«Ohitu naiz beste bat izatera»

Harkaitz Cano idazleak asmatutako pertsonaia bat bere egin, eta haren azalean hamar egun eman ditu Lutxo Egia sortzaileak 'Haren da Nire' izendatu duen performancean

Lutxo Egia idazleak hamar egun eman ditu Bartzelonako Raval auzoan Oxtul Aige pertsonaiaren lekuan jarrita. ANA GALARRAGA.
Inigo Astiz
Bilbo
2017ko abuztuaren 11
00:00
Entzun

«Gaur egun gero eta gutxiago gara garen hau». Aforismo itxurako gogoeta hori izan du abiapuntu Lutxo Egia sortzaileak Haren da Nire. Noiz utzi zenion zure bizitza bizitzeari izeneko performancea garatzeko. Hamar egun eman ditu Bartzelonan beste pertsona baten larruan, eta egiaztatzaile independente batek erregistratu ditu bere ekintza guztiak. Hamar egunez, Oxtul Aige izan da Lutxo Egia, eta bizitako guztiak oraindik fresko dituela hartu du BERRIA bere bulegoan. Nortasunaren eraikuntzari buruz gogoeta egitea izan da bere asmoa, eta pozik dago prozesuan ikasitakoarekin. «Egia esan, erraz ohitu naiz beste bat izatera».

Harkaitz Cano idazleari eskatu zion bere pertsonaiaren profila Egiak, eta Argentinan jaiotako artista bat sortu zuen hark: Oxtul Aige. Eta Canok zehaztutako soslai hori da Egiak hamar egunez propio egin behar izan duena. «Oxtul Aige argazkilaria eta artista da. 1970. urteko maiatzaren 1ean jaio zen Barilochen, etorkin alemaniarren seme». Musikari izandakoa, Manifestu Fragmentarista izeneko bederatzi puntuko dekalogoaren egilea, 2001ean heldu zen Bilbora. Euskara ikasi, eta Bilboko tabernetan boluntario ere aritzen da DJ musikaren kalitatea eta aniztasuna bermatzeko.

Bartzelonan eman beharreko hamar egunetan jarraitu beharreko «diario antizipatu bat» ere idatzi zuen Canok, eta gutxieneko gidoi hori da Egiak Bartzelonan jarraitu duena. Hori izan baita bere performancearen oinarri nagusia: hamar egunez Oxtul Aige izatea. Eta, sortzaileak dioenez, bete egin du erronka, Bartzelonako Raval auzoko jende talde oso batentzat benetako esperientzia izan baita Oxtul ezagutzea. «Utzi du bere arrastotxoa han».

Egia ez da bakarrik egon Oxtul izan den egunetan, ordea. Ana Galarraga kazetariak egiaztatzaile lanak egin ditu performance osoan, eta joaten zen leku guztietara jarraitu du Egia. Izan ere, Egia benetan Oxtul izan dela egiaztatzea izan da bere lana.

Gidoitik kanpo

Egiak ez zion gertatuko zenari buruzko informaziorik aurreratu. «Geltokian elkartu arte, ez zekien Bartzelonara joatekoak ginenik», azaldu du. Canok prestatutako gidoiaren berririk ere ez zeukan Galarragak, eta, beraz, egunez egun ikusten zuenaren arabera joan da gertatzen ari zenaren berri jasoz. «Gerora aitortu didanez, hasiera-hasieratik igarri omen zuen oso Canoren estiloko gidoi bat sumatzen zuela».

Irene Cortinaren bila eman ditu hamar egunak Oxtulek Bartzelonan. Kartelak jarri ditu hormetan haren irudiarekin, eta hotelez hotel ibili da haren bila, harik eta, azken egunean, Irene Cortinaren desagerpenaren misterioa argitu ahal izan zuen arte.

Gidoitik kanpo ere aritu da, halere. Kontaktu artistikoak egiten ibili da Oxtul, eta baita euskal literatura argitaratzeko prest diren argitaletxeekin hizketan ere. Eta, horrez gainera, bere pertsonaiaren profilari egokitzen zitzaizkion perfomance artistiko batzuk egiteko ere baliatu du Bartzelonan egindako egonaldia. Nortasuna izan dute horiek ere ardatz. Haietariko batean, esaterako, Espainiako eta Kataluniako banderekin nahi zutena egiteko aukera ematen zien sortzaileak kalean topatzen zuen jendeari. Bata edo bestea hautatzen zuten batzuek, hankaz gora jartzen zituzten biak beste batzuek, eta izan da Espainiako bandera erre duenik ere. Maskara bat eskaintzen zien guztiei sortzaileak.

«Pasaporte faltsifikatzaile bat bezala sentitu naiz, nolabait», aitortu du Canok. «Biografia faltsuak asmatzea kontu zoragarria da ikus Bolañoren La literatura nazi en América; bere garaian antzeko zerbait egin nuen Manu Muniategiandikoetxearen katalogo batean, baina, oraingoan, pauso bat harago joan gara, Lutxok nik idatzitakoa hezurmamitu baitu». Neurriz jokatzen saiatu da, halere. «Saiatu naiz zerbait egingarria egiten. Artzapezpiku poloniar baten edo kamioilari ukrainar baten larruan sartzeko eskatzea baino interesgarriagoa iruditu zait Lutxoren mutaziotxo bat sortzea: ez hainbeste antzeztera edo gezurretan aritzera derrigortuko zuena, baizik eta bere ni mutante bat esploratzera... Lutxoren ibilbidea eta bere kezkak apur bat ezagutzen ditut, eta horiei nireak txertatu eta fikzio apur batekin irabiatu ondoren sortu dut bere nortasun berria». Eta hortik Oxtul.

Testura itzultzea

Egiak urteak daramatza nortasunaren gaia lantzen. Bi urte dira Bi-lingual: transitoak performancea egin zuela, esaterako. Orduko hartan, 31 egunez uko egin zion hizkuntza hegemonikoa erabiltzeari, eta hala gaztelerazko hitz erdirik esan gabe eman zuen hilabetetik gora Bilbon. Identitarteak izeneko antzezlana ere idatzi zuen iaz, eta Cafe Bar Bilbao antzezlan laburren lehiaketa irabazi zuen hari esker. Eta lan horiekin lotuta dago Bartzelonan egin duen bigarren hau ere, sortzailearen hitzetan. Izan ere, nortasuna baitute biek ardatz, eta ildo horretan sakontzeko asmoa du sortzaileak hemendik aurrera ere. Hau da, aurrerantzean ere ildo horretan jarraituko duela.

Egiak dio nobela bat idazteko asmoa duela orain. Oxtul izaten bizitako esperientzia hartu nahi du horretarako oinarri. «Nik nahi nuen testutik abiatu, gero testutik irten, idazleari izateari utziz, eta gero gertatutakoarekin testura itzultzea fikzio baten bidez. Nobela batean bildu nahi ditut nortasunari buruzko gogoetak eta performancearen esperientzia, baina fikzionatuta».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.