«Hemen zerbait pasatu da»

100.000 lagunek baino gehiagok eman dute izena erabakitzeko eskubidearen aldeko biharko giza katerako.Nazioartean ere izango dira mobilizazioak asteburu honetan

Angel Oiarbide Gure Esku Dago dinamikako sustatzaileetakoa, atzo, Donostian. Karteleko 50.000 laguneko zifra motz geratu zaie. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
enekoitz esnaola
Donostia
2014ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Duela urtebete esan zuen Gure Esku Dago-k aurtengo ekainaren 8an erabakitzeko eskubidearen aldeko giza katerako gutxienez 50.000 lagun beharko zirela. Joan den martxoaren 29an Bilboko Casillako ekitaldian jakinarazi zuen ia erdia betea zuela, 22.000 lagun izena emanda zeudelako. Justu bi hilabetera, maiatzaren 29an, Bilbon emandako prentsaurreko batean zioen ordurako 50.000 lagunera iritsi zirela. Astebete geroago, 60.000 ziren. Eta atzo Angel Oiarbide dinamikako sustatzaileak Donostian esan zuen 100.000 lagun baino gehiago apuntatu direla. «Hemen zerbait pasatu da», zioen Oiarbidek. «Eskemak hautsi zaizkigu». Azkeneko astean izen-ematean izandako uholdeak zifra zehatza ematea eragotzi dio Gure Esku Dago-ri. «Dakiguna da 100.000 baino gehiago direla».

Joan den urtean Diadako Via Catalanarako 540.000 lagunek eman zuten izena aurrez, eta giza katean 1,6 milioi izan ziren, antolatzaile ANCk esan zuenez.

Biharko apuntatu ez direnei mobilizaziora joateko dei egin die Oiarbidek, azal daitezela herrietara edo bost festaguneetara—Durango, Bergara, Lazkao, Etxarri Aranatz eta Iruñean izango dira ekitaldiak, arratsaldez—. Tren eta autobus zerbitzuak indartuko dituzte.

Bideari garrantzia

Hala ere, zifrari baino garrantzi handiagoa ematen dio dinamikak urte osoko lanari eta sortu den elkarlanari, Oiarbidek berretsi zuenez. «Bidea da garrantzitsua».

Iñaki Zarraoa Getxoko alkate ohia ere dinamikan lanean ari da, eta hark ere elkarlana azpimarratu du, Bizkaiko Hitza-ri emandako elkarrizketan: «Helburu beragatik ari gara elkarrekin lan egiten, eta horrek besteekiko jarrera aldatzea ekarri du. Harremanak egin ditugu, eta konfiantza esparruak sortu dira, sentsibilizazio ezberdineko jendea bilduta. Horretan jarraitu behar dugu, hortik iritsiko baita sinesgarritasuna. Oraindik ez gara esparru guztietara iritsi, baina poliki-poliki elkartuko dira horiek ere. Hau hasi baino ez da egin».

Oiarbideren arabera, egungo oinarriari esker «norabide berri bati» ekingo diote udazkenetik aurrera. «Espazio berriak zabaldu dira hemen».

Mundu zabalean ere izango da giza katerik, gaur eta bihar, diasporak antolatuta: AEBetan (New York, San Frantzisko, Boise), Argentinan (Buenos Aires...), Mexiko Hirian, Sydneyn, Londresen...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.