Jaialdi baten historia «bizia»

Proiektu bat aurkeztu dute Donostiako Zinemaldiaren artxiboa ikertzeko eta aditu zein herritarren eskura jartzeko. Festibalaren 70. aldian itxiko dute lehen fasea, 2022. urtean

Pablo La Parra, Carlos Mugiro, Edurne Ormazabal, Jose Luis Rebordinos eta Joxean Fernandez, atzo. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2018ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Donostiako Zinemaldiak 66. aldia izango du aurten. Ia zazpi hamarkadako ibilbidean, milaka argazki, ikus-entzunezko material, kritika, prentsa artikulu, gutun eta bestelako dokumentu sortu dira haren inguruan. Orain, egitasmo bat martxan jarri dute, urtez urte gorde den funts dokumental hori guztia katalogatzeko, ikertzeko eta herritarrentzat zabalik egongo den «artxibo bizia» garatzeko. Proiektuak jaialdiaren historia izango du ikergai, eta Zinemaldiaren 70. urteurrenean amaitu nahi dute lehen fasea, 2022. urtean. Horregatik jarri diote proiektuari Zinemaldia 70. Istorio posible guztiak izena. Zeregin horretan, elkarlanean ariko dira festibala bera, Donostiako Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa, Elias Kerejeta Zinema Eskola eta Euskadiko Filmategia.

Egun, Martuteneko biltegi batean dute gordeta Zinemaldiak urtez urte pilatu duen materiala. Material hori guztia Tabakalerako Ubik liburutegira eramango dute pixkanaka, eta bertan aztertu eta katalogatuko du ikertzaile talde batek. Pablo La Parra Elias Kerejeta Zinema Eskolako Ikerketa Saileko koordinatzaileak gidatuko du talde hori, eta bertan parte hartuko dute eskolako ikasle eta irakasleek, eta Zinemaldiko, Filmategiko eta Ubikeko hainbat ordezkarik. Lanok amaitutakoan —lehen fasea bederen—, artxiboakEuskadiko Filmategian hartuko du aterpe. Gainera, erakusketa zabal bat egingo dute Tabakaleran.

La Parraren ustez, artxiboak «ikergai liluragarri» bilakatzen du jaialdi bat. «Lagin geologiko baten modukoa da kasik; ebaki bakar batekin, urtez urte pilatuz joan den historiaren geruzak ikus ditzakegu, eta asko ikas daiteke geruza horien bidez, ez bakarrik leku baten historiaz, baita zinemaren historiaz ere». Zinemaldiak ia zazpi hamarkada dituela aintzat hartuta, esku artean dutena «altxor bat» dela uste du, eta, aztertzen dutenean, «historia bat ez, historia asko» berregiteko gai izango direla. Azaldu duenez, elkar aberastuko duten bi ildotan jardungo dute lanean: batetik, ikerketa espezializatuaren arloan —beste artxibo eta jaialdi batzuekin elkarrizketan—, eta, bestetik, emaitzen dibulgazioan.

Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak azaldu duenez, jaialdiak artxibo hori ahalik eta ondoen mantendu du urteotan, «baina, hainbat arrazoi direla medio, batez ere teknikoak eta ekonomikoak, orain arte ezin izan du katalogazioa eta azterketa egin». Orain, pozarren dago asmo hori bete ahal izango dutelako, Elias Kerejeta Zinema Eskolari esker eta Filmategiarekin zein Tabakalerakin elkarlanean. «Dokumentu bizigabe horiei bizitza emango diegu, eta, adituen esku ez ezik, herritarren esku ere jarriko ditugu». Gaineratu du ikerketa eta komisariotza proposamena asmo handikoa dela, eta festibalaren 70. urteurreneko «proiektu izarra» izango dela. «Azaleratu gabeko sorpresaz betetako artxibo bat da».

Bat dator horretan Carlos Mugiro, Elias Kerejeta Zinema Eskolako zuzendaria. «Zinemaldiaren artxiboa altxor ikaragarri bat da, ikuspuntu zinematografikotik, baina baita ikuspuntu sozial, politiko eta kulturaletik ere». Haren hitzetan, bere eskolak «ikergai» bihurtu nahi ditu artxiboa eta Zinemaldia bera. Esan du artxiboa bizia izatea nahi dutela, baita etorkizuneko argitalpen eta ikerketetarako oinarri ere. Iragarri du lehen fasea amaituta egitasmoa ez dela hor bukatuko, eta ikerketa aditu zein zinemazaleek etxean dituzten materialetara zabaltzeko aukera ere aipatu du. Edonola ere, Zinemaldiak bizirik jarraitzen duen bitartean jarraituko dute aurrera artxiboari lotutako lanek ere.

Erakundeen arteko elkarlana goraipatu du Edurne Ormazabal Tabakalerako zuzendariak. Gogorarazi du edukiak hedatzea eta kultura garaikidearen inguruko ikerketak laguntzea direla Ubik liburutegiaren zeregin nagusiak, eta, beraz, artxiboaren helburuekin bat datozela erabat. «Proiektuak aukera emango du ikertzaileek beren lanak Ubiken garatu eta bertako teknikarien aholkularitza jasotzeko, baita proiektuaren inguruko jarduera publikoak programatzeko ere». Iragarri du «oso-oso berezia» izango dela Zinemaldiaren 70. urteurrenean Tabakaleran jarriko duten erakusketa.

Filmategian aterpe

Euskadiko Filmategiak hartuko du artxiboa lanok amaitzean. Joxean Fernandez zuzendariak gogorarazi du filmategiaren egitekoa «ondare zinematografikoa gordetzea eta ikertzea» izan dela betidanik, eta gaineratu du gogotsu parte hartuko dutela proiektuan. «Zinemaldiaren artxiboa babesteko eta haren garrantzia nabarmentzeko lanean parte hartzea, gure eginbeharra izateaz gain, datozen urteotan nazioarteari begira dugun erronka ederrenetako eta bizigarrienetako bat ere bada».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.