Gatazkak etenik ez Kaxmirren

Indiak lurraldearen jabego osoa aldarrikatu du. Urtarriletik, hamabi zibil, segurtasun indarren 38 kide eta 95 independentista hil dira atentatuetan, borroken eta operazioen ondorioz

Gatazkak etenik ez Kaxmirren.
2017ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Egoera latza dute Kaxmirren. Protesta bati hileta batek jarraitzen dio, eta hileta bati, protestak. Horrela bizi izan du egunerokoa Kaxmirko jendeak azken 70 urteetan, India eta Pakistan independente bihurtu zirenetik. Istiluak, ordea, areagotu egin ziren Burhan Wani 22 urteko gaztea hil zutenetik. 2016ko uztailaren 8an hil zuen Indiako Poliziak. Wani Kaxmirko independentziaren aldeko militantea zen, eta hil eta gero mugimenduaren ikur bihurtu zen. Haren hilketak Kaxmirren aspaldi ikusi gabeko istiluak ekarri zituen, eta gazteek Poliziarekin edukitako liskarrak eguneroko ogia izan ziren hainbat hilabetez. Indiako Gobernuak segurtasun neurri handiak ezarri zituen han.

Joan den neguan, liskarrak baretu ziren, baina udan indarkeriak berriz hartu du protagonismoa Kaxmirren. Bost pertsona hil ziren igandean, independentisten eta Indiako Armadaren arteko borroka batean, Awneeran, Kaxmirko udako hiribu Srinagarren ondoan. Hildakoak hiru independentista eta Indiako bi soldadu ziren. Hilketen oihartzuna independentisten belarrietara iritsi bezain laster, protesta martxa bat egin zuten hilketak gertatu ziren tokiraino; Indiako Poliziak tiroz erantzun zien, eta pertsona ugari zauritu zituen. Abuztua hasi denetik, hamazazpi pertsona hil ditu Indiako Poliziak Kaxmirko gatazkan.

1947an lortu zuten Indiak eta Pakistanek independentzia: Britainiako Inperioaren menpe egoteari utzi, eta independente bihurtu ziren. Aurten, hortaz, 70 urte dira estatu direnetik, eta atzo Pakistango independentziaren urteurrena ospatu zuten. Emanaldi askotariko eguna izan zen atzokoa Islamabad hiriburuan, eta hegazkinen erakustaldiak eta su artifizialak izan ziren, besteak beste.

Urteurren hori, ordea, Kaxmirko gatazkaren hasierarena ere bada. Izan ere, Indiako eta Pakistango estatuen sorreran daude gatazkaren erroak. Inperioaren garaian, kolonia bera osatzen zuten bi lurraldeek. Independentzia lortu ostean, bi herrialdeen artean muga bat ezarri zuten, eta Kaxmirko lurraldea hiru estaturen artean banatu —Txina ere zati baten jabea da—. Gaur egun, Jammu eta Kaxmir izeneko estatua da, eta gehiengoa Indiaren menpe dago. Biztanle gehienak musulmanak dira, baina agintariak, hinduak. Sei eskualdek osatzen dute: Jammu, Kaxmir, Ladakh, Giglit, Baltistan eta Aksai Chin. Indiak lurralde osoaren jabe dela aldarrikatu du. Pakistanek, aldiz, etorkizuna bertako herritarrek erabaki behar dutela. Lurraldeaz jabetzeko hiru gerra izan dituzte Indiak eta Pakistanek: 1947an, 1956an eta 1971n. 1990eko hamarkadan, Kaxmirko Nazio Askapenerako Frontea sortu zuten independentistek talde islamiar batzuekin batera, Indiari aurre egiteko.

Istiluz betetako uda

Uztailean ere hildakoak eragin dituzten hainbat istilu gertatu dira. Independentisten eta segurtasun indarren arteko tiroketan harrapaturik geratu eta gero, zazpi pelegrin hil eta beste hamabost pertsona zauritu ziren uztailaren 10ean. Hildako gehienak emakumeak ziren. Himalaiako Anantnag santutegitik bueltan 50 pelegrin zetozen autobusez, eta tiroketan harrapaturik geratu ziren. Indiako Gobernuak salatu zuen independentistek egindako erasoa izan zela, baina Kaxmirko hainbat militante independentistak erasoa gaitzetsi zuten: «Erasoa Kaxmirko balioen aurka doa». Hala ere, Srinagarko aktibista talde batek erasoaren ikerketa independente bat eskatu zuen, Kaxmirko «gerra zikinaren» parte izan dela argudiatuz. Burhan Waniren hilketaren urteurrenetik bi egunera izan zen Pelegrinen hilketa.

Uztailaren 8an, Indiako Poliziaren kontrolez eta alde zaharrerako bidea debekatzen zuten hesiz josirik esnatu zen Srinagar. Polizia ugarik hiriko gune estrategikoenak hartu zituzten istiluak kontrolatzeko asmoarekin, baina ezin izan zituzten liskarrak eragotzi. Gazteen armak: harriak; Poliziarenak: perdigoiak. Kaxmirko beste hiri batzuetan ere oroitu zuten Wani, eta zazpi pertsona hil zituzten Indiako Segurtasun Indarrek Pakistango aldean,eta beste bi pertsona Indiaren mendeko Kaxmirren.

Jazarpena eta umiliazioa

Egunero umiliatuta sentitzen da Kaxmirko jendea Indiako Segurtasun Indarren aldetik, eta Muffazar Wani joan den urtean hil zuten ekintzailearen aitak Al Jazeera komunikabideari esan dio gazteek gutxi dutela galtzeko, eta asko irabazteko: «Pairatzen dugun jazarpen izugarriagatik, jendeak jadanik pentsatzen du hobe dela euren buruak sakrifikatzea, beren ama eta anai-arrebek sufritzen dituzten umiliazioak onartzea baino». Apirilean, zortzi hildako izan ziren protesta batean, Indiako Poliziak gizon bat konboi batera lotu zuen, manifestariek harriak botatzea galarazteko.

Liskarrek 140-180 hildako eta 10.000tik gora zauritu utzi zituzten. Ehunka gazte dira ikusmena guztiz edo partzialki galdu dutenak. Gobernuz kanpoko hainbat erakunderen arabera, Poliziak jaurtitako perdigoiak dira eragileak, haietako askok gazteen begiak izan dituztelako jomuga. Javaid Jawad ekintzaileak adierazi du ez dagoela zifra zehatzik, baina «ehunka» gazte direla kaltetuak, eta gero eta gehiago direla egunak joan ahala.

Indiako Barne Ministerioaren txosten baten arabera, urtea hasi denetik hamabi zibil eta segurtasun indarren 38 kide hil dira atentatuengatik urtarrila eta uztaila bitartean, eta 95 matxinatu hil dituzte Indiako Poliziak eta armadak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.