Luma bat ahanzturaren kontra

'Ahantzerriko kop(l)ak' poema liburua kaleratu berri du Luigi Anselmik (Pamiela). Haren zortzigarren olerki bilduma da; beste behin ere, giza existentzia da lanaren ardatz nagusia

Erdaretako hainbat idazle eta poetaren lanak itzuli ditu euskarara Anselmik, baina, batik bat, poesian aritu da luzaroan. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Ander Perez Argote
2016ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Joseba Sarrionandiaren ipuin baten izenburua baliatuz jarri zion bere buruari Luigi Anselmi jaiotzez Luis Gutierrez (Bilbo, 1954) zenak. Izengoiti horrekin agertu zen plazara 1985ean, euskaraz idatzitako lehen poema liburua —Zoo ilogikoa (Pamiela)— besapean zekarrela. Geroztik, beste zazpi olerki bilduma ere osatu ditu, eta haren olerkien antologia ere kaleratu zuen Susa argitaletxeak, XX. mendeko poesia kaierak bilduman, 2002an. Atzerriko hainbat autoreren lanak euskaratzeko lanetan ere jardun du, baina, oro har, poesian aritu da bete-betean.Ez daki ongi zergatik, baina badaki «eroso» sentitzen dela genero horretan: «Gauza bat lau lerrotan esan badezakezu, ez duzu liburu bat idatzi behar. Poesiarekin hori gertatzen da: gauza batzuk oso tarte laburrean esatea da poesia».

Orain, euskarazko azken argitalpenetik zortzi urtera, Ahantzerriko kop(l)ak lan berriarekin itzuli da Anselmi literaturara, Pamielaren eskutik berriro. Eta, hala ere, zalantza agertu du, beti «liburu bera» idazten ari ez ote den. «Poesian, behintzat, ez duzu liburu bat idazten, poema bilduma bat baizik. Bilduma horren 40 poema doaz lehen liburuan, 30 bigarrenean... Baina dena da bilduma bera, liburu bera idazten ari zara beti. Poemak aldatzen dira, baina liburuan bertan ere aldatzen dira poemak, lehenengotik bosgarrenera, adibidez».

Gaiak, bederen, errepikatuz doaz urtetik urtera eta liburutik liburura. Luzaroan mantendu ditu Anselmik antzerako kezkak. Oraingoan, aurrez egin bezala, giza existentziari buruzko gogoeta ekarri du berriro lehen planora, eta ahanzturan kokatu du fokua. Denboraren igarotze saihetsezinean, parentesi bat baino ez da gizakiaren existentzia autorearentzat: ahanzturara kondenatua da pertsona; hortik lanaren izenburua. «Adin kontua da: zahartzen ari naizen neurrian gauza horietaz pentsatzen dut, lehen agian ez nuke egingo. Baina denbora aurrera doa, bizitza bukatzen da....». Badaki alferrikakoa dela ahanzturaren aurkako borroka, igaroko dela denbora eta ezabatuko duela behinola izandako guztia, eta, halere, heldu dio erronkari: «Bestela, dena ahaztuta egongo litzateke, eta ez ginateke ezer izango». Luma bat du armatzat.

«Ideia bat burura etorri ahala» idazten du Anselmik, bulkadei erantzunez, eta, hortaz, denetariko gaiak ditu hizpide bere poema bilduman. Badira, edonola, behin eta berriz agertzen diren konstanteak. Baga, taberna giroa eta alkohola: hedonismoaren ikurtzat baino gehiago, «zoriontasunaren metaforatzat» du autoreak alkohola, eta baita askatasun mekanismotzat ere. «Izan liteke lotsatia edo herabea naizelako, baina alkoholak parada ematen du lagunekin egoteko, hitz egiteko, eta normalean isilduko zenituzkeen gauzak esateko». Biga, naturaren elementuak, giza izatearen metafora eta konparazio gisara. Higa, hiria. Eta, tartean, hiriaren eta naturaren arteko muga lauso hartan, Anselmi bera: «Bizitzaren muga heriotza den moduan, hiriaren muga natura da».

Klasikoen arrastoa

1980ko hamarkadaren hasieran hasi zen Luigi Anselmi euskara ikasten. Aurretik ere idazten zuen, gazteleraz, baina euskara ikastearekin batera hasi zen hizkuntza horretan jarduten. Euskal literaturaren klasikoetara jo zuen orduan, Ipar Euskal Herriko autoreetara batik bat, eta bere egin zuen haien hizkuntza estiloa. Ordutik, lapurteraren zantzuak nabari dira haren idazketan: «Beti iruditu zait euskara batua ondo dagoela hainbat gauza idazteko, baina poesian pixka bat motz geratzen dela: falta zitzaion edertasun edo kutsu hori klasikoetan bilatu eta topatu nuen».

Euskal poetetan oparoenetakoa da Anselmi, baina ez da ezagunena. Proiekzio publikotik aparte aritu da beti. «Zirkua» deritzo literaturaren inguruko mediatizazioari, eta ez da «gustura» sentitzen hor. «Mundu honetan dena da negozioa, eta liburuak saltzeko hor egon behar zara, baina niri ez zait gustatzen».

Gordean idatzi eta tarteka argitaratzen du. Aurrerantzean, halere, ez daki hori ere egingo duen. «Pentsatzen ari naiz ez dudala berriro libururik aterako. Nahiko aspertuta nago». Barre txiki artean bota du gogoeta: «Dena esanda badago, zertarako nik esan?». Eta, halere, «ikusiko dugu» bat ahoskatu du, badaezpada. Ikusiko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.