Ez baitira soilik Ordorikarenak

Hamaika musikarik Ruper Ordorikaren omenezko kontzertu bat eskainiko dute Bilbon, martxoaren 14an. Besteak beste, Ken Zazpi, Petti, Mice eta Bernardo Atxaga izango dira

Aitor Narbazia Loraldia jaialdiko ordezkaria, Mikel Uraken musikaria eta Javier Corral Jerry Izar&Star zikloaren antzolatzailea. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Bilbo
2018ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Gutxi izango dira larre berdeak, etxe zuri, teila gorriak gurutzatu, eta jendarmeen auto bat bidean bildots artean pasatzen topatu gabeak diren euskal musikariak. Izan ere, 38 urte pasatxoko ibilbidearekin eta hamalau disko baino gehiagorekin, Ruper Ordorika erreferentzia garrantzitsua da hainbat sortzaile belaunaldirentzat, eta haren hainbat abesti euskal musikaren historia garaikidearen parte dira jadanik. Horregatik da zaila Martin Larralde abestian deskribatutako paisaia zeharkatu gabeko musikaririk aurkitzea, eta horregatik beragatik antolatu dute Ordorikarentzako omenaldia Loraldia jaialdiak eta Izar&Star zikloak. Haren omenezko kontzertua antolatu dute hilaren 14an, Bilboko Kafe Antzokian, eta hamaika musikari bilduko dituzte bertan. Ordorikaren abestien bertsioak joko dituzte guztiek, eta bertan izango dira, besteak beste, Ken Zazpi, Petti, Balerdi Balerdi, Ixiar Oreja, Mikel Uraken eta Miren Narbaiza. Gainera, Bernardo Atxaga eta Fermin Etxegoien idazleak ere izango dira oholtzan, beren ekarpenekin gidari lanak egiten.

«Rupertorioa». Ordorikak berak izen hori jarri ohi dio, txantxa modura, kontzertuetan eskaintzen duen abestien zerrendari, eta hitz hori aipatu dute kontzertuaren aurkezpenean ere. Ez dute argitu, ordea, nork zer joko duen; soilik esan dute ez dela abestirik errepikatuko, eta, Ordorikaren kanta ezagunenekin batera, normalean zuzenekoetan entzuten ez diren batzuk ere eskainiko dituztela. «Edozein kasutan, bikaina da kartela», laburbildu du Javier Corralek, Jerry Izar&Star zikloko antolatzaileak.

Guztira, hamabost edo hamasei abesti entzungo dira, zuzenean. Hortaz, bi edo hiru kanta joko ditu talde bakoitzak, baina, Ordorikaren diskografia zabala izanik, ez da arazo handirik izan abestiak hautatzerakoan, Mikel Uraken musikariak onartu duenez. Halere, onartu du ardura moduko bat sentitzen duela. «Duela bi hilabete jaso nituen Jerryren deia eta proposamena, eta ufa! Baina erronka polita iruditu zitzaidan».

Kanta ezagunez harago

Esaterako, hark abesti ezezagun xamarrak hautatu ditu. «Musikari ospetsu bat omentzen duzunean, beti egoten dira abesti batzuk oso esanguratsuak direnak, eta nahitaez hor egon behar dutenak. Etxeko apalategietan nuen disko bat hartu nuen nik, duela urte dezente kaleratutakoa, eta horko bi kanta aukeratu ditut. Uste dut hor dagoela horrelako omenaldien berezitasuna». Uraken gitarrarekin soilik igoko da agertokira, eta, aurreratu duenez, bi abestiak Ordorikarenak izango diren arren, bere estilora eramango ditu.

Eta, Urakenek bezala, berdin beste taldeek ere.

Adibidez, Jerryk zehaztu duenez, Ken Zazpikoak izan ziren abestiak hautatzen lehenak, eta, zehaztu du hiru abesti «enblematiko» aukeratu dituztela. «Sorpresak ere izango dira».

Berezia da Ixiar Oreja musikariaren kasua. Maixa eta Ixiar bikotean aritu zen 90eko hamarkadan, eta garai hartan trikitiak izandako pizkunde mugimenduaren parte izan zen. Urteak dira, ordea, Orejak zuzenekorik ematen ez duela, eta orain Ordorikaren omenez aritzeko igoko da oholtzara. Musikari ezagunak izango ditu ondoan, antolatzaileek aurreratu dutenez, eta kanta bakarra eskainiko du.

Urakenen hitzetan, omenaldia «zintzoa» eta «bihotzez egindakoa» izango da.

Apirilean kaleratuko duen disko berriarekin buru-belarri dabil oraintxe bertan, eta horrek erreparoa sortu zion hasieran; bainazalantza handirik ez zuen izan, eta berehala onartu zuen gonbidapena. «Ordorika totem bat da», esan du. «Miren Narbaizarekin batera, ni izango naiz karteleko musikaririk gazteena, eta nik baino askoz ere eskarmentu handiagoa dute. Niretzat oso polita da hemen egotea, eta belaunaldi errelebo bat islatu dezake; hori da nire inpresioa».

«Garaiak aldatzen ari dira»

Hori ez da Urakenek igartzen duen aldaketa bakarra. «Euskal musikaren munduan, duela hamarkada batzuetatik hona, izen esanguratsuak beti izan dira Gipuzkoa ingurukoak eta euskaldun zaharrak, eta horren inguruan eratu da euskal musikaren ardatza; ni, berriz, santutxuarra eta euskaldun berriaa izanik, ohore bat izan da barruraino sartu eta hemen egotea [barrez]. Denborak aldatzen ari dira».

Aitor Narbaiza jaialdiko produkzio arduradunak zehaztu du Loraldiak elkarlanerako asmoa duela Bilbon lanean ari diren kultur programekin, eta lankidetza horren emaitza da Izar&Star proiektuarekin batera antolatutako kontzertua. «Erreferente dira», onartu du Narbaizak.

Zortzi urte daramatza Izar&Star zikloak, eta Lou Reed, David Bowie, Leonard Cohen, Wilco eta nazioarteko beste hamaika artista omendu dituzte programan parte hartu duten taldeek. Euskal Herriko hainbat sortzaile ere omendu dituzte tarte horretan: Errobi, M-ak eta Izukaitz, esaterako. Eta Ordorikari etorri zaio orain txanda, Jerryk azaldu duenez. «Ordorika eztabaidaezina da, eta Loraldiarekin elkarlanean aritzea zen hura omentzeko modurik egokiena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.