Ezkutukoa azaleratzeko, beltza

(H)Ilbeltza, Baztango nobela beltzaren hirugarren astea izango da astelehenetik igandera bitarte. Gotzon Garatek nobela beltzari egindako ekarpena aztertuko dute, besteak beste

Ernesto Prat, Elurre Iriarte eta Aitziber Zapiain, Baztango nobela beltzaren astearen antolakuntza taldeko kideak. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Naiara Elola.
Lekaroz
2017ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Gizartearen zirrikiturik ilunenak argitara aterako dituzte heldu den astean Baztanen (Nafarroa) egingo den (H)Ilbeltza euskal nobelaren astean. Hirugarren aldia izango da. Gero eta sendoagoak dira ibarreko kultur eskaintza osatzeko xedez sortu zen ekinbidearen erroak. Aurten, lehenengoz, sosak biltzen aritu dira, egiten duten ekarpena hitzez ez ez ezik diruz ere aitortzeko hizlari, idazle eta musikariei. Heldu den astelehenetik igandera bitarte, hamaika ekintza izango dira: tartean, liburu aurkezpenak, solasaldiak, bideo emankizunak eta mahai inguruak.

Elurre Iriarte, Ernesto Prat eta Aitziber Zapiain dira (H)Ilbeltzako antolatzaileetako hiru. Gizarte mugimenduetako kideak dira hirurak. Aste beltza literatura eta gizarte ikuskera ezkertiarra uztartzeko «aukera paregabea» dela defendatu dute. «Nobela beltzak aukera ematen du kritika soziala egiteko, sarritan gizarteak bizkarra eman eta ezkutuan dagoen mundua azaleratzen duelako», adierazi du Pratek.

Lehen (H)Ilbeltza ia esperimentu moduan hasi zuten antolatzaileek. «Ez genekien zer izango zen: hitzaldi bat, asteburu bat... Ideia eztandaren ondotik, aste osoko eskaintza osatu genuen», azaldu du Aitziber Zapiainek. Baztanen halako aste bat antolatzea «arriskutsua» ere bazela aitortu du Elurre Iriartek: «Anitzetan erraten dugu literaturak publiko murritza erakar dezakeela. Baina arras hurbileko giroa sortu zen lehen aldi hartan, eta horrek aitzinera egiten lagundu digu».

Hala, astelehenean hasiko den (H)Ilbeltzaren hirugarren aldian, aurreko bi urteetako egiturari eutsiko diote. Urte osoan ibarreanegiten duten Idazleekin solasean irakurle klubean egiten duten bezala, Patxi Larrionen Feriatzaileak liburuaz ariko dira hizketan Elizondoko Arizkunenean, astelehenean. «Oso saio berezia» izango da, Larrion baita 2015ean abiatutako proiektuan «itsu-itsuan» sinetsi zutenetako bat. «Abiatzekotan ginela, literatura munduko hainbat lagunekin jarri ginen harremanetan. Jon Alonsorekin batera, biek hasmentan bulkaldi bat eman ziguten», azaldu du Pratek.

Lehen aldi hartan, Alonso bera arduratu zen nobela beltzaren nondik norakoak finkatzeaz. Han azaldu zuen eskuina nola saiatu den nobela beltza bere irizpideetara erakartzen. Ziurrenik, horregatik ari da zabaltzen nobela beltza eta polizia nobela sinonimo gisara baliatzeko joera. «Hasierako nobela beltzetan, poliziak eta detektibeak talka egiten zuten. Detektibeak jakin nahi duena egia dela, eta poliziak, berriz, bertsio ofiziala», argitu du Pratek. Gaineratu du, polizia eleberrietan sistemari men egiten diotenez, gizartearen estolak azaleratzea ez dela horren ohikoa izaten.

Klasikoei aitortza

Asteazkenean, Gotzon Garateren (Elgoibar, 1934-Bilbo, 2008) oroimenean Migel Angel Elustondoren Beltz guztiak ez dira bele solasaldia izango da Anizko elkartean. Modu horretan, euskal nobela beltzaren aitzindarietako bat izan zenaren sorkuntza ezagutzeko aukera izango da. Garate eta beste idazle batzuen lana aztertuz, urteen joanari esker generoa lantzeko modua «izugarri» aldatu dela ohartu dira (H)Ilbeltzako antolatzaileak. «Arras interesgarria da ohartzea garai bateko idazleek zer-nolako erreparoak zituzten hildakoak agertzeko», azaldu du Iriartek. Hain justu, aldaketa horiek mahai gainean jartzeaz arduratuko da Patziku Perurena. Leitza (Nafarroa) eta inguruetako herrietan azken hirurehun urteetan izandako hilketa bortitzen kronikak batu zituen 2015eko azaroan argitaratu zuen Hilen xarma liburuan.

Historian zehar jazotako gertakizunez gaindi, orainaldiak ere ematen du fikzioa sortzeko aukera. Hain justu, horretaz mintzatuko dira larunbatean Fikziorako argudioak, politikaren trama beltzetik izenburua duen mahai inguruan Iratxe Fresneda eta Gorka Bereziartua kazetariak. Mikel Soto Txalaparta argitaletxeko kidea ariko da moderatzaile modura. Horren ostean, bazkaldu, eta Eneko Aizpuruak, Itxaro Bordak, Miren Gorrotxategik eta Ander Odriozolak 25 minutu izango dituzte bakoitzak bere nobela beltza aurkezteko.

Igandean, goizean ipuin kontaketa antzeztua egingo dute Lekarozen, eta, arratsaldean, Baztango Udalak lagunduta, bertso trama izango da Elizondon. Horrekin amaituko da Baztango nobela beltzaren hirugarren astea. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, edonor joan daiteke prestatutako saioetara. Iaz eginbezala, joaterik ez duenak, (H)Ilbeltzan jazotakoaren berri www.ilbeltza.eus webgunean izan dezake.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.