Shorter eta Hynde, barruan eta kanpoan

The Pretenders eta Wayne Shorter izango dira protagonista nagusiak, gaur, Donostiako 52. Jazzaldian. Ella Fitzgerald oroituko du Deborah Carterrek San Telmon egingo duen saioan

mikel lizarralde
Donostia
2017ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Molde ezohikoa hartu du aurten Donostiako Jazzaldiaren hasierak. Stefan Winterrek idatzi eta zuzendutako ikuskizun musiko-estetikoa agertokirik handienean, Zurriolako hondartzan, aurkezteko aukera izan dute antolatzaileek, eta, horrenbestez, jaialdiaren beraren ohiko hasiera festa, Jazz Band Ball deiturikoa, bigarren egunean egingo dute. Horrek ez du aldatuko Kursaalaren eta hondartzaren inguruan antolatzen duten kontzertu sortaren funtsa, baina, aurten, Kursaaleko auditoriumeko programazioa ere abiatuta egongo da ordurako. Gainera, ez nolanahi, Wayne Shorter saxo jotzaile miretsia (AEB, 1933) izango baita bertako oholtzan bere laukotearekin. Art Blakeyren Jazz Passengers-eko eta Miles Davisen boskoteko kide izandakoa, Weather Report taldea sortu zuen, eta curriculum luze eta bikaina dauka bere bandaren gidari gisa ere. Donostian, Danilo Perez (pianoa), John Patitucci (baxua) eta Brian Blade (bateria) izango ditu oholtzakide.

Baina jazzaldiaren lehenengo egunean sona handiko izarrak izaten dira nagusi, eta aurtengoa ez da salbuespena izango, The Pretenders pop-rock talde ospetsuarentzat izango baita eguneko protagonismo osoa. Chrissie Hynde Donostian bertan izan zen orain dela hiru urte, gaur joko duen agertokitik oso gertu, Kursaaleko kubo handian, baina orduko hartan bere izenpean kaleratutako aurreneko —eta oraingoz azkeneko— diskoa zekarren besapean: Stockholm. Oraingoan, berriz, The Pretenders eraberritu batzuekin eta lan berri batekin (Alone) dator. Martin Chambers bateria jotzaile eta bere betiko lagunak ondoan segitzen du, eta harekin batera James Walbournek (gitarra), Nick Wilkinsonek (baxua) eta Carwyn Ellisek (teklatuak) osatuko dute Agertoki Berdera 21:00etatik aurrera igoko den boskotea.

Alone The Pretendersen hamargarren diskoa da, eta zortzi urtetan grabatutako lehendabizikoa, eta Dan Auerbach The Black Keys taldeko kidea arduratu da ekoizteaz. Ez da datu hutsala, Auerbachek bere eremura eraman baitu, neurri batean bada ere, The Pretendersen soinua. Gitarrak eta Hynderen ahotsa jarri ditu lehen planoan (Gotta Wait), eta rhythm & blues-soul kutsu nabarmena hartu dute kantuetako askok (Alone gordina, Roadie Man, Never Be Together). Eta, hala ere, tempo ertaineko pieza ugari ere bildu ditu, taldearen azkeneko urteetako ibilbidean egoki txertatzen direnak.

Gaurko kontzertuan, eta ezusteko handirik ez badago behinik behin, disko berriko kantu batzuk joko ditu The Pretendersek, baina taldearen klasiko ugarik ere izango dute lekua: Don't Get Me Wrong, Kid, Hymn to Her, Brass in Pocket, Back on the Chain Gang... eta baita Ray Daviesek The Kinksentzat idatzi baina Hynderen ahotsean ezaguna egin zen Stop Your Sobbing ere.

Hynde eta taldea 21:00etan igoko dira oholtza nagusira, eta, ondoren, disko bakarra izan arren, dezenteko oihartzuna lortu duen musikari batek hartuko die lekukoa: Sir The Baptist-ek. Izen horren atzean ezkutatzen da William James Stokes, Eliza baptistari oso lotutako familia batean hazitako gaztea. Txikitatik bizi izan zuen musika, betiere elizari eta erlijioari lotuta, baina aurten kaleratu du bere lehenengo lan luzea: Saint or Sinner. Lan horretan musika beltzaren mende bateko historiaren oihartzunak ageri dira kantu batean eta bestean: soula, funka, hip hopa... eta Stevie Wonderren itzala oraindik luzea dela ere erakusten du.

Jazzaldia, baina, eguerdian hasiko da, San Telmon, Deborah Carterrek Ella Fitzgeraldi egingo dion omenaldiarekin. Mendea bete da aurten kantaria jaio zela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.