerian geratuko dela ez dela zuzenbide estaturik.

Ingeniaritza juridikorik ez

Presoen kexuei ezezkoa ematen badiete auzia Estrasburgoraino iritsiko dela ziurtatu dute, bai Europako Giza Eskubideen Auzitegiak eta bai Nazio Batuen Erakundeak azken urteetan Espainiari eman dizkioten abisuez ohartarazita: «Esan dute ingeniaritza juridikoek dagoeneko ez dutela lekurik. Garai hori amaitu dela». Hortaz, «juridikoki irabaztera» doazela ziurtatu dute Goioagak eta Ziluagak, beste abokatu batzuen babesarekin eta eskakizunak Zaintza Epaitegian aurkezten hasi diren zenbait presoren senideen laguntzarekin egindako agerraldian. Bertan izan da, irailean bisita batetik bueltan istripu larria izan zuen Jone Artola ere.

Gaixotasun larriak dituzten, 70 urtetik gorakoak diren eta espetxean 20 urte baino gehiago egin dituzten 50 bat preso hasi dira kexak aurkezten Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta EPPK-ko gainerako presoek ere aurkeztuko dituzte gero. Espainiako presondegietan dituztenek Zaintza Epaitegira joko dute, eta Frantziakoetan dituztenek Zigorrak Bermatzeko epailearengana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.