Zirt edo zart egitea erabaki aurretik egindako azken keinua

Puigdemont telematikoki inbestitu ahal izatea aurreikusiz, Presidentetza Legea aldatu du Kataluniako Parlamentuak. Erreforma inpugnatzeko bidea hasi du Espainiako Gobernuak

Atzo parlamentuan egindako saioaren une bat. Eskua altxatuta ageri dira, ezkerretik eskuinera, Pujol (JxC), Sabria (ERC) eta Carrizosa (Ciutadans). TONI ALBIR / EFE.
Igor Susaeta.
2018ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Subiranista katalanen ustez, Espainiako Estatuak ez ditu errespetatu abenduaren 21ean egindako hauteskundeetako emaitzak. Madrilek betoa jarri die Carles Puigdemont eta Jordi Sanchez (JxC) presidentegaiei, eta jarraitu du prozesu subiranista judizializatzen. Subiranistek horri erantzun diote estatuaren jarrera agerian utziz. Azkenekoz, atzo. Izan ere, Puigdemont noizbait telematikoki presidente inbestitua izatea aurreikusiz, Presidentetza Legearen erreforma onartu zuen parlamentuak, jakin arren maiatzaren 22a baino lehenago, behintzat, ez duela egingo. Aurreratu bezala, Mariano Rajoy Espainiako presidenteak hasi du aldaketa hori Konstituzionalean inpugnatzeko bidea. Gobernuak txosten bat eskatu dio Estatu Kontseiluari, eta hori jaso eta berehala jarriko du helegitea. Prozesu subiranistaren harirako aurrekariei erreparatuta, litekeena da tramiterako onartzea, eta, beraz, automatikoki geratuko litzateke bertan behera.

Konstituzionalak bost hilabeteren buruan ebatzi beharko du parlamentuari edo estatuari arrazoia ematen dion. Bien bitartean, Iñigo Mendez de Vigo Espainiako Gobernuko bozeramaileak ohartarazi dio parlamentuari ez ditzala eman «inora» ez daramaten pausoak. «Ez dugu lege iruzurrik onartuko», adierazi zuen atzo. Puigdemonten hautagaitzaren kontra urtarrilean gobernuak jarritako helegitea onartu zuen tramiterako Konstituzionalak, joan den astean. Auzitegiak kaleratutako ebazpenean zioenari helduko dio Madrilek helegitea argudiatzerakoan.

Oraintxe, dena dela, keinu bat besterik ez da legebiltzarrak atzo onartutakoa, JxC Junts Per Catalunyak esana baitauka ez duela erabaki judizialik desobedituko. Asteburuan, gaur eta bihar, JxCkerabakiko du zein bide hartuko duen legegintzaldiak. Bere zerrendako parlamentariekin bilduko da Puigdemont Berlinen, eta zirt edo zart egingo dute ziurrenik: edo laugarren presidentegai bat proposatu eta egoera desblokeatzen ahalegindu —itxura guztien arabera, Elsa ArtadiJxCren bozeramailea litzateke hautagaia—; edo hauteskundeetara joan. Hilaren 22rako Generalitateko presidenterik ez badago, Rajoyk legebiltzarra desegingo du eta bozetara deituko du.

ERC Esquerra Republicanak ez du, inondik ere, egoera horretara heldu nahi, baina helarazitako mezuei erreparatuz gero, JxCk ez ditu hauteskundeak guztiz baztertzen. Eta, hain zuzen, JxC izan zen Presidentetza Legea aldatzea proposatu zuena, joan den otsailaren 9an. Atzo eztabaidatu eta bozkatu zuten parlamentuko hemizikloan, eta gehiengo subiranistari esker atera zuten aurrera. Alde bozkatu zuten JxCk, ERCk eta CUPek: 70 boto. Eta kontra, aldiz, Ciutadansek, PSCk, Catalunya En Comuk, eta PPCk, unionistek alegia: 64 boto.

Finean hau dio 4.2 artikuluari gehitutako paragrafo berriak: presidentegaia absente, gaixo edo eragotzia badago bere gobernu programa aurkezteko momentuan, parlamentuak baimendu ahal izango du, gehiengo osoa badu, «inbestidurarako eztabaida egitea hautagaia present egon gabe edo hark parte hartu gabe». Aldaketa defendatzerakoan, Albert Batet JxCko diputatuak legebiltzarraren subiranotasuna aldarrikatu zuen. CUPeko Maria Sirventek Espainiako Estatuaren «interferentziei» jaramonik ez egitera deitu zuen; eta ERCk ere babestu du aldaketa, Antoni Castella diputatuak esan zuen arren ez duela Puigdemont inbestitzeko balioko. Ciutadansi «astakeria bat» iruditzen zaio Puigdemont legea, eta Xavier Domenech Comukoak galdetu zuen ea zertarako egiten diren «ezertarako» balio ez duten hainbeste gauza.

ERC vs CUP

Preso dauden politikariak askatzeko eta haien eskubide zibilak eta politikoak defendatzeko ERCk aurkeztutako ebazpen proposamena onartu zuen legebiltzarrak. Halere, horrek ika-mika eragin zuen ERCren eta CUPen artean. Antikapitalistek errepublikanoei leporatu zieten proposamenean U-1a aipatu ere ez egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.