Saudi Arabiak Qatar bakartzeko politika bat abiatu du aliatuekin

Persiar golkoko herrialdeek eta inguruko aliatuek zigor neurriak hartu dituzte Doharen aurka, «terrorismoari» eta Irani laguntzen diela leporatuta. Qatarrek salatu du «burujabetza urratu» diotela

Saudi Arabiak Qatar bakartzeko politika bat abiatu du aliatuekin.
mikel rodriguez
2017ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Krisi diplomatiko larri batek are gehiago korapilatu du Ekialde Hurbileko aliantza sistema konplexua. Saudi Arabiak sustatuta, Persiar golkoko monarkiek eta inguruko aliatu batzuek Qatar bakartzeko neurriak hartu dituzte, «terrorismoari» eta Irani laguntza ematen diolakoan. Harreman diplomatikoak eten dituzte: Qatarreranzko hegaldiak gelditu dituzte eta aire eremua debekatu diote Qatar Airwaysi; lurreko muga itxi dio Saudi Arabiak; baita itsasokoa ere bertze bizilagunekin batera; zenbait gairen esportazioak eta inportazioak gelditu dituzte, eta nork bere herritarrei agindu die herrialde hori uzteko, eta Qatarrekoei, berriz, bi asteko epean alde egiteko. «Sekretupean konspiratzen eta haien herria mertzenarioei saltzen ari diren horiek ondorioei aurre egin beharko diete», adierazi zuen atzo Twitter bidez Thamer al-Sabhanek, Saudi Arabiaren Golkorako aferetarako ministroak. «Neurriak ez daude justifikatuta», salatu du Qatarko Atzerri Ministerioak ohar batean. «Helburua argia da: estatuari zaintza bat inposatzea. Estatu gisa burujabetza urratzea da hori».

Qatarrek 2,6 milioi biztanle ditu, nahiz eta bertako herritartasuna 300.000 inguruk bakarrik duten. Munduko gas eta petrolio hobi aberatsenetakoak dauzka. GCC Golkoko Lankidetzarako Kontseiluko kidea da Persiar golkoko bertze bortz monarkiekin batera, eta Ekialde Hurbileko bi koalizio militar handitan ere haiekin batera parte hartu du—AEBek EI Estatu Islamikoaren aurka zuzentzen dutena, eta Yemenen matxino xiiten aurkakoan—. Hala ere, duela urte batzuetatik Saudi Arabiarekin hainbat interes talka izan ditu, eta Riadek atzo zuzendu zuen mugimenduari elkartu zaizkio Arabiar Emirerri Batuak, Bahrain eta Kuwait. Horiekin batera, Saudi Arabiari lotuta dauden bertze zenbait gobernu: Egiptokoa, Libiaren ekialdea kontrolpean duen gobernua, nazioartearen onarpena duen Yemengo Gobernua, eta Maldiva uharteetakoa.

Erreakzio anitz nazioartean

Doharen eta Riaden arteko gatazkak nazioartean sortu dituen erreakzioak adierazgarriak izan dira. AEBen aliatu estrategikoak dira biak, eta Washingtonek bietan dauzka base militarrak. Rex Tillerson Estatu idazkariak gatazka konpontzeko eskatu die, eta adierazi du ez duela espero krisiak «eragin handirik» izatea «terrorismoaren aurkako borroka bateratuan». Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroa telefonoz mintzatu da Mohammed bin Abdulrahman al-Thani Qatarkoarekin, eta «hagitz kezkatuta» agertu da «arabiar munduan agertu den tentsio foku berriarekin». Turkiak, berriz, desadostasunei irtenbidea bilatzeko «ahal den guztia» eginen duela erran du Mevlut Çavusoglu Atzerri ministroaren ahotik. Iranek eta Israelek iritzi argiagoa eman dute. «Harreman diplomatikoak moztu eta mugak ixteko garaia bukatu da, ez da krisi bat konpontzeko modua», adierazi du Hamid Abutalebi Irango presidentearen kabineteko buruzagiordeak. Bertzelako iritzia eman du Avigdor Lieberman Israelgo Atzerri ministroak: «Zalantzarik gabe, honek aukera anitz irekitzen ditu terrorearen aurkako borrokan lankidetza izateko».

Jaime Aznar analistak oroitarazi du ez dela Saudi Arabiaren eta Qatarren arteko lehenbiziko krisia, baina uste du «jende anitz larritu» duela. Nazioarteko hedabide handi anitzek nabarmendu dute Donald Trump AEBetako presidenteak Saudi Arabiara bidaiatu eta bi astera piztu dela krisia. «Uste dut Trumpek hara joanda egoera hau sortu izana baino konplexuagoa dela kontua. Petrolio horrek Mendebaldeko bezeroak dauzka, eta eremu horretan ezegonkortasuna sortzea ez da ona bezeroentzat. Qatarko burtsak kalteak jasan ditu jada, Qatarko petrolioaren prezioa erori da...», adierazi dio Aznarrek BERRIAri. Historian doktorea da Aznar, eta bihar hitzaldi bat ematekoa du Gasteizen Qatarren eta Persiar golkoko herrialdeen arteko harremanari buruz (Luis de Ajuria aretoa, 19:30).

Aznarrek azaldu duenez, Saudi Arabiaren eta Qatarren arteko lehiak oinarri ideologiko bat du, eta horri islamaren «polo sunitan» hegemonia lortzeko borroka batu zaio. «Qatarrek Anaia Musulmanen aldeko joera du, eta Saudi Arabia kontserbadoreagoa da eta mesfidantza du anaiartearekin. Saudi Arabia hagitz monarkia autoritarioa da, eta Anaia Musulmanak hauteskundeak antolatzearen aldekoagoak dira, eta hein batean joko demokratikoa Mendebaldean ezagutzen den bezala errespetatzearen aldekoak dira». Anaia Musulmanen inguruko jarrera horrek aurrez aurre paratu zituen, adibidez, Egipton—Mohammed Mursi presidente islamista babestu zuen Dohak, eta Abdel Fattah al-Sisi jeneralaren kolpea Riadek—. Iranekin ere ez dute jarrera berbera. «Gas hobi baten ustiapena partekatzen dute Iranek eta Qatarrek. Iranengana hurbiltzeko mugimendu guztiak saudiek mehatxutzat dituzte, eta haren balizko eragin guztiak moztuko dituzte».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.