Udako gau bero baten kronika

Schimmelpfenningek idatzitako 'Gau arabiarra' antzezlana estreinatuko dute larunbatean, Donostian.Hika, Kabia Teatroa eta Pabellon 6 taldeen artean sortu dute emankizuna

Martxelo Rubio, Ramon Agirre eta Kandido Uranga, Gau arabiarra antzezlanaren pasarteetako batean. BERRIA.
K Saioa Alkaiza(h)
2015eko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Sargori dago. Bero. Eguna iluntze bihurtzen den unea heldu da. Gau arabiarra da. Orduan, inkontzientearen eta errealitatearen mugak nahasten hasten dira. Egunerokotasunak surrealismoari ematen dio bide. Eta eraikin batean dauden bost pertsonaiaren bizitzak nahasten hasten dira. Bost istorio; bost hari narratibo, eta, aldi berean, kontakizun bakarra. Tartean, gaur egungo loti eder bat eta ernatu nahi duten hiru pertsona. Haiekin batera, gizatasuna. Barne korapiloak, desioak eta izuak. Hori da Gau arabiarra antzezlanak aurkeztutako proposamena. Roland Schimmelpfenningen obra oinarri, gaztelerazko bertsioa estreinatu zuten aurretik Hika, Kabia Teatroa eta Pabellon 6 taldeek. Orain, euskarazkoa aurkeztu dute: larunbatean emango dute, Donostiako Gasteszenan, dFeriaren barruan.

Zuzendaritza hirukoitza izan du espektakuluak: Borja Ruizek (Kabia), Laia Ricartek (freelance) eta Agurtzane Intxaurragak (Hika Teatroa) gidatu dute. Emaitza: «Ikuskizun bitxia, dramaturgia berezia». Halaxe azaldu du Intxaurragak. Eta atzera begira jarri da, zailtasunak gogoan. «Ez da ohiko testua, oso zaila da». Asmatu egin dute, dena dela. Hori deritzo Ricartek. «Oso kontent gaude emaitzarekin». Obraren konplexutasun horren adierazle, Intxaurragaren definizioa. «Mestizajearen antzerkia da».

Muntaketa bera ere korapilatsua izan da, konpainia berberak izanagatik, ez baitira berdinak gaztelerazko eta euskarazko emankizunak; antzezle talde bana izan du ekoizpen bakoitzak. Euskarazkoan, izen ezagunak hautatu dituzte oholtzan egongo diren bost pertsonaiak gorpuzteko, haien azalean sartzeko. Kandido Uranga, Ramon Agirre, Ainhoa Aierbe, Martxelo Rubio eta Ane Pikaza (gaztelaniazkoan ere hartzen du parte). Haiek harilkatu dituzte azpitramak. «Bost istorioa daude, eta denak aldi berean», dio Intxaurragak. Hortxe rolak jokatu dituztenei eskatutako zeregina, erritmo bizian aritzea eta elkarlanean. Koordinazioa izan da giltzarria, beraz. Elkarlana.

Ez dira, baina, bakarrik egongo oholtza gainean. Iker Bergara beatboxer-ak lagunduko die, soinuak egiten, unean uneko atmosfera musikala bere gorputza erabiliz osatuz. Hala, une batean igogailuaren hotsa egingo du, eskailerak jaisterakoan urratsen soinuak edo ateen danbatekoak, besteak beste.

Esker hitzak baino ez ditu ahoratu Intxaurragak antzezleentzat eta Bergararentzat, nork bere lana besteenarekin txertatzeko orduan lortutakoarengatik. «Sinfonia bat da. Bakoitzak bere notak, akordeak, isiluneak... behar den momentuan egin behar ditu; bestela tonutik at ibiliko lirateke». Ez da horrela izan. Tonua ez da gozakaiztu, eta sinfonia berean aritu dira denak, sinergiaz. Bat eginda.

Pertsonaiak, ertzez ertz

Frantziskaren (Ana Pikaza) bizitzak bideratzen du obra. Txikitan bahitu zuten, eta geroztik, iragana ahantzita dauka; horregatik, ez daki iraganean printzesa arabiarra izan zela eta maldizio baten eraginpean bizi dela. Orain, memoriak huts egin ostean, errutinak baino ez dio aterpe ematen. Eraikin batean bizi da, eta arruntasunean pasatzen dira egunak. Istorioan, arratsaldero gisa dutxatu eta gero, Fatima pisukidearekin solas egin, eta sofan lo hartuko du. Une horretan, gertu bizi diren hiru gizon bertaratuko dira, loti eder garaikidea ernatzeko asmoz. Horixe trama.

«Antzezteko ia-ia zirujau baten prezisioa behar izan dugu». Hitzok ahoskatu ditu Rubio antzezleak, egindako entseguak gogoan, zuzendariaren ustearekin bat eginda. Milimetroz milimetro neurtu dituzte pertsonaia bakoitzaren ertzak. Bera Karpati izan da obran. Frantziska bere onera ekarri nahi duen lagunetako bat.

Frantziskaren rola, aldiz, Pikazak jokatuko du. Hein batean, protagonista izango da. Berak badu esperientzia pertsonaiarekin jendaurrean ere: gaztelerazko obran aritu da aurretik, eta «murgilduta» dago Gau arabiarra-n. «Oso aberasgarria izan da bietan parte hartzea. Paraleloki joan dira biak».

Eta Aierbe Fatimaren gorputzean sartuko da, Frantziskarekin batera beste mundu batera salto egiten duen pertsonaia. «Obrak bidaia bat egiten du aktorearengan; bide ederra: guretzat eta ikuslearentzat ere bai».

Frantziskaren mutil-lagun Kalil pertsonaia Ramon Agirrek interpretatuko du. Antzezleak Gau arabiarra-ren mamia goraipatu du aurkezpen prentsaurrekoan. «Berria da antzezteko modua. Hemen ausardia izan dute sortzaileek. Halako gauza berritzailea... eta gu horretan sartu gara».

Azkenik, Lomeier izango da Kandido Uranga, protagonistaren bueltan dabilen beste gizonetako bat. Ikuskizunaren ekoizpena laudatu du aktoreak, emaitza goraipatuz, eta egindako lanarekin konforme. «Sekulako ikuskizuna da. Eskarmentuz diot. Uste dut bagarela nor halako zerbait esateko, nahiz eta barruan egon».

GAU ARABIARRA

Non: Donostiako Gazteszena aretoan.

Noiz: Larunbatean eta igandean, 20:00ean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.