Euskal presoak

Independentzia judiziala kolokan dagoela uste dute Goreneko sei epailek

Presoei zigorrak batzeko eskaera atzera bota duen epaia gogor kritikatu dute auzitegiko sei kidek, boto partikularretan.Legeen aurka ari direla diote, eta Europak atzera bota dezakeela erabakia

Candido Conde-Pumpido magistratua, Auzitegi Gorenaren bilera batean. Boto partikularra eman dutenetako bat da. EFE.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
2015eko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Zorrotza eta gogorra da Espainiako Auzitegi Gorenak duela hilabete presoei zigorrak batzearen aurka hartu zuen erabakiaren kontra sei epailek eman duten erantzuna. Auzitegi Gorenekoak dira seiak, eta Kepa Pikabeari Frantzian betea duen hamar urteko espetxe zigorra ez diotela aintzat hartuko ebatzi zuen epaimahaiko kide dira. Hamabost kide zituen mahaiak, eta bederatziren babesarekin ebatzi zuten euskal presoei Espainian ez gutxitzea aurrez Frantzian bete dituzten kartzela urteak. Beste sei epaileek erabakiaren aurka bozkatu zuten. Gorenak atzo kaleratu zituen epaiaren argudioak, sei aurkarien lau boto partikular eta guzti.

Haserre kutsua ere nabari zaie boto partikularrak idatzi dituztenei: Espainiako legeen, Konstituzioaren, Europako arauen eta oinarrizko eskubideen aurka aritzea egotzi diete zigorrak ez batzea erabaki dutenei. Epaiaren atzean arrazoi politikoak daudela iradoki dute, eta Parot doktrinarekin gertatu bezala Europako auzitegiek epaia atzera botako duten ustea plazaratu dute.

Candido Conde-Pumpido magistratu eta Espainiako fiskalburu ohiak idatzitakoa da epaiaren aurkako lehen boto partikularra. Idatzian dio Auzitegi Gorenak ez zuela zigorrak batzeari buruzko erabakia hartu behar; Europako 675/2008 zuzentaraua dagoela auziaren oinarrian, eta, beraz, Europako Batasuneko Auzitegira jo behar dela araua nola interpretatu galdetzera.

Europa osoko estatuek herri bat balira bezala jokatzeko nahia dago zuzentarauaren oinarrian. Arlo judizialean ere hala jokatu behar litzatekeela dio, eta, hortaz, bertako estatu bateko auziak gainerakoetan ere aintzat hartu behar direla. Zehazki, zehazten du beste estatu batean espetxe zigorra jasotzen duen presoari kontuan hartu behar zaiola lehen estatuan bete duen kartzelaldia, egozten zaion delitua bera bada. Euskal presoen kasuan, Frantzian betetako kartzela urteak gutxitu beharko litzaizkieke ondoren Espainian ezarritako zigorrei. Horrek urtetan murriztuko lituzke espetxealdiak.

Europako zuzentarauak estatuek nahitaez bete beharrekoak dira. Espainiak iazko azaroan bihurtu zuen lege 2008ko agindua, moldaketa batzuk eginda; baldintza eta murrizketekin. Sei epaileek boto partikularretan adierazi dutenez, Europako irizpidearen aurkako arau bihurtu da Espainiaren egokitzapena, eta ezinezko egiten du zuzentarauak agintzen duena gauzatzea.

Horregatik eskatu du Conde-Pumpidok Europako zuzentarauak interpretatzeko lana duen egiturara jotzeko eta galdetzeko ea Espainiak egin duen legea bat datorren Europako aginduarekin. Pikabeari buruzko erabakia hartu aurretik eskatua zuen hori, baina Gorenaren gehiengoak atzera bota zuen eskaera.

Boto partikularra beste bost epailek ere babestu dute: Miguel Colmenerok, Joaquin Gimenezek, Luciano Varelak, Alberto Jorgek eta Ana Ferrerrek. Hain zuzen, Gorenaren epaiaren aurka plazaratu dituzten lau idazkiak sei epaileek sinatu dituzte.

Gimenezek, boto partikularrean, nabarmendu du Espainiak Europako zuzentaraua betetzeko beharra duela. Horren aurka egin duela ohartarazi du, ordea. Areago: azaldu du Espainiako jurisprudentziak zigorrak batzearen alde egin izan duela harik eta araua 7/2014 Lege Organiko bihurtuta itxuraldatu duen arte.

Usain txarra hartu dio auziari epaileak: «Edozein irakurlek dagoeneko ulertuko zuen 7/2014 Lege Organikoaren nahia izan dela ETA erakunde terroristako kideei espetxealdiak murrizteko aukera ixtea». Espetxealdiak batzeari buruzko liskarrari Parot doktrinarekiko antz handia ikusi dio: «Ez da baztertu behar, inola ere, antzera amaitzea».

Presoei irizpide berriak atzerako eraginez ezarri nahi zaizkiela salatu du Colmenerok, eta hori legez kontrakoa dela presoaren kalterako denean. Konstituzioa urratzen aritu daitekeela salatu du, eta Europako zuzentaraua edukiz husten duela Espainiako Lege Organikoak.

Gorenaren epai atzerakoia onartu zutenen fede ona kolokan jarri du Varela epaileak: «Zalantzan jartzeko modukoa dena da arauak ez dioena esaten duela, inoiz azaldu gabeko esanahi ezkutuak ematen dituela eta jurisprudentziak ere baieztatzen ez duena baieztatzen duela». Auzitegien independentzia kolokan dagoen «susmoa» azaldu du, eta erabakiak «borondate politikoen menpe» egon daitezkeela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.