Eraldatu, birjaiotzeko

'Izan. Erran. Sortu': Errobiko Festibalak hiru aditz horiexek ditu, aginteran, lelo nagusiaren osagai. Musika, dantza eta artea ditu forma agerikoenak; kulturen elkarretaratzea funtsa

Ablaye Cissoko eta Constantinople taldea elkarrekin arituko dira. ERROBIKO FESTIBALA.
garbine ubeda goikoetxea
Baiona
2017ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Ez da kultur topaketa hutsa. Norbere kulturatik abiaturik, ezberdinak bildu eta elkarrekin besterik sortzea litzateke Errobiko Festibalak urtero proposatu ohi duena, Itsasun (Lapurdi). Asmo horren erakusgarri, Edouard Glissant poeta, idazle eta pentsalari martinikarraren esaldia baliatu dute antolatzaileek: «Orain badakit alda naitekeela, besteekin trukean, neroni galdu edo desitxuratu gabe».

Errobiko jaialdiaren leitmotiva edo muina, jaialdiko antolatzaile eta musikari Julen Axiarik esango lukeen gisan, «kreolizazioa» da. Alegia: «Zer pasatzen den bi jende mota gurutzatzen direnean, eta elkar ezagutzen hasten direlarik». Bereziki, musikari, dantzari eta arteari erreparatzen diete, baina baita «arlo sozialari» ere. Aurten, kreolizazioari bezala, migrazioaren gaiari aparteko garrantzia eman zaio, naturalki suertatzen diren migrazioei eta behartuta gertatzen direnei. Kontzeptu horri heldu dio, hain zuzen, Mizel Theret dantzariaren balletak, Xorien Ihesa izenpean. Johanna Etxeberri, Gael Domenger, Eneka Bordato-Riaño, Matxalen Bilbao eta Robert Jackson dantzariek onduko dute obra, ostiralean, 21:30ean.

Ikuspegi beretik sortua da Baratze migratzaileak proiektua ere, Xorien Ihesa dantzaren ondotik eskainiko dena. Aurtengo gomit nagusienetako batek sortua da, Ablaye Cissoko kora jotzaile, kantari eta poeta senegaldarraren ekimenez, hain zuzen. Ablaye Cissoko griot malinkearra da. Edo, bestela esanda, hitzaren artisaua, kontalari kantaria. Baratze migratzaileak ikuskariak griotaren artea eta pertsiar musika batzen ditu bere barnean, irandar eta kanadarrez osaturiko Constantinople ganbera taldea eta Ablaye Cissoko elkarrekin arituko baitira.

Migrazioak eta bidaia

Bidaiari ere espresuki eginen zaio toki. Mazedoniako Koçani orkestra buhameak, esate baterako, larunbateko gaualdiko bigarren zatia osatuko du. Erritmo turkiarrak, bulgariarrak eta jazza nahasten ditu Koçanik, «benetako soinu festa eskaintzeko», antolatzaileen hitzetan. Koçani orkestraren aurretik, Xiberoko basa ahaideak eraman nahi dituzte Mazedoniara bidaian, Haratago izeneko kontzertuan.

Bakarka eta a cappella abestu izan dira beti basa ahaideak, eta antzeko moldean diharduenik ere bada munduan barrena, Axiarik ongi dakienez. Turkian, Azerbaijanen eta beste hainbat herritan aurkitu izan ditu, baita haiekin trukaketak egin ere, «eskualde horietan, bozaren eta musika tresnen artean ez baita mugarik». Haratago emanaldian Jordi Cassagne, Nicolas Nageotte eta Bastien Fontanillerekin batera jardungo du Julen Axiarik, musikari gisa oraingoan, «orkestrazio berri baten bidez, baina basa ahaideen ohiko izpiritua atxikiz».

Bestalde, Banatu Bartok kontzertuan ere jardungo du Axiarik, gaur, 21:30ean, Atharrin. Banatu Bartok kontzertuak Barkatu Bartok du abiapuntua, Christine Martineau eta Denise Laborde bikoteak hain zuzen festibal honetarako bererako onduriko lana. Duela hamar urte inguru eskaini zuten, eta, orduko hartan, Bela Bartoken piezak eta euskal melodiak josi zituzten. Gaur, Martineau eta Laborde bikoteak beste bost musikari gazte gonbidatuko ditu beren sorkuntzara; besteak beste, Sylvain Meillan (biolontxeloa), Maider Martineau (esku soinua, alboka, panderoa, ahotsa), Vianney Desplantes (alboka) eta Nicolas Nageotte (klarinetea).

Kontzertu hori baino lehen, jaialdiaren irekiera gisa, solasaldia eta ikuskaria batuko dituzte Nortasuna, transmisioa eta sorkuntza ekitaldian. Jaialdiko zuzendari artistiko Beñat Axiariren eskutik, Juan Gorostidi idazlea, Ablaye Cissoko griot kantaria, Chrysogone Diangouaya Kongoko dantzaria eta Pascal Daudon margolaria arituko dira, besteak beste. Afrikak eta Txinak sorrarazten dioten «errespetuaz eta bestetasunaz» arituko dela uste du Gorostidik, hitzaldian egingo zaion galdera, «zer egiten duen euskaldun batek Txinako sistemak lantzen eta horiek Donostian txertatzen» izango delakoan.

Errobiko Festibala artistek antolatzen dute oro har, eta beren sareak erabiltzen dituzte horretarako, esan nahi baita, lagunez eta lagunen lagunez osaturiko kontaktuak. Gonbidatuak hautatu eta egitarauak osatzerakoan, «herrialdeak ez du sobera axola», Axiarik dioenez: «Aurten Irango artista franko dago, baina ez dugu apropos egin. Halere, beti xerkatzen dugu euskaldunen, edo bederen Euskal Herrian bizi diren artisten eta beste lurraldetako artisten arteko oreka. Toparaztea baita xedea». Engaiamendu feministarik ere bilatzen dute, «nahiz eta aurten gizon gehiago baden besteetan baino».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.