Oinarriei begiratu die lehenbizi

Alavesek sasoi honetako ildoari eutsi nahi dio, eta kontratuak luzatu dizkie Manu Garciari eta Abelardo Fernandezi. Urtebeterako sinatu du teknikariak, eta bi urterako kapitainak

Alfonso Perez de Trokoniz, Abelardo Fernandez, Manu Garcia eta Sergio Fernandez, atzo, prentsaurrekoa hasi aurretik. JUANAN RUIZ / FOKU.
enaut agirrebengoa
2018ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Ondo dabilena hobeto da ez ukitzea. Eta aldaketaren bat egin behar bada, ahalik eta arinena izan dadila. Aholku zaharra hori da futbolean, eta Alavesek kasu egin dio. Abelardo Fernandezek taldea lehiakor eta fidagarri bihurtu, eta haren proiektuari segida emateko asmoa du Arabako taldeak. Heldu zaio egonkortzeko garaia, azken sasoietan behin eta berriz itxuraldatu ondotik. Oinarriei erreparatu die lehendabizi, Abelardori eta Manu Garcia kapitainari kontratuak luzatuta. Teknikariarekin erraz lortu da akordioa. Klubeko agintariek zalantzarik ez zuten: Abelardok segitu behar zuen taldearen buru izaten. Eta hark begi onez zekusan Gasteizen jarraitzeko aukera. Orain dela egun batzuk jarri ziren ados, eta atzo egin zen ofizial. Garciaren kasuan, prozesua korapilatsuagoa izan da, baina bi aldeak kasik behartuta zeuden akordioa lortzera.

Azken sasoietan ezegonkortasuna izan da Alavesen aulkiaren ezaugarri nagusia. Etengabeak izan dira entrenatzaile aldaketak.Maneren aroaz geroztik, teknikari bakar batek ere ez ditu bi sasoi oso zuzendu. Ikusteko dago Abelardok horretarako aukerarik izango duen; ziurra da, ordea, datorren sasoian hark jarraituko duela arabarren lemazain izaten. Alaves kinka larrian gelditu zen Luis Zubeldiaren eta Gianni De Biasiren aro labur bezain nahasien ondotik, baina teknikari asturiarrak miraria gauzatu du. Orain arte 23 partida zuzendu ditu ligan, eta emaitzak ezin hobeak izan dira: hamabi irabazi, bi berdindu eta bederatzi galdu. Azken postuan hartu zuen taldea, sei puntu eskasekin; bada, orain, hamahirugarren dago Alaves, 44 punturekin. Liga bukatzeko lau jardunaldi falta zirela ziurtatu zuen salbazioa. Sekulako balentria.

Horiek hala, Abelardoren lana beste urtebeterako kontratuarekin saritu du Gasteizko taldeak. 2019ra arte eseriko litzateke arabarren aulkian, baina, teknikariak atzo nabarmendu zuenez, Alavesen «urte askoan» aritzea gustatuko litzaioke. Erabakia aise hartu omen du. «Erronka oso zaila nuen, baina klubaren, taldearen, zaleen eta hiriaren erantzuna ikusita, oso erraza izan da kontratua berritzea». Aurrera begira ere jarri zen. «Salbazioa izango da datorren denboraldiko helburua, eta liga erregularragoa osatzea».

Manu Garciak, berriz, bi urterako berritu du Alavesekin. Kontratua amaitzear zuen kapitainak, eta luze jo dute negoziazioek. Klubak martxoan egindako eskaintza ez zuen onartu jokalariak, eta haren eskakizunak betetzeko ere ez zegoen prest kluba. Edonola, bataren eta bestearen proposamenak ez zeuden oso urruti, eta bi aldeek zuten ados jartzeko interesa. Manu Garcia funtsezkoa da Alavesentzat, taldearen arima eta ikur nagusietakoa den heinean, eta jokalariak garbi du Gasteizen beste inon baino zoriontsuago dela. Azken kontaktuek jarrerak hurbiltzeko balio izan dute, eta atzo bertan egin zen ofizial akordioa.

Erdilariak 32 urte ditu, eta azken sei denboraldietan defendatu du Alavesen elastikoa. Arabako taldearekin partida gehien jokatu duen zortzigarren jokalaria da, 215 partidarekin. Sailkapen horren buruan Martin Astudillo dago, 346 partida jokatuta. Bada, marka horretara hurbiltzeko aukera izango du datozen bi sasoietan. Pozarren azaldu zen atzo. «Ametsak aurrera segitzen du. Nire bizitzako egunik zoriontsuenetako bat da. Oso eskertua nago hemen beste bi urtez egongo naizelako». Bere burua Alavesen ikusten du bakarrik. «Beste inon ez nuke Mendizorrotzan sentitzen dudana sentituko. Nire kirol ibilbidea hemen bukatzeko ilusioa daukat».

Ahalegina egiteko prest

Horrenbestez, Alavesek bi hari mutur garrantzitsu lotu ditu jada. Edonola, oraindik lan asko du aurretik. Hala nola John Guidetti, Tomas Pina eta Munir El haddadiri nola edo hala eutsi nahi die. Utzita aritu dira Gasteizen, eta fitxatu egin nahiko lituzke Arabako taldeak. Ahalegina egiteko pronto dago. Guidettiren lagapen kontratuak jokalaria lauzpabost milioi euroren truk erosteko aukera jasotzen du. Aurrelari suediarrak ez du tokirik Celtan, eta prezioa jaisten saiatuko da Alaves. Pina fitxatzeko ere bost milioi euro inguru ordaindu beharko lizkioke Brujasi. Arabarrak ez daude prest kopuru horretara iristeko, Pina 31 urte betetzear baita. Negoziazioetan zeresana izan dezake jokalariaren borondateak: hark garbi du Alavesen segitu nahi duela. Kluba prest legoke bi milioi euro inguru ordaintzeko.

Zailena Munir fitxatzea izango da. Iaz hamalau milioiko prezioa jarri zion Bartzelonak. Ordea, kontratua datorren urtean amaitzen zaionez, uda honetan modua egongo litzateke merkeago erosteko. Zernahi ere, Alavesek inoiz egindako fitxaketarik garestiena izango litzateke. Eta beste talde batzuekin lehiatu beharko litzateke, aurrelariaren jardun distiratsua inori ez baitzaio oharkabean pasatu. Alavesen jokalaririk erabakigarriena izan da: bederatzi gol sartu ditu ligan, eta gola sartzeko sei pase eman.

Bestalde, hainbat irteera izango dira udan. Euren jatorrizko taldeetara itzuliko dira Hector Hernandez, Hernan Perez, Alfonso Pedraza eta Alvaro Medran, eta ez dira ateratzen bakarrak izango. Adibidez, Christian Santos eta Katai saltzen saiatuko da. Beste jokalari batzuek ere eskaintzak jaso ditzakete, Fernando Pachecok eta Victor Laguardiak kasurako. Udan egingo dituen eragiketei aurre egin ahal izateko baliatu ditzake Alavesek. Gainera, ezin daiteke ahaztu kluba inbertsio garrantzitsuak ari dela egiten azpiegituretan. Iaz, gazteentzako egoitza ireki zuen Baskonia-Alaves taldeak, eta hor dira Mendizorrotza berritu eta kirol hiria eraikitzeko proiektuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.