Aro baten amaieraren hasiera

Kubako Biltzar Nazionaleko ordezkariak aukeratzeko hauteskundeak egingo dituzte gaur. Bozetatik eratorritako legebiltzarrak aukeratuko du apirilaren 19an hurrengo presidentea

Habanako kale baten irudia. Gaur Biltzar Nazionalerako hauteskundeak egingo dituzte Kuban. ALEJANDRO ERNESTO / EFE.
Kristina Berasain Tristan.
2018ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Giron hondartzan, apirilaren 19 batean, hiru egun iraun zuen borrokaren ostean, kubatarrek inperialismoa garaitu zuten. Bi urte ziren iraultza sozialista aldarrikatu zutela, eta bataila epiko hartatik 57 urte beteko diren egunean, heldu den apirilaren 19an, aukeratuko dute presidente berria Kuban. Gaur egingo diren bozetatik eratorriko den legebiltzarrak aukeratuko du egun horretan hurrengo presidentea, eta egun sinboliko horretan, aro berri batean sartuko da uhartea, aurreneko aldiz sei hamarkadan iraultza egin ez zuen presidente bat egongo delako agintean.

Kubako Biltzar Nazionaleko 605 ordezkariak aukeratzeko hauteskundeak dituzte gaur 11,6 milioi biztanleko uhartean. Orotara zortzi milioi biztanle daude deituta parte hartzera, eta, uharteko sistema politikoa aintzat hartuta, praktikan iragan azaroko udal bozetan aukeratutako ordezkariei babesa eman edo ez erabaki beharko dute gaur. Berez biltzarraren erdia berrituko da, eta tartean 322 emakume izango dira.

Prozesu luzea eta konplexua da. Azaroaren 26an, sei milioi lagunek, udal biltzarretako ordezkariak aukeratu zituzten, 12.000 hautagairen artean, aurretik auzo elkarteek izendatutakoak edo ikasle eta alor ezberdinetako eragileek izendatutako 27.221 lagunen artean. Batzorde batek izendatu zituen gerora udal eta eskualdetako biltzarretako kideak, eta horiek dira, orain, zerrenda itxietan, karguan berretsi beharko direnak.

Apirilaren 19an eratuko den legebiltzarrak, berriz, gobernuko egitura gorenaren 31 kideak izendatuko ditu: Estatuaren Kontseilua. Horrek, berriz, presidentea, presidenteordea eta beste bost presidenteordeak izendatzen ditu, bost urteko agintaldirako.

Raul Castro presidenteak bozen aurretik zehaztu zuen zertan den demokrazia sozialista: «Ez dute alderdi politikoek parte hartzen, eta ez dira kanpainak finantzatzen, herria baita hautagaiak proposatzen eta aukeratzen dituena euren meritu, gaitasun eta konpromisoaren arabera».

Lekukoa

Raul Castrok abenduan berretsi zuen ez dela bozetara aurkeztuko; hortaz, lehen aldiz iraultza abiatu zenetik Castro abizena izango ez duen presidente batek aginduko du uhartean. Miguel Diaz-Canelena da lekukoa hartzeko denen ahotan dagoen izena. 2013tik presidenteordea da, eta, alderdiaren ikuspegi irekia islatzen badu ere, espero da, iraultzaren oinarriak galdu gabe, eredu sozialistari jarraipena ematea. Diaz-Canelek urtebete baino ez zuen iraultzak garaitu zuenean —58 urte beteko ditu apirilean—, eta, irakaslea da lanbidez, nahiz eta gaztetik egin zuen bat Alderdi Komunistarekin; Hezkuntza ministro izandakoa da. PCCri guztiz leiala izan bazaio ere, uste dute azken urteetan alderdiak abiatutako irekiera prozesuaren sustatzaileetako bat dela, eta, horrenbestez, litekeena da bidean diren erreforma ekonomikoak eta politikoak garatzen jarraitzea, nahiz eta esan duen iraultzarekiko bere konpromisoari eutsiko diola: «Kuban beti egongo da iraultza defendatuko duen presidente bat, herriaren ordezkaria».

Galdera da orain zein norabide hartuko duen iraultzak. Herritarren %70 iraultza ostean jaio dira, eta gazte batzuek bederen ez dituzte haren legatuak bere egiten. Gaur lehen aldiz botoa emateko aukera izango duten 16 urteko 38.400 gazteetako askok desmitifikatu egin dute iraultza.

Oposizioa da beste gakoa. Disidenteek ez dute espero benetako aldaketa bat, eta hauteskunde prozesua bera kritikatzen dute, parte hartzeko aukera ez dutela argudiatuz. Legebiltzarra gobernuaren «erresonantzia kutxa bat» baino ez dela deitoratzearekin batera, kontrol politiko irmoa eta giza eskubideen urraketa salatu dituzte, tartean adierazpen askatasunarena. Cuba Decideeta Otro 18 mugimenduak dira errezeloak agertu dituztenak «trantsizio demokratiko bat»iragartzen dutenen aurrean, eta erreferendum bat egitea eskatu dute sistema politikoa aldatzeko.

Legatua

Herritar askorentzat, berriz, aro baten amaieraren hasiera izango da datorrena, iraultzak izan dituen askoren artean beste bat. Fidel Castroren gaixotasunak ezarri zuen abiapuntua. 2008an utzi zuen agintea buruzagi historikoak, hura anaiaren esku utziz. Raul Castrok hamar urte egin berri ditu agintean, baina hasieratik iragarri zuen ez zituela boterean bi agintaldi baino gehiago egingo. PCC Kubako Alderdi Komunistaren kongresu orokorrean zehaztu zuen behin biltzar berria eratuta bere «bigarren eta azken» agintaldia amaituko zela. Raul Castro, hala ere, PCCko idazkari nagusi izango da 2021. urtera arte, eta baita diputatu ere.

Fidel Castroren heriotzak ezarri zuen beste mugarri bat; 2016ko azaroaren 25a uhartearen historian beste data ahaztezin bat da, eta orduan azaleratu ziren, inoiz baino ozenago, iraultzaren legatuaren inguruko hausnarketak, zalantzak eta ziurtasunak. Fidel Castrok 50 urtez gidatu zuen prozesu politikoak lorpenak izan ditu, osasunaren eta hezkuntzaren alorrean bereziki, eta baita gabeziak ere, besteak beste eguneroko bizimodua latza delako oraindik ere batez beste 24 dolarreko soldatarekin bizi direnentzat, baina okerrak oker, hutsak huts eta kontraesanak kontraesan, iraultzak aurrera egin du, eta haren ondare ideologikoa erreferente da oraindik ere ezkerrarentzat.

Castrok esan zuen kapitalismoa gizakien artean etsaitasuna sortzen zuen oihan bat zela, eta justu iraultza sozialista sendotzeko baliatu zuen inperialismoaren porrotaren egun haren urtemugan, geratuko dira politikaren lehen lerrotik kanpo iraultza egin zuten agintariak; Cochinos badiaren garaipenaren egunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.