Euskaldunik beltzenak

'Beltzak, juduak eta beste euskaldun batzuk' lana plazaratu du Joxe Azurmendik. Lau saiakera laburren bilduma da, aurretik enkarguz idatzitako hitzaurreena

Joxe Azurmendi idazlea eta pentsalaria, atzo, Donostian, Beltzak, juduak eta beste euskaldun batzuk liburuaren aurkezpenean. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
itziar ugarte irizar
Donostia
2018ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
«Euskal Herrian eztabaida bolada bat egoten da, ahazten da, eta, geroxeago, berriro agertzen da; gauza berarekin gabiltza beti bueltaka». Hala sentitzen du Joxe Azurmendik (Zegama, Gipuzkoa, 1941), idazle eta ibilbide luzeko pentsalariak. Behin baino gehiagotan eskatu izan dizkiote boladan ziren eztabaida gaien gaineko gogoetak, dela liburu baten hitzaurrerako, dela beste baten hitz osterako, eta, hala, azken hamabost urteetan han-hemen idatzitakoetatik abiatuta osatu du Beltzak, juduak eta beste euskaldun batzuk liburua. Elkarrekin argitaratu du, eta, Xabier Mendiguren editorearen arabera, «hitzaurreen bilduma moduko bat» da. «Ez da inondik ere saski-naski bat, baizik eta, Joxek azken dozena bat urteetan idatzi dituen testu polit, zorrotz, esanguratsuenetako batzuk», zehaztu du.

Lau saiakera labur biltzen ditu liburuak. «Azken batean, estaturik ez daukaten nazioen abertzaletasuna, euskaltzaletasuna eta abar dudan jartzen duten moda diferenteak eta modu diferenteak aipatzen dira», laburtu du egileak berak.

Asterixen kasua baliatu du gogoeta garatzeko: «Ia inor ez da ohartzen hori nazionalismo frantsesaren apologia eta irudi perfektua dela, zeren estatuak ezkutatu egiten du nazionalismoa dela. Asterixek eta Obelixek arraza galiarraren dohain eta bertute guztiak haragiztatzen dituzte: beti irabazten dute, eta beti erasotuak dira, nahiz eta Frantziako historia alderantzizkoa den; Frantziak eraso izan dio bere inguru guztiari historian zehar, beste ezein estatuk baino gehiago». Estatuek, hala, gezurrak asmatuz asmatzen dute euren burua, Azurmendiren esanetan. Hortik, Kordobako meskita edo Toledoko sinagoga kultura espainoltzat hartzen direla aipatu du, noiz eta «Espainiak Kordobako meskita eta Toledoko sinagoga sortu dituzten herriak txikitu baino ez dituenean egin». Mitoen gai horri heldu dio Historia ez da ikusten, asmatu egiten da saioan.

Handi-txikien mestizajea

Aurreneko saioa mestizajeari eskaini dio. «Orain gehiago globalizazioa aipatzen da, eta ez da berdin, baina kasik berdin, beti musika bera da; alegia, gure probintzialismoa gainditu egin behar dugula, mendi arteko itxitasunetik urrundu, unibertsaltasunera irten behar dugula. Ez dugula gure euskaratxoan, kulturatxoan, kuskulduta geratu behar. Eta euskalduna ez dago mestizajearen aurka, euskaldunok ez daukagu beste erremediorik mestizatu baino. Baina handiak ez dira inoiz txikiarekin mestizatzen, eta txikiari exijitzen zaio mestizatu dadila handiarekin. Azkenean, arrain handiak txikia irenstea ontzat ematea».

Posizioak nola aldatzen diren ikusteko, mestizajearen adibide «politena» négritude mugimenduarena da Azurmendirentzat. Hura erabili du: «Kolonia afrikarretako poeta beltzak frantsesez idazten hasten dira, eta Frantzia zale ikaragarriak dira. Afrikako basa lurretatik atera dira Parisera, eta beraientzat izugarrizko progresoa da mestizajea». Parisen egundoko arrakasta dute, gainera, sorterriko hizkuntzan idatzita izango ez zutena. Azurmendik: «Honek niri Unamuno gogoraratzen dit». Hori Lehen Mundu Gerraren ondoren izan zen, baina, Bigarren Mundu Gerran, alemanen okupaziotik salbatzeko Frantziak Afrikako beltzengana jo zuen berriro. «Orain beltzek ez dute poesia egiten, baizik eta armak hartu, eta Frantzia salbatu. Gero, Parisen egingo dira militarren desfileak, eta desfileetan eta eskerretan ez dago beltzik. Sekulako desengainua larru eta odol beltza arriskatu dutenentzat. Orain négritude-a antifrantsesa da».

Bigarren saioan, Juduaren ispiluan euskaldun bat ikusten da deiturikoan, «herri kolonizatuen ezaugarriak» dira ardatz. Judu identitateari uko egin dioten bi gizon eta bi «euskaldun edo euskotar» ispilu berean jartzen ditu egileak, herri zapalduek izan duten «autogorrotorako» joera seinalatzeko. Benjamin Disrael eta Karl Marx dira ispiluan jarritako juduak. Azken hori, «autogorroto juduaren eredu» izan da Azurmendirentzat; bere naziotasun judua ukatuta, «nazio handian asimilatu» zelarik, eta hori unibertsaltasunera pasatzea bezala ulertu zuelarik. Marxen arabera,ez zen inoiz «arazo judurik» izan, judurik ez zegoelako. «Harentzat, judu bakoitzak ez dauka zer ikusirik aldameneko juduarekin. Alegia, estatuaren aurrean, indibiduoa besterik ez dago, ez dago komunitaterik. Eta holakoak hemen ere askotxo entzun ditugu: Euskal Herriaren eskubiderik ez dago ez dagoelako Euskal Herririk, eskubideak indibidualak dira...». Logika horretan, holokausto judurik ezin dela ulertu dio idazleak, ezpada pertsona horiek banaka erraustea.XVIII-XIV. mendetik Moses Mendelsson juduaren figura ere nabarmendu du. «Mestizajearen eredua da: bere nazionalitateari eutsi, landu, eta bestearen kultura handian ere oso etxekoa dena».

Azken saioaren (Espainola izateaz) azalpena galdera batekin hasi du: «Zuek espainolak zarete?». Eta segidan: «Ez erantzun, mesedez. Baina galdera hori hainbestetan egin zaigu, zer, azkenean, erantzun behar da. Nik ezetz erantzuten dut, puntu. Baina galdera hor dago, eta erantzun bat bilatu beharra ere bai. Hortaz dihardu azken idatziak».

Gogoeta sare horretatik dator Beltzak, juduak eta beste euskaldun batzuk-en izenburua. Beltzez eta juduez ari denean, euskaldunez ari baita Azurmendi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.